Mostrando entradas con la etiqueta eukaliptoak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta eukaliptoak. Mostrar todas las entradas

2021/05/18

Espeleologoak eukalipto artean (4): kanpainek eta txostenek baserritarrengan duten efektua

2021-5-18 Santi

Sarritan agertzen dira komunikabideetan eukaliptoak ingurunera dakarren eragin txarrari buruzko informazioak eta txostenak. Agian, espero dugu horiek eukaliptoaren aurkako efektua sortzea baserritar eta jabe txikiengan, eta izan liteke kasu gutxi batzuetan horrela gertatzea. Hala ere, behin baino gehiagotan informazio horiek lortzen dutena justu kontrakoa izaten da.

Eukaliptoaren aurka egiten diren kanpainetan errepikatzen den gauza bat hauxe da:

Eukaliptoak Australiara!

Lea-Artibaiko baserritar  batekin egin nuen behin topo, leize bila ari nintzela. Gizona lanean ari zen bere eukaliptoen basoan, etxerako egurra egiten. Kobazuloak arakatzen ari nintzela jakin zuenean harritu egin zen, eta gauza bat eta besteari buruzko berbalditxoa izan nuen berarekin. Horrela jakin nuen Australian zenbait urte egindakoa zela, eta konparazio hau egitea bururatu zitzaidan, grazia (txar) antzeko bat jaurtikitzeko:

Orduen hemen be Australiako moduen egongo zara, eukaliptoan artien!

Berak oso modu onean hartu zidan komentarioa:

Ba bai, han be eukalipto artien ibiltxen nintzen bierrien

Nahiz eta Australian oso gogor lan egin behar izan –azukrea egiteko kainaberak ebakitzen eta antzeko zereginetan ibilitakoa omen zen-, herrialde hartan bizi izandako urteen oroitzapen onak zituen, eta ikusten zen hemen ere oso gustura sentitzen zela lurralde hura gogoratzen zioten zuhaitzen artean.

Azkenaldian txosten sakonak agertu dira eukaliptoaren efektu pozoitsuak azpimarratuz. Horiek kaletarren iritziak are gehiago indartzeko balio izango dute, baina ezin da espero baserritarren ikuspegia zipitzik ere aldatzerik. Behin hauxe entzun nion eukaliptoak landatuta zeuzkan Urdaibaiko baserritar bati:

Eukaliptoa beneno hutse da!

Bazekienez ni apur bat ekologista naizela, uste nuen adarra jotzen ari zitzaidala. Ezin nuen sinistu eukaliptoa landatzeaz damututa egon zitekeenik edo bat-batean ekologisten iritziekin lerratu zenik. Haren benetako arrazoia inondik ere espero ez nuen bidetik zetorren:

Horrexegatik hazten da eukaliptoa hain arin eta indartsu!

Baserritarra harro zegoen bere eukalipto sailaren bilakaeraz, urte oso gutxitan arbola ederrak baitzituen han. Harentzat eukaliptoaren ustezko ezaugarri kaltegarri hori abantaila handia zen, denbora laburrean gorantz luzatzeko gai zelako beste espezie guztiak azpian hartuz edo haiek eliminatuz.

 

                                                Eukaliptoari soka lotuta leize batera jaisten. ADES

Eukaliptoei buruz askotan aipatzen den beste ezaugarri txar bat sua hartzeko duen erraztasuna da. Txostenek esaten dutenez, sukoia den olio mota bat hazten da bere orrietan, eta bere enborreko azala erraz joaten omen da sua hartuta leku batetik bestera suteetan. Gogora ekartzen dira aurreko urteetan Portugal eta Galizian eukaliptoen artean sortutako sute handiak.  Baina guzti honek ez du txintik eragiten baserritar hauen iritzian. Izan ere, eukaliptoak daukan beste kualitate batek, berriro kimatzeak, horrelako kalteak ordezkatzeko balio du. Haiek esaten duten bezala,

Eukaliptoa ezta suen bildur. Barriro be lakinak emoten deuz, len baino indartsuago

Horrela bada, “kaletarrentzat” kaltegarri diren eukaliptoaren ezaugarri guztien alde positiboa ikusten du baserritarrak. Bakarrik akats bat aurkitzen dio:

Lastimie, eukaliptoak ezteu ondo aguantetan hotza

Bestela, haientzat arbola fenomenoa da. Ezin da espero euren iritzia aldatzerik edo beste gauza bat landatzeko konbentzitu daitezkeenik. Beraz, aurreko atalean esan bezala, eukaliptoaren aurka ezer egin nahi duen edonork aukera bakarra dauka: baso saila erosi, eta egoki ikusten duen arbola mota landatu.

