Mostrando entradas con la etiqueta atxabiribil. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta atxabiribil. Mostrar todas las entradas

2024/11/03

Labarrak, Atxabiribil eta Lumentza (Lekeitio-Forua)


 Asteburu luze honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu.

Batetik, espeleourpekariek Lekeitioko itsaslabarren barrenetan lan egin dute, zehazki Kabaua eta Lezeta izeneko parajeen artean hormen ur azpiko tarteak errebisatuz, eta espeleologikoki interesekoak izan daitezkeenak ikuskatuz. 

Beste batzuk Foruko Atxabiribil mendian aritu gara prospekzioan. Lan mota hau behar-beharrezkoa dugu espeleologook, izan ere, Urdaibai eta Lea-Artibaien ugariak diren artadi itxietan kobazulo nagusiak ezagutzen dira, baina ohikoa da baso itxian harpe ezezagunak egotea. Haiek aurkitzeko, ezinbestekoa da bidezidorretatik irten eta txaratik zehar trantsektuak egitea; esplorazio gogorra da, gehienetan emaitzarik gabea, baina askotan balio izan diguna leize ezezagunak aurkitzeko.

Azkenik, beste talde bat Lekeitioko Lumentza mendiko kobazulo bat desobstruitzen aritu da. Herrian bertan dagoen mendi hau, Aintzinarotik oso humanizatua, karstikoa da goitik behera eta ADESek dozenaka zulo ditu katalogatuak bertan. Haietako asko, urteetan gizakiak nekazari eta abeltzantzan egin duen aktibitatearen ondorioz, harriz eta lurrez artifizialki estaliak daude.

2023/01/21

Atxabiribil eta Armintxe


 230121: Santi, Antua, Gotzon, Oier.

Foru-Muruetako Atxabiribil mendixan, erreferentzia batzuk errebisatzen. Ni neu galdu xamar ibilli naiz, aitzindarixen pausua jarraitziakin nahikua nekan, ezin dot detalle haundirik emon. Helburu nagusixa zan zulotxo bat desobstruitzera sartu dira bestiak, nik sarrerako tamañua hartu eta kanpuan gelditzia erabagi dot (hotza!). Barruko biharrak ez dabe askorako emon eta, gehixenetan gertatzen dan modura, estuasunan ostian ez da jarraipen haundirik egon; baiña inkognita bat gitxiago! Edozelan be, mendikada politta oso paraje eder eta ezezagunian, Goikoetxe gogoangarrixan kabezeretan.

Esango dogu, baitta be, juan dan egunetako denporale eta eurixetan Armintxen (Lekeitio) egin dogun jarraipena amaittutzat emon dogula gaur. Gauza pare bat nabarmentzeko modukuak diraz:
    • Trop pleina 24 ordu baiño gehixagoz aktibo egon da; 2016ttik ufalak monitorizatzen gabizenetik, grabauak ez dira sekulan hainbeste denporaz egon ur lokaztuan azpixan.
    • Hamen iragarri legez, 2019an plantautako "monolituak", uran urtenbidia erreztu barik, oztopatu egin dau. Seiñalerik argixena, urak monolituan eskuma aldian urtenbide barri bat zabaltzen diharduala da: lehelengo zulua 2020ko urrixan zabaldu zan (eta "lumbreraren" batek tapau egin zeban); oingo episodixuan, barriz, urak zulo hori bakarrik ez; gaiñera 6 m2 inguruko trintxera barrixa zabaldu dau.

Betiko moduan, ikustaldixan detalle zehatzak (urt 13tik 21ra arte, 17 neurketa) gure errejistruan gorde doguz, eta iñor iñoiz Armintxeko grabauen higaduria eta suntsipena behingoz gelditzeko biharrian hasten bada, berakin gustura partekatuko doguz.