2021/01/30

Armintxe eta Otoio

Gorriz, gaur miatutako zona.

 210130: Oier.

Gardatako Sakona (Armintxe) ikustaldia, eta Otoio S aldean prospekzioa.

Plana Kurpitzeta, Astozurije eta Jentilkoba haitzuloek osatzen duten hirukiaren arteko gunean bueltatxo bat ematea izan da. Halere, haranzko bidean deigarria egin zait Gardatako Sakonetik behera zetorren urjarioa, eta une batez jaitsi naiz, ikustaldi interesgarria eginez.

(...)

Bistan da, gaur jasotako datuok -orain arte bildutako guztiekin batera- Armintxe barruan lanean ari diren Foru Aldundiko profesionalen esku daude; nahikoa dute amateur hauei eskatzea.

Ostean jazo den zaparrada erraldoitik nola-hala babestu ostean, nire bidea jarraitu dut: Zatikara, eta Lamiñotegi ingurutik mendi bizkarreraino; goian, ehiztarien postuetatik hasi eta SWra jo dut, Otoioko Jentilkoba aldera. Erdi bidean NW aldera eginda, Santa Marina tontorraren eta ehiztari postuen arteko basotik zehar ibilbide zirkularra egin dut. Leku ikusgarria, hobeto begiratzea merezi duena (nahiz eta seguru nagoen Xabik jada aztertua duela; baina horrelakoetan sekula ezin da jakin... nahikoa da bi metro harantzago pasatzea, leize bat ez ikusteko). Emaitzei dagokionez, nire ohiko aurkikuntza ratioa mantendu dut (0); halere, pozik aritu naiz.

Izan ere, aurreko baten ere esan nuen, Javik emandako GIS ikastaroaren materialaren erabilpen rudimentario bat egiten hasi naiz; honek, besteak beste, mapa baten gainean gure katalogoko kobak kokatzea ahalbidetzen dit. Hau niretako aurrerakuntza handia da, prospekzio jarduna askoz ere erakargarriagoa egiten duelako: ez baita berdina basoan noraezean galduta ibiltzea (non zauden, eta nora zoazen jakin barik) edo mapa baten gainean, zure burua kokatuta, eta interesatzen zaizkizun lekuetara bideratuz. Bistan denez, taldekideek ederki menperatzen dute hau guzti hau, baina nik -boluntarioki- ez nuen bere garaian ikastaroetan parte hartu, beste speleo gauzekin nahikoa nuelako, eta banekielako gauza hauek oso bizkor aurreratzen direla, eta duela 5 urte ikasitakoak ezer gutxi balio duela gaur egun. Aurten arte; jada, lurrazalean gero eta gehiago ibiltzeko esperantza dudanez, GIS munduan sartzea merezi duela ikusi dudalako. Zentzu horretan, mendian ibiltzeko GPS eta mapak manejatzeko ganorazko gailu bat erosteko unea iritsi dela erabaki dut; eta gure jakitunei aholkua eskatzea tokatzen zait, software eta ezaugarri minimoak zeintzuk izan behar diren jakitzeko behintzat.

2021/01/28

Juan Laredo

Juan Laredo. Irudixa: lakasta.blogspot.com

 210128: Oier.

Bere kontaktua Peio Ruiz de Arkautek pasau zestan oin dala urte ta erdi, baiña gauza batekin eta bestiakin, eta azkenian Covid19 pandemixiakin, nahi baiño gehixago luzatu jata. Nahikua dala iritzitta, ez bat eta ez bi: telefonoz hitzordua lotu dogu eta ixa ordubetez izan naiz Juan Antonio Laredokin, 1953 eta 1958 artian Aranzadiko Espeleologia Saillan jardundakua. Ibilbide motza (bere belaunaldiko espeleologo gehixenak legez) baiña kanpaina garrantzitsuetan parte hartzia ahalbidetu zetsana: Aitzbeltz (prestaketak 1954 eta jaitsiera 1955) edo Katabera esate baterako. Izan be, Juanen betiko ezaugarrixa izan da forma fisiko ona (baitta oin be, 85 urterekin!) eta hori ezinbestekua zan leza sakonak esplorau ahal izateko zurubixen teknikian sasoian. Elosegi, Ondarra, Menaia, Arkaute, Leibar eta orduko kidiekin bizi izandako bizipen asko kontau destaz Laredok, adeittasun haundiz; ea egoera epidemiologikua pixkat hobetzen danian Donostian biltzeko eta aurrez aurre ezagutzeko aukeria dakagun. Eskerrikasko Juan!

2021/01/23

Lumentza iparraldian

210123: Urtzi, Oier.