2021/05/11

Espeleologoak eukalipto artean (3): baserritarren erreakzioa ekologisten ekintzen aurrean

    2021-5-11 Santi

Ekologisten taldeak erretxazo maila oso altua sortzen du baserritar hauen artean, eta hau hainbat pasadizotan ikusi dut.

Ondoko istorioa aspaldian kontatu zidaten eta, beraz, ez dakit noraino den benetakoa. Lea-Artibaiko baserritar bat eukaliptoen arteko sasiak garbitzen ari omen zen, eta ikusi zuen nola kaletarren talde bat (natura inguruko martxa batean edo) bere sailaren erdiko bidetik zihoala. Ibiltarien arteko hizketan, honelako zerbait entzun omen zuen:

Hau ezin da inola permititu, honelako inguru batean eukaliptoak sartzea

Baserritarrak hartu zuen amorrua hura entzunda hain izan omen zen handia, ibiltari haiek bere terrenotik pasatzen eta berak ebakigailuaz garbi-garbi eginda zeukan bidetik zihoazela, non handik gutxira zerratu egin omen zuen pasoa, eta hauxe zioen kartel bat jarri:

“Vagos, maleantes y ecologistas, fuera!”

Bide hura gehiago batere ez garbitzea erabaki omen zuen. Handik urte pare batera ez zuen hura zarratu beharrik ere izan hain zen trinkoa han hazi zen sasitza. Jakina, ordutik aurrera handik ezin da inor pasatu.

Hala ere, ezagutu ditut arbuio maila handiago eta beldurgarriagoko kasuak. Hau gertatzen da ekologista etsai moduan hartzen denean. Azken denboretan eukaliptoaren inguruan jazotako gertakizun batzuek indartu egin dute joera hau. Bada inguruetan eukaliptoaren aurkako kanpaina egiten ari den jende bat, baso sailetara joan eta eukalipto landareak apurtuz. Baserri eremuak nola funtzionatzen duen jakinda burugabetasun itzela iruditzen zait eta ezin dut imajinatu jende hori ohiko ekologistez osatua egon daitekeenik, baina nork jakin.  Baserritarrentzat erabat ari dago, ekologistak dira. Horrek gehitu egin ditu haien aurkako esaera bortitzak. Esate baterako,

“Ekologistieri taketagaz buruen!”

Kontua da ekintza horiekin beren egileek bilatzen zutenaren erabat aurkako efektua lortzen ari direla. Hainbat baserritarrek amorrua sentitu dute, eta behin baino gehiagotan aurretiaz pentsatuta zutena baino eukalipto gehiago landatzeko erabakia hartu. Lehen ehundaka hektarea eukalipto izango zela kalkulatzen bazen, orain, ekintza horiek direla eta, hainbat gehiago. 

                                        Urdaibaiko koba bat eukaliptoz inguraturik. ADES

Amorruzko sentimendu hori modu askotara azaltzen dute baserritarrek. Eukaliptoak apurtu zizkioten bati hauxe entzun nion:

“Harrapetan badot tiroa emongo deutsat”

Beste behin, baserritar batzuk bazkalondoko sasoian ari ziren kantu-kantuka. Haietako kanta batek karlisten garaiko abesti bat berreskuratzen zuen, letra aldatuta:

Eta tiro eta tiro 

eta tiro baltzari

eta tiro eta tiro

ekologistari

Karlisten garaiko “baltzak” (liberalak) orain ekologista bihurtuta agertzen dira letran. Honek adierazten du eukaliptoen inguruko gertakizunek sututa norainoko giro gaiztoa sortu ahal den baserritarren artean “ekologista” deitzen duten jende horren aurka. 

Zer ondorio atera dezakegu guzti honetatik? Bada hauxe: eukaliptoa ez gehitzeko ahalegina egin nahi duen jendeak ekintza positiboak burutu behar dituela. Adibidez, basoko lurra aspaldiko urteetako merkeen erosi daiteke gaur egun; leku batzuetan 2.000 edo 3.000 eurotan lortu liteke hektarea bat. Interes handia duenak horrelako sail bat hartu dezake, eta nahi duen arbola mota landatu, edo dagoen bezala utzi. Bestela, gai honetan aritzen diren elkarteetan parte har dezake, lan eginez edo diru kopuru bat eskainiz, Urdaibain hainbat hektarea kudeatzen dituen Lurgaian, adibidez.

