2019/11/20

Armintxeko karstean

 

 

191120: nueva jornada de prospección en este karst urbano. Si algún día la Administración configura un equipo de trabajo multidepartamental capaz de abordar el problema de Armintxe de una forma eficiente, ADES Espeleologia Elkartea tendrá mucho gusto en poner en su conocimiento los datos obtenidos tanto hoy como en el resto de sus estudios en la zona.

2019/11/04

Armintxen, inurri lanean



2016ean bertako labar-artea aurkitu genuenetik, ADES Espeleologia Elkartekoak Armintxeko muinoaren hidrogeologiaren azterketari arreta berezia eskaintzen ari gatzaio. Horretarako, bistan da, ez da bakarrik IS-100 Armintxe II kobazuloa bakarrik kontuan hartu behar; ezinbestekoa da harekin lotutako sistema hidrologiko osoa aztertzea, batez ere labar-artea hondatzen ari den uholdeen arazoari aurre egiteko.

 


Lan honen baitan, ADES-ekook Armintxe inguruan dauden beste hainbat haitzulo ikertzen ari gara. Lekeitioko karstaren ezaugarri bereziengatik, honek ezohiko ingurumenetan esploratzera eramaten gaitu, argazkiotan ikus daitekeenez. Ez da lan gozoa.


Argazkia: Jon Zubiaur.   

 

Egunen batean Bizkaian lurpeko ondarea babesteko gai diren arduradun teknikoak ezartzen badira, informazio guzti honek duen garrantziaz jabetuko dira noski; eta gustura kolaboratuko dugu haiekin. Bitartean, datuak gure kontura biltzen jarraitu beharko dugu, Armintxeko labar-artearentzat beranduegi ez izateko hatzamarrak gurutzatuz.


Oier Gorosabel Larrañaga


2019/10/25

Audiobisuala Markina-Xemeinen


191024: Ibon, Julen, Javi, Mariano, Antua, Gotzon, Oier.

Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Elkartian urteroko jardunaldixetan, aurten espeleologiari eskindu detse programia. Horren barruan gaur, lehelengo eguna, ADES-ekuok Artibai ibarreko kobazuluei buruzko argazki/musika/bideo montaje bat aurkeztu dogu; nahitta, irudi asko eta testu gitxi (pintxo-pote egunian pentsatzen, Kontzekupian proiektau da, kale-kalian, txikitekuan dabillen jentiak ikusteko moduan). 30 bat minutuko proiekziño bat izan da, buklian behin eta barriro ipiñi doguna, eta aurreikusittako moduan, jentiak liburuak begiratzeko eta galderak egin ahal izateko atxekixa izan da. Izan be, mahaitxo baten, Artibai eta ADES materialak euki doguz, erakusten eta emoten. Bixar Josu Zeberio gure kide ohiak beste aurkezpen bat egingo dau, besteak beste BU-56 eta Olatzeko karstari buruz, eta etzi Julenek eta Ibonek jente talde bat gidatuko dabe Gizaburuko koba batera; zapatuan, mendixan orientaziño ibillaldixa egingo da; eta domekan, mendiko filmen proiekziñua egingo da.

(...)

2019/10/14

Torca de los Caballos - Cueva del Valle lurpeko trabesia


2019/10/12  Gotzon, Martin U., Zutoia, Santi

Goizeko 9:30etan Torca de los Caballosen sartu gara, 275 metro jaisteko nolako arazoak izango genituen ardurarekin, soka jarri eta kentzen ibili behar baita han dauden 10 putzu nagusiak jaisteko. Baina, suertea izan dugu, leize osoa ekipatuta aurkitu dugulako, eta azkar heldu gara barrenera. Ez dakigu nork instalatuko zuen leizea, baina haiei eskerrak eman beharrean gara. Izan ere hasierako putzuek ematen baitute buruko min gehien, ea soka han nonbait ataskatuta geratuko oten den pentsatzen hasita.
Behean, kilometro biko meandroa zegoen guri itxaroten. Lehen 300 metro inguru erosoak dira, baina tximiniaren salara heldu ondoren handik aurrera zati konplikatuagoa hasten da.  Igo egin behar da salaren albo batetik gora eta aurreratxoago 12ko saltua jaitsi, errekara heltzeko. Salto hau desekipatuta egon da, bertako soka zahar hautsiak kenduta albo batera baztertuta. Gotzon ezer jarri gabe jaitsi da, baina nik berriro ipini ditut ia kanpoko babes-ehuna galduta eta barruko hari guztiak agerian zituzten soka haiek. Horrela, sokei apur bat eutsita, ederto joan gara beherantz.  
Torca del Hoyon 2an jatorria duen eta ezkerretik datorren afluentera heldu ondoren, handik aurrera ibilbidea askoz ere akuatikoagoa bihurtu da. Ikusten izan ditugu hormetan bustitako seinaleak, eta hasi gara pentsatzen ea gure aurretik beste jenderik joango ote zen.  
Meandroa luzea egiten da, eta kolektorera helduta, batek pentsatzen du ia egin duela trabesiako zati zail bat. Ondoren 13 metroko eskaladaren azpira heldu garenean aurretiaz joan den ekipoko jendea harrapatu dugu. Neska bat eta bi mutil tolosarrak. Azkar zihoazen, ez genituen berriro ikusiko hurrengo eskaladara heldu arte. 

