2021-5-18 Santi
Sarritan agertzen dira komunikabideetan eukaliptoak ingurunera dakarren eragin txarrari buruzko informazioak eta txostenak. Agian, espero dugu horiek eukaliptoaren aurkako efektua sortzea baserritar eta jabe txikiengan, eta izan liteke kasu gutxi batzuetan horrela gertatzea. Hala ere, behin baino gehiagotan informazio horiek lortzen dutena justu kontrakoa izaten da.
Eukaliptoaren aurka egiten diren kanpainetan errepikatzen den gauza bat hauxe da:
Eukaliptoak Australiara!
Lea-Artibaiko baserritar batekin egin nuen behin topo, leize bila ari nintzela. Gizona lanean ari zen bere eukaliptoen basoan, etxerako egurra egiten. Kobazuloak arakatzen ari nintzela jakin zuenean harritu egin zen, eta gauza bat eta besteari buruzko berbalditxoa izan nuen berarekin. Horrela jakin nuen Australian zenbait urte egindakoa zela, eta konparazio hau egitea bururatu zitzaidan, grazia (txar) antzeko bat jaurtikitzeko:
Orduen hemen be Australiako moduen egongo zara, eukaliptoan artien!
Berak oso modu onean hartu zidan komentarioa:
Ba bai, han be eukalipto artien ibiltxen nintzen bierrien
Nahiz eta Australian
oso gogor lan egin behar izan –azukrea egiteko kainaberak ebakitzen eta antzeko
zereginetan ibilitakoa omen zen-, herrialde hartan bizi izandako urteen
oroitzapen onak zituen, eta ikusten zen hemen ere oso gustura sentitzen zela
lurralde hura gogoratzen zioten zuhaitzen artean.
Azkenaldian txosten sakonak agertu dira eukaliptoaren efektu pozoitsuak azpimarratuz. Horiek kaletarren iritziak are gehiago indartzeko balio izango dute, baina ezin da espero baserritarren ikuspegia zipitzik ere aldatzerik. Behin hauxe entzun nion eukaliptoak landatuta zeuzkan Urdaibaiko baserritar bati:
Eukaliptoa beneno hutse da!
Bazekienez ni apur bat ekologista naizela, uste nuen adarra jotzen ari zitzaidala. Ezin nuen sinistu eukaliptoa landatzeaz damututa egon zitekeenik edo bat-batean ekologisten iritziekin lerratu zenik. Haren benetako arrazoia inondik ere espero ez nuen bidetik zetorren:
Horrexegatik hazten da eukaliptoa hain arin eta indartsu!
Baserritarra harro zegoen bere eukalipto sailaren bilakaeraz, urte oso gutxitan arbola ederrak baitzituen han. Harentzat eukaliptoaren ustezko ezaugarri kaltegarri hori abantaila handia zen, denbora laburrean gorantz luzatzeko gai zelako beste espezie guztiak azpian hartuz edo haiek eliminatuz.
Eukaliptoari soka lotuta leize batera jaisten. ADES
Eukaliptoei buruz askotan aipatzen den beste ezaugarri txar bat sua hartzeko duen erraztasuna da. Txostenek esaten dutenez, sukoia den olio mota bat hazten da bere orrietan, eta bere enborreko azala erraz joaten omen da sua hartuta leku batetik bestera suteetan. Gogora ekartzen dira aurreko urteetan Portugal eta Galizian eukaliptoen artean sortutako sute handiak. Baina guzti honek ez du txintik eragiten baserritar hauen iritzian. Izan ere, eukaliptoak daukan beste kualitate batek, berriro kimatzeak, horrelako kalteak ordezkatzeko balio du. Haiek esaten duten bezala,
Eukaliptoa ezta suen bildur. Barriro be lakinak emoten deuz, len baino indartsuago
Horrela bada, “kaletarrentzat” kaltegarri diren eukaliptoaren ezaugarri guztien alde positiboa ikusten du baserritarrak. Bakarrik akats bat aurkitzen dio:
Lastimie, eukaliptoak ezteu ondo aguantetan hotza
Bestela, haientzat
arbola fenomenoa da. Ezin da espero euren iritzia aldatzerik edo beste gauza
bat landatzeko konbentzitu daitezkeenik. Beraz, aurreko atalean esan bezala,
eukaliptoaren aurka ezer egin nahi duen edonork aukera bakarra dauka: baso saila
erosi, eta egoki ikusten duen arbola mota landatu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario