2020/12/31 Zutoia, Santi
Taldeko hainbat kide Lezateko kobara abiatu dira gaur Gabonzahar ospatzera, baina pandemiak ez zuen gomendatzen jende gehiegi han biltzea eta Zutoia eta biok beste puntu baterako txangoa egitea erabaki dugu, Muruetako haitzetan dagoen Atxurkuluko leizera, hain zuzen.
Aspalditik neukan gogoa hara joateko eta paraje hartan apur bat arakatzeko, antzinako kontu batek jakin-min handia sortzen zidalako. Gogoratzen dut nola Artola erreka hegalean dagoen Txukurriagako errotako maiorrak aspaldian liburu oso zahar bat erakutsi zidala. Eta honelako kontu bat zekarren: antzina Busturia, Murueta eta Foruako errotari guztiek Ioannes Olençero izeneko behargin bati egiten ziotela haien bolunak konpontzeko enkargua, beste inork ezagutzen ez zituen tresna miresgarriekin eta metal gai oso bereziekin lan egiten zuelako. Ioannes hori Muruetako haitzetako artaditik etortzen omen zen, eta ba omen zeukan hango haitzulo ezkutu batean gailuak lantzeko ola edo fabrika. Liburuan esaten zen, baita ere, olaren jabea bere ama zela, Marie Dominique Hatchourcoulou izeneko emakume bat. Dirudienez, lantegia martxan jartzeko ardura nagusia amak hartzen omen zuen, Ioannes parrandan ibiltzen baitzen maizegi.
Urte batzuk geroago, ADES taldekoek Atxurkuluko leizeak esploratu zituzten. Izen honen jatorriari buruz gogoetak eginez, beti egon naiz pentsatzen ea nondik zetorren Atxurkulu izen hori: Izan ote zezakeen inolako loturarik maiorraren liburuan agertzen zen Marie Dominique Hatchourcoulou izenarekin? Ala lekua berak zituen ezaugarriengatik zen?
Atxurkuluko leizean
Izan ere, koba horiek haitz-urkulu edo haitz tarte luze batean zabaltzen dira, V itxura duen inguru batean. Espeleologo adituek hauxe diote, bitarte hori antzinako galeria handi baten arrastoa dela. Paleogaleria zaharraren ia tetxu osoa kolapsatuta erori egin zen, eta hondoratzeak utzitako aztarna da oraingo haitz-urkulu hori. Leizeak eta kobak justu tetxua erori gabe geratu den leku bakanetan agertzen dira.
Antzinako kontuetan sinisten ibili gabe, logikoagoa dirudi Atxurkulu izenaren azalpena azken hau izatea, baina aurten jasotako informazio batek, zalantza berriak sortu dizkit. Mendiaren barrenean zegoen eta orain erorita dagoen Mallokuko baserrian bizi izandako agure batek kontu bitxi bat aipatu zidan koben bila ibiltzen naizela jakin zuenean. Zera zioen, justu haiek bizi ziren Malloku baserri gaineko haitzean Atxurkulu izeneko paraje bat zegoela, leize zuloz beteta. Eta ohar hau egin zidan:
- Baina ez joan hara!
- Zergatik? esan nion.
Agureak ez zuen azalpenetan luzatu nahi, batzuetan ez zituela gauzak ondo gogoratzen eta, baina zera adierazi zidan:
- Gu umeak ginenean han zarata arraroak entzuten genituen, lurpean makina bat edo antzeko zerbait martxan arituko balitz bezala.
Eskerrak eman nizkion kontu bitxiarengatik eta, bada ezpada, ez nion aipatu urte batzuk lehenago ADES taldekoek hango leizeak esploratu zituztela, ezer berezirik sumatu gabe.
Ordua zen, beraz, inguru hari beste begirada bat eskaintzeko. Gaur egin dugu bide hori: Axbiribileko tontorrera heldu ondoren, gainik gain joan gara hatxerian zabaltzen diren potoetako txaraka zarratuan gora eta behera ekinez. Noiz behinka uso saldoak ikaratzen izan ditugu, eta baita ere basurdeak eta orkatzak.
Beldur apur batez iritsi gara Atxurkuluko paraje hartara. Leizearen aho zabalena alde batera utzita, beste aldean dagoen aho txikiagotik sartu gara biok barrura. Saloi handi bat dauka leizeak barruan.
Isil isilik egon gara han biok zati batean. Baina ez zen ezer aditzen.
Halako batean, zurrumurru urrun bat sentitu dugu, lurpean makina bat lanean arituko balitz bezala. Baina Zutoiak orduan:
- Hori kanpoko haizeak arte adarrak jotzen dituenean ateratzen duen soinua da.
Baina nik ezetz. Ez da izan hori nire inpresioa. Ikusten nituen koba ahotik kanpoan arbolak mugitzen, baina seguru nago entzuten izan den hotsa lur azpi urrun batetatik zetorrela.
Ea hurrengoan berriro hara joateko eta hango zirrikituak hobeto arakatzeko adorea biltzen dugun.
No hay comentarios:
Publicar un comentario