                                         Kolektoretik lehen pisora igotzeko eskaladaren azpian

Eskalada buruan, han joan gara atzean uzten tramo honetako galeria luzeak: ur geldiz betetako Galeria de las Marionetas, Balkoia, sifoia libre aurkitu dugu, gour eta marmita erraldoien galeria, 18ko eskaladara heldu arte, lehen pisotik bigarren pisora pasatzen den tokia. Galeria zati bat ibilita 5 metrotako beste eskalada baten ondoren “lohizko sifoia” ere libre topatu dugu, eta han heldu gara La Canaleko liburua dagoen tokira.

                                Gotzon, lehen pisotik bigarren pisora igotzeko 18 metroko saltoaren hasieran

Merienda hartu dugu, eta sopinstant eta kafesnea hartzen aritu garenean gogoratu dut nola orain dela 30 urteetako trabesia haiek egiterakoan ardo kantinploratxoa ateratzen genuela hemen, ogitartekoa laguntzeko.  Pentsatzen jardun dut ea zer esango lukeen Diego Dulanto medikuak, bietako zein ote dieta hobea? Urteek ez dutela barkatzen, erantzungo liguke, seguru.
Ondoren tramo kantsagarri bati eman diogu hasiera, paso baxuez eta galeria arrastakorrez betetakoa: han joan dira Los Laminadores, Sala de la Lluvia, eta Galería de la Luna. Honen amaieran dagoen gour-etik ura hartu eta ondorengo Saharako galeria erraldoi eta  haretsuetatik pozarren joan gara, bidearen zatirik zailenak eginda zeudela pentsatuz.
Errekara helduta, hiru blokeen kaosak pasatu behar ziren. Ondo pasatu ditugu lehen biak, baina hirugarrena pentsa baino nekezago gertatu zaigu. Izan ere, seinaleak jarraituz oso altu igo behar da errekatik eta ondoren jaitsi. Egon gara komentatzen kaos hau beste leku desberdin batetik eta beheragotik gurutzatzen genuela antzina.
Pozarren irten gara kanpoko epeltasunera, oraindik egun argiz, arratsaldeko 6:30etan, Valleko koban zeuden turista ugarien harridura aurpegien artetik igaroaz.

Lekeitioko lur azpittik


191013: Xabi, Antua, Oier.

XXX Sisteman (Lekeitio). Helburua: Conchero inguruen miaketia, jarraipen posibliei buruz.
Bertan egon nintzan azken aldittik denpora asko pasau da (...), eta inguruko aurkikuntzak kontuan hartuta, interes bikotxakin ibilli naiz hara eta hona begira. Bio lagiñak jaso dittudaz, bistan da: Meta, tetragnatiduak, Oxychillus, masma txiki gehixago, trichoniscoides, uretako marraskillo bat, Neobisium...Antuanek saguzar bat be ikusi dau.

Kontxeruan egindako ikusketan, itxuria, Xabik eta Antuanek goiko partiak begiratu dittuez, eta ez dabe jarraitzeko modurik ikusi. Gehixago: kontxero izaeriari buruzko zalantzak be sartu jakez, bertako lapa ugaltasuna errixotik sartutakua izan ete leikian... Dana dala, lapa+ikatz asoziatu lagin bat jaso dabe, beste aztarnekin batera klasifikau eta entregatuko doguna.

Hori baiño interesgarrixagua da zona horretan, (...) gaiñian bertan, errekan gora segitzen daben pausu estua, ostian gela bat dakana. Xabin susmua da hurrengo (...) gaiñeko aldia izan leikiala, eta hortik errekan gora segitzeko aukeria egongo litzakela, (...) terminus nazkagarrixori gaindittuta (...). Goiko pausu hori zabaltzeko erraminttia biharko da, baiña ez da bihar gogorra izango; hurrengo saio baten pasatzeko modukua da.

2019/10/07

Aritzgane eta Atea

Bio: ze animali da hori? Guk ez dakigu

191006: Antua, Gotzon, Oier.

Aritzgane III-ra (Ereño), aurreko baten lokalizautako zulo barrixa. Lehelengo sarrera bigurrixan osteko gelatxuan, behera doian lezia errez nasaittu dogu. eta atzera gora igotzeko gatxa bazan be (eta gu soka barik), "masma" bixak juan dira behera. Dolina erdira doian galerixa txiki bat topau dabe, ur xirripa aktibo bateraiñok, eta bloke artian galtzen zana. Gaur ez zeguan haizerik (lehengunetan bai egon da, itxuria) eta hori barik nekez igarri leike nundik desobstruidu biharko litzaken. Esplorautzat emon dogu, ez dirudi bueltauko garanik.

