2022/01/29

Ixedu

Dronarekin piñata-jolasa egin nahi nuen, baina ez didate laga.

220129: Jose (Haitzulo), Javi, Oskar F, Antua, Oier.

Mandoia (Lemoa). Javiren "furixada" aprobetxaturik, karst honen azterketarekin aurreratzeko beste saio bat egin dugu, bertan aritzen den Haitzulo espeleologia taldeko Joseren laguntzarekin. Haren ezagutzak batetik, eta obserbazio zuzenak bestetik, mendien egitura geologikoaren detaileak jasotzea ahalbidetu digu, oraingoan Ixedu mendiaren inguruan.

Sasiekin borrokan, basurdeen bideetatik barrena, argi geratu da lidar irudiek eta GIS sistemek prospekzioa nola errazten duten. Lehendik ezagutzen ziren zulo batzuk geokokatzeaz gain, horrela lokalizatutako paraje batean zulo puzkari ikusgarri berri bat aurkitu dugu! (5/10 Beaufort-Etxebarria). Desobstrukzio ez oso zail batekin sar daiteke, eta karstaren kanpo lana amaitu eta gero esploratu eta topografiatu beharreko zuloen zerrendan ondo apuntatua geratu da.

Nik neure aldetik, OruxMaps eta tracken rudimentoak ezagutzeko ederki baliatu dut eguna. Gero jakin dugunez, talde berantiar batek ADESen terruñoan ere egin du zerbait! Iluntzartik irudi ederrak bidali dizkigute, laino-itsasoan ateratzen zen uharte batean bezala; emango dute egindakoaren berri haiek ere.

2022/01/22

Mandoia eta Zubiburua


 

220122: Javi, Antua, Oier.

Mandoian; gaurkoan, Lemoako lurretan (uste dut) karst txiki honen karakterizazioan hainbat detaile hartu beharra zegoen, eta 3,1 kmtako ibilaldia egin dugu (nire OruxMaps berri flamanteak esan dit), basurdeen bide eta sasi artetik, noski, Javik eta Antuak kareharriaren mugen eta distribuzioaren zuzenketak egiten ari zirela, mapa gainean. Nik neuk, nahikoa izan dut haien atzetik batzuetan (paisaia ikusten) eta aurretik bestetan (sasi-bideak irekitzen) ibiltzearekin. Eta lekuaren edertasunaz gozatzearekin.

Gero, haiek beste sektore batean lan berean aritzera joan diren bitartean, nik Lekeitiora egin dut, Zubiburuan egin beharra zegoen saguzarren neguko ikustaldia egiteko. Ikustaldiaren emaitzak:

  • Sarrerako lehen galerian, 5 saguzar. Tamainarengatik Rh. hipposideros (lozorro totalean zeuden; ez ditut molestatu nahi izan argazki edo mikrofonoarekin). Lehenengo katazulotik aurrera, ez dut bakar bat ere ikusi.

  • (...)ren gauzak daude: sarrerako gelan, 5 zaku zabor (...). 3 termometro Hobo (sarrerako galerian 2, lehenengo trepadan beste 1). Eta osteko destrepean, soka 1 (kendu egin dut, eta zabor zakuen gainean utzi).

Espero dezagun gure ikerlari prestuek ez dezatela poltsa horiek eramatea ahaztu. Hurrengo laginketan (maiatzean) ikusiko dugu. Grazia izango bailuke, ez-dakit-nongo Institutuari eta ba-dakit-nongo Unibertsitateari abisatu behar izatea, zer eta haien kide batzuek zaborra erretiratu dezaten!

2022/01/16

UB-063, neguko ikustaldia


220116: Ibon, Evaristo, Oier.

UB-063 (...) neguko saguzar ikustaldian. Ohi bezala, auzoko espeleologoak gonbidatu ditugu eta oraingoan Evaristo Rodriguez Rábano ospetsuak lagundu gaitu, Elgoibarko Morkaiko-Leizarpe taldekoa. 

Iaz ez genuen ikustaldirik egin; izan ere, populazioa egonkorra dela ikusi dugunez, ez dugu ezinbestekoa ikusten urtero-urtero-urtero etortzea. Halere, JEEL-ekoek interesa erakutsi digutenez, aurten bai etorri gara.

Oro har, dena ondo dago; duela urte bi ipinitako karteltxoak hor dirau, eta jendeak leizea errespetatzen duela ematen du. Animaliak ere, beti bezalatsu aurkitu ditugu kopuru aldetik; lekuz aldatuta, hori bai. 2019an eta 2020an HM galerian zegoen kolonia, oraingoan IE galerian aurkitu dugu: erdi aldean, eta lozorro sakonean (orain arte otsailetan etorri gara, eta aktibatzen hasiak zeuden). Gutxi batzuk kantu egin digute halere, eta 75-80 kHz neurtu ditugu (Rh. ferrumequinum beraz). Argazkirik ez dugu hartu, bideo txiki bat bakarrik; eta topoan saguzarren kokapen zehatza markatu dugu.

Pare bat urte barru arte, lagun iletsuak! Eta eskerrik asko zure laguntzarengatik, Evaristo; urte askotarako.