 Lumentza N aldeko IS-087 zuluan desob. Xabierrek bere garaian hasi eta lagatako zulua lokalizatzia pixkat kostau jaku, baiña 20 miñittu artadixan gora eta behera ibillitta lokalizau dogu. Bertan, Urtzik gogoratzen zebana baiño harri gehixago topau dogu (Xabierrek berak, edo besteren batek botata, biharra lagatakuan). Harek kendu eta gero, Urtzi potzu nagusixan ondoko ganbaratxora sartu da; jarraipen argirik bakua, eta norabide txarrian (kanpora). Goiko galerixiakin bat egitten dabela konprobau dogu, hori bai. Beste aldian, mendi barrurutz, jarraipena egon leikian lekurutz zuzendu doguz biharrak. Kadenetan, handik goiko maillara eta hortik kanpora bota doguzen harrixak ez dira asko izan (700 bat kg bloke dezimetrikotan), baiña bai nahikua guk be Xabierren etsipenez kutsatzeko, eta eurixa hasi baiño lehen (11:00etarako emonda zeguan) biharra amaitzeko. Laga dogun modura, harri txintxar zentimetrikuak kentzen jarraittu leike, baiña hobe kubo baten laguntzaz. Eta -achtung- nik haize korriente leun-leuna, Beaufort-Etxebarria 1/2 gradukua, somatzen neban harrixon artian. Ez da lehentasunezko biharra, bistan da (lehenago juango nintzake ni Kabauan dakaguzenak begiratzera) baiña, besterik ezian, ez da plan txarra goiza pasatzeko.

PD: gaurko zulua katalogauta dagon konprobatzian, konturatu naiz Garratxa IIxan (gero ikusi doguna Urtzi, ardixak egoten dirazena) argazkirik ez dakagula. hurrengorako ia gogoratzen garan.

Gero, kataloguan errore bat genkala konturatu naiz: gaur Urtzik  mobillakin zulo honetan hartutako koordenadak gure katalogoko IS-087-ren koordenadekin bat datoz (...). BAIÑA nere ordenadorian begiratuta, IS-087-ren topoa, argazkixa eta fitxa ez nekazen gaurko kobazuluanak! Mendixan SE aldian dagon IS-022 Garratxa IVkuak baiño. Gotzoni jakinarazitta, eta zuzenduta.

2021/01/11

Kastillozar


210110: Antua, Javi, Oier.

Mandoia. Domeka goiza libre, gure adituekin zona interesgarri honetan egindako ibillaldixan parte hartu dot. Oinguan, Lekubasotik igo gara eta, urtegixan inguruan, Kastillozar mendixan alde bixetatik datozen uren jatorrixak miatzen ibilli gara, kanpo aldetik.

Ulertu dotenangaittik, Aptiar eta Albiar arteko transito gunian ibilli gara (kareharri mota desbardin biren arteko kontaktuan). Lehelengo urtegixan bertan dagon itturri sulfurosua ikusi dogu. Gero, Kastillozar eskumatik datorren ubidian gora egin dogu, ubegiren bat lokalizau nahixan; baiña momentu batetik aurrera txariak bidia itxi desku; atzera jaitsi eta, Kastillozar ezkerretik gora, ustez antxiñako bainuetxekuak dirazen aztarnak ikuskatu doguz: horma bat, aska bi, eta jatorri argirik ez dakan errekasto sulfurosua; eta bidian gora segiduta, azken eukalipto landaketen ostian oso aldatuta geratu dan eremuan, "tobera" baten gora eginda, beste ubegixa lokalizau dogu, gaurkuan beherengua baiño ez zekan isurbide multiplia. Handik metro gitxira, katalogau bako kuebatxo bat lokalizau dogu: Antua sartu da eta, nahiz eta haize korrienterik bape izan ez, jarraipena euki badaka, eta desob lana egittia mereziko dau, beheko ubegixan galerixiari "pintxazua" egitteko aukeria ikusteko. Goixan dagon atxerixia be, miaketa sakonagua egitteko modukua da.

Azkenik, beherutzko bidian, errekan bestekaldian dagon meazulo baten ikustalditxo bat egin dogu. Antua 20-25 bat m barneratu da; adar pare bat eta haize korriente nabarmena dago (seguraski handik metro batzutara dagozen beste meazulo batekin konektatzen dau); halako zuluetan ohikua dan legez, ur asko dago eta esploraziño-topua neoprenozko jantzixekin egin beharko da, eta ahal bada EVE-kin koordinaziñuan, emaitzak konpartitzeko bada be (interesauko jakela pentsau nahi dogu).

 



2021/01/01

Ioannes Olençero Hatchourcoulou-ren olaren bila


 2020/12/31  Zutoia, Santi

Taldeko hainbat kide Lezateko kobara abiatu dira gaur Gabonzahar ospatzera, baina pandemiak ez zuen gomendatzen jende gehiegi han biltzea eta Zutoia eta biok beste puntu baterako txangoa egitea erabaki dugu, Muruetako haitzetan dagoen Atxurkuluko leizera, hain zuzen.

Aspalditik neukan gogoa hara joateko eta paraje hartan apur bat arakatzeko, antzinako kontu batek jakin-min handia sortzen zidalako.  Gogoratzen dut nola Artola erreka hegalean dagoen Txukurriagako errotako maiorrak aspaldian liburu oso zahar bat erakutsi zidala. Eta honelako kontu bat zekarren: antzina Busturia, Murueta eta Foruako errotari guztiek Ioannes Olençero izeneko behargin bati egiten ziotela haien bolunak konpontzeko enkargua, beste inork ezagutzen ez zituen tresna miresgarriekin eta metal gai oso bereziekin lan egiten zuelako. Ioannes hori  Muruetako haitzetako artaditik etortzen omen zen, eta ba omen zeukan hango haitzulo ezkutu batean gailuak lantzeko ola edo fabrika. Liburuan esaten zen, baita ere, olaren jabea bere ama zela, Marie Dominique Hatchourcoulou izeneko emakume bat. Dirudienez, lantegia martxan jartzeko ardura nagusia amak hartzen omen zuen, Ioannes parrandan ibiltzen baitzen maizegi.

Urte batzuk geroago, ADES taldekoek Atxurkuluko leizeak esploratu zituzten. Izen honen jatorriari buruz gogoetak eginez, beti egon naiz pentsatzen ea nondik zetorren Atxurkulu izen hori: Izan ote zezakeen inolako loturarik maiorraren liburuan agertzen zen Marie Dominique Hatchourcoulou izenarekin? Ala lekua berak zituen ezaugarriengatik zen?


                                                      Atxurkuluko leizean

Izan ere, koba horiek haitz-urkulu edo haitz tarte luze batean zabaltzen dira, V itxura duen inguru batean. Espeleologo adituek hauxe diote, bitarte hori antzinako galeria handi baten arrastoa dela. Paleogaleria zaharraren ia tetxu osoa kolapsatuta erori egin zen, eta hondoratzeak utzitako aztarna da oraingo haitz-urkulu hori. Leizeak eta kobak justu tetxua erori gabe geratu den leku bakanetan agertzen dira.   

Antzinako kontuetan sinisten ibili gabe, logikoagoa dirudi Atxurkulu izenaren azalpena azken hau izatea, baina aurten jasotako informazio batek, zalantza berriak sortu dizkit. Mendiaren barrenean zegoen eta orain erorita dagoen Mallokuko baserrian bizi izandako agure batek kontu bitxi bat aipatu zidan koben bila ibiltzen naizela jakin zuenean. Zera zioen, justu haiek bizi ziren Malloku baserri gaineko haitzean Atxurkulu izeneko paraje bat zegoela, leize zuloz beteta. Eta ohar hau egin zidan:

- Baina ez joan hara!

- Zergatik? esan nion.

Agureak ez zuen azalpenetan luzatu nahi, batzuetan ez zituela gauzak ondo gogoratzen eta, baina zera adierazi zidan:

- Gu umeak ginenean han zarata arraroak entzuten genituen, lurpean makina bat edo antzeko zerbait martxan arituko balitz bezala.

Eskerrak eman nizkion kontu bitxiarengatik eta, bada ezpada, ez nion aipatu urte batzuk lehenago ADES taldekoek hango leizeak esploratu zituztela, ezer berezirik sumatu gabe.

Ordua zen, beraz, inguru hari beste begirada bat eskaintzeko. Gaur egin dugu bide hori: Axbiribileko tontorrera heldu ondoren, gainik gain joan gara hatxerian zabaltzen diren potoetako txaraka zarratuan gora eta behera ekinez. Noiz behinka uso saldoak ikaratzen izan ditugu, eta baita ere basurdeak eta orkatzak.

Beldur apur batez iritsi gara Atxurkuluko paraje hartara. Leizearen aho zabalena alde batera utzita, beste aldean dagoen aho txikiagotik sartu gara biok barrura. Saloi handi bat dauka leizeak barruan.

Isil isilik egon gara han biok zati batean.  Baina ez zen ezer aditzen.

Halako batean, zurrumurru urrun bat sentitu dugu, lurpean makina bat lanean arituko balitz bezala. Baina Zutoiak orduan:

- Hori kanpoko haizeak arte adarrak jotzen dituenean ateratzen duen soinua da.

Baina nik ezetz. Ez da izan hori nire inpresioa. Ikusten nituen koba ahotik kanpoan arbolak mugitzen, baina seguru nago entzuten izan den hotsa lur azpi urrun batetatik zetorrela.

Ea hurrengoan berriro hara joateko eta hango zirrikituak hobeto arakatzeko adorea biltzen dugun.