2021/05/03

Espeleologoak eukalipto artean (2): baserritarrek ekologista nola ikusten duten

     2021-5-3   Santi

Baserritarrek “ekologista” deitzen diote eukaliptoen aurkako iritzia azaltzen duen edonori. Eta modu xume, sinple eta argian adierazten dute horren izaerak haientzat duen kualitate nagusia:

“Ekologistie alperra da”

Beren ustez, hau begien bistako gauza da, inolako frogarik behar ez duena, autoebidentea. “Goizetan eguzkia irteten da” edo “euriak busti egiten du” esaldien pareko errealitate oinarrizko, ukaezin eta aldakaitza.

Hau dela eta, pertsona baten alferkeria norainokoa den adierazteko ohikoa da ekologista batekin alderatzea. Lehenago konparazioak alguazilarekin (udaleko beharginarekin) edo kamineruarekin (Diputazioak bideak zaintzeko kontratatutako langilearekin) egiten ziren, horrela esanez, “alguazilaren txapela baino alferragoa da” edo “kaminerua baino alferragoa”. Orain ekologistak du ohore hori baserritarren artean, baina ez, espero zitekeen bezala, “ekologista bat baino alferragoa” esamoldeaz, beste modu aldrebesago honetara baizik:

“Ixe ekologiste baten besteko alperra da”

Izan ere, haientzat ekologistaren alferkeria neurri gabekoa da, kolosala, gaindiezina. Baserritarren aburuz, ezin da egon ekologista bezain ezer alferrik (are gutxiago hura baino gehiago denik) ez lurrean, ez zeruan ez infernuan. Haien iritziz, ekologistek nahi duten gauza bakarra baserritarrak lan egin dezan da, ondoren beraiek gozatzeko:

“Gure dabie guk bier eitxie eta eurek fotografixek ataratie”

 

                                   Eukaliptoaren sustraiak Urdaibaiko koba baten galerian. Josu Granja. ADES

Alferkeria antologiko honen fama dela eta, ugariak dira baserritarrek ekologistei buruz sortutako istorioak ere, batzuetan oso landuak gainera. Behinola, horrelako istorio bat entzun nuen Urdaibaiko herri batean. Imajina dezagun egoera: baserritar bat goizeko zortzietarako bere basoan hasi da lanean eta ehundaka eukalipto landare sartu ditu eguerdirako. Orduan, lanabesak lepoan hartuta herrirantz jaitsi da eta jende koadrila handi bat, arropa modakoz eta koloretsuz jantzita aurkitu du udalaren lur sailean, ustez landare batzuk sartzen. Bere itxura saskelaz agertu denean, ez dutela begi onez ikusi iruditu zaio. Etxera heldu denerako asmatua du inguruko lagun baserritarrei kontatzeko istorio bat. Iluntzean haiekin bildu da txokoan.

- “Eup! Zenbat ekologista behar dira arbola bat landatzeko?”

- “Zenbat?” erantzun diote.

- “Hasteko, Urdaibaiko ekologista guztiak elkarrekin bilduta ez dira nahikoa. Gutxienez, Bilbotik etorritako beste autobuskada handi bi gehiago behar dira”.

- “Arrazoia!” erantzuten diote.

- “Arte landaretxo bat ekarri dute eta bakarrik haietako batek eraman du aitzurra. Beste guztiek mugikor, argazki eta bideo kamerak ekarri dituzte, egin duten lan ikaragarria jasotzeko. Han egon dira denak, herriko alguazilak gaurko garbi-garbi jarri dien baztertxo batean, eta goiz osoa igaro dute, eguerdirako landarea sartzea justu-justu lortuz”.

- “Jontxo! Nahikoa egin dute!” beste batek.

- “Orduan telebistara bidali dituzte jasotako irudiak eta arratsaldeko teleberrian agertu da ekologistek burututako ekintzaren albiste sonatua”.

- “Azaina itzela, benetan!” erantzun diote barre algaraka gainerakoek.

Nondik atera ote dute baserritarrek alferkeriaren ideia hau? Bada, daukaten ekologistaren irudia honelakoa da: aldarrika ari zaien sasi-jakintsua, eurek egiten duten guztia gaizki dagoela, eta lursail eta basoetan zer egin behar duten esaten dien aho zabal jasanezina, berak ezertxo ere egin gabe. Inoiz ez dute ikusi izaki hori eskuan aitzur, aizkora, edo motozerra bat hartuta. Haien aburuz ekologistak ez daki edozer egitea zenbat kostatzen den eta, batez ere, baso-lanak zer gogorrak eta neketsuak diren.

2021/04/26

Espeleologoak eukalipto artean (1): kaletarrak versus baserritarrak

  2021-4-26 Santi

Orain arte pinudietan leize bila ibili garen bezala, oso argi ikusten dut datozen urteetan gero eta gehiago espeleologoak eukaliptoen artean arituko garela, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Nahiz eta jende askorentzat, eta batez ere kaletarrentzat, eukaliptoak gaitz bat izan, bere monokultiboak ingurunean izan ditzakeen kalteengatik, egoera hau ekidin ezina izango da. Munduan (eta Euskal Herrian ere) ekonomiak agintzen du, eta eukaliptoa izanik lurjabeentzat nolabaiteko diru iturri bat, ezerk ez gaitu libratuko errealitate gordin horretatik.

Gaia zenbait ataletan banatuko dut eta, gaurkoarekin hasita, datozen hiru-lau asteetan beste zati bana idatziko dut. Nire asmoa ez da “basoen errealitateak nolakoa izan beharko lukeen” adieraztea, “errealitatea benetan nolakoa izango den” ulertzeko giltza batzuk eskaintzea baizik.

Aipatu beharra daukat, baita ere, zertaz ez naizen arituko, administrazioak egin behar duenaz edo egin dezakeenaz, adibidez. Aldundiak izango du bere baso politika, eta beti esan ahalko da bertako espeziekin landutako basoak ugaritzeko egiten duena baino gehiago egin dezakeela, baina hori ez da lan honen gaia. Ezta ere udalek egin dezaketenari buruzkoa ere.

Zertaz idatziko dut, orduan? “Kaletarren” ikuspegia oso ezaguna da gizartean, iritzi publikoa eukaliptoaren aurkakoa delako, baina gutxitan jakiten da jabe txikiek duten ikuspegia. Azken garaietan hainbat aukera izan dut Urdaibaiko lur-jabe eta baserritarrek nola ikusten duten auzi hau eta eukaliptoen aurka dagoen jendeari buruz zer irudi duten jakiteko. Baserritarrek “ekologistak” deitzen diete jende horri. Gertaera harrigarriak ezagutu ditut, haien pentsakizuna ondo jasotzeko balio dutenak, eta datozen kroniketan horiek xehetzen arituko naiz banan-banan. Izan ere, komeni zaigu espeleologoei zer pentsatzen duten baserritarrek gai honi buruz jakitea, haien terrenoetan ibiltzen garelako. 

                            Espeleologoa eukalipto artean prospektatzen. ADES

Jabeek lehen pinuak sartzen zituzten haien sailetan, eta orain eukaliptoak, batez ere lehenengoetan “gorrinaren” gaixotasuna zabaldu denetik aurrera. Jakina, haiek etekin ekonomikoa bilatzen dute, eta horixe da lan egiteko duten motibazio bakarra. “Baserritarrak” aipatzen ditudanean ez dira baserritar guztiak. Izan ere, haietako asko kaleko jendearen pentsamoldeekin bat datoz eta, beraz, gauza hauei buruzko beste ikuspegi bat daukate. Hemen aipatuko ditudan baserritarrak edo jabe txikiak “genuinoenak” edo tradizionalenak izango dira, horrelako asko geratzen baitira.

Esan dudan bezala, arlo honetan etorkizunari buruz daukadan espektatiba oso ezkorra da. Ez naiz inoiz saiatu baserritar batek pinua edo eukaliptoa ez den beste zerbait landatu dezan. Badakit nola pentsatzen duten, eta ez naiz alferreko lanen zalea. Bai, ordea, ahalegindu naiz ustez naturaren arduraz agertu den jendeak zerbait praktikoa egin dezan. Adibidez, baso sail bat eros dezaten beraiek nahi dutena landatzeko. Baina ez dut lortu inoiz haietako batek sail bat erostea ez landare bakarra sartzea. 

Panorama iluna ikusten dut, beraz, arlo honetan, eta ez naiz disimulatzen saiatuko. Dena eukaliptoz beteko da, inolako erremediorik gabe, madarikazio bibliko bat balitz bezala, aurretiaz pinuarekin gertatu zen modu berdin-berdinean.

Beraz, zertarako idatzi hau? Bada, gertatuko dena are okerragoa izan ez dadin. Ustez naturaren alde egin nahi duen jende batek bere ekintzekin egoera gaiztotu besterik ez du egiten. Horien adibide, azken denboretan basoetan landatuta dauden eukaliptoak hausten aritzen direnak. Ekintza hauek lortzen duten gauza bakarra hauxe da: jabe txikiak erabat haserretzea, eta eukalipto gehiago sartzea. “Ekologista” horiek ezertxo ere ez egitea lortuko balitz, agian, etorkizuneko panorama ez litzateke are gaiztoagoa izango.