Bio aldetik, sarrerako gelan Rhinolophus hipposideros bat egon da (109 kHz), gero beheko pisora mobidu dana. Sarrerako gelan bertan Meta, masma txikixago bat, Oxychillus eta Elona jaso doguz; beheko pisuan, Quaestus bat bebai. Lithobius be ikusi dogu, baiña iges egin desku.



191006-arratsaldez: Oier.

Lekeition, Mikel XXX informatzailliak seiñalautako zulua ikustera juan naiz. "Atea Berdea" etxebizitzetako obretan sartu naiz, Usotegittik. Bertara allegau naizenian uste baiño txikixagua izan da: sarreria 0,40 altu eta 0,20 zabal, ez naiz kabitzen. Barrurutz desarrollua: 3 bat metro, bistan, fuso formako galerixa-arrakalan. Haizia (Beaufort-Etxebarria eskalan) 0. Horma guztiak kaltzita kostra batekin estalitta; lurra lokatz fiña, arrakalatua, ur estankaua egon izanan seiñale. Hormak eta lurra beige koloreko oiñarrixa. Terrenua marga itxurakua izan arren, zulua karstikua da; antro endogeo txiki isolatu bat emoten dau, obrak apurtuta agerixan geratu dana. Eraikiñan zapatak estaliko dabe. XX modura katalogauko dot badaezpada. Koordenadak (UTM 30, datum ETRS89): 540099 4801055 error:8. Argazkixak egin dittudaz (eskaliakin, eta barrutik), baiña galdu; Mikelek etaratako argazkixak dakaguz barik (eskala barik).


2019/10/01

Lamiñen Sisteman, bisitariak ausikika


Euskal espeleologoen artean dugun arau ez idatzi (baina oso errespetatu) batek dio, zona bat talde espeleologiko baten ardurapean dagoenean, hango kobak ikertzera doana bertako taldearekin harremanetan jartzea komeni dela. Ez da arau legala (legez, Espainian kobazuloak ez dira inorenak -jabetza Estatuarena da-) baina bai operatiboa: lurpean, elkarlanaren emaitza hobea baita konpetentziarena baino. Ikerlari gehienek arau hau errespetatzen dute; baina badira zonako espeleologoak "gau-zaindariaren txilibitutzat" hartzen dituztenak ere (gero horrelakoak dira emaitzak).

Edonola ere, esandako hau espeleologiari dagokio bakarrik (hau da, jarduera zientifikoari); espeleoabentura jarduerak, edo turismoa, aparte doaz. Izan ere, zona guztietan daude bisitari asko erakartzen dituzten kobazuloak; gure kasuan Lamiñen Sistema (Armiña eta Lamiñen koben arteko trabesia), Iñeritzeko leizea eta besteren bat. Bertara datorren jende guztiak gu abisatzen hasi ezkero, telefono deiekin erotuko ginateke.

Jakin dugu Lamiñen Sistema bisitatzen duten talde batzuen artean liskarra piztu dela, barruan dauden sokei buruz. Egokiak diren, edo ez diren; segurtasuna bermatzen duten, edo ez duten... Hori dela eta, duela hile batzuk, pertsona batzuk gurekin harremanetan jarri ziren, haien iritzian bertan zegoen materialaren egoera eta instalazioaren segurtasuna ez zelako ona; eta ea ondo iruditzen zitzaigun hura hobetzea, gastuak eta materiala bere gain hartuta. Guk, detailea eskertzeaz gain (edozeinek ez baitu baimenik eskatzen, horrelakoak egin aurretik), nahi zutena egiteko esan genien; haiez fio ginelako, eta han zeuden soka eta instalazio horiek ez zirelako gureak (izan ere, Lamiñen Sistemaren esploratzaileok -GEV eta ADES- ez dugu sekula ezer ekipaturik utzi kobazulo honetan).
Gauzak horrela, pertsona hauek koban instalatuak zeuden materialak kendu zituzten, berriarekin ordezkatuz. Baina irailaren 28an egin dugun azken esplorazio saioan, material hau kenduta aurkitu dugu, lehengo instalazioaren antzeko berri batekin. Baita kartel hau ere:




Bistan denez, Lamiñen Sistema bisitatzen duten taldeek irizpide desberdinak dituzte instalazioaren egokitasunari buruz.

ADES Espeleologia Elkartea, printzipioz, ez da sartuko liskar honetan. Pentsatu nahi dugulako Lamiñen Sistemako bisitariak gai izango direla euren kabuz adostasun batera ailegatzeko, gure kobazulo enblematiko honen gozamena, segurtasuna eta zainketa harmonia onean uztartuz. Hala bedi!

2019/09/29

2 x 1 (Ispaster eta Mutriku)


190929: Oier.
Olatzekuekin (Soto, Txikiñe, Unai) Atxukarrora. Katazulo ikusgarrixa zabaldu dabe aurreragokuan ezagutu neban laminadore horretan. Haize korrientia: 2 Beaufort/Etxebarria (kanporaka), baiña mendi honetan dagon kolektore saria argitzeko oso interesgarrixa izan ei leike. Ulertu dotenangaittik, Ziñuako dolinatik Artzain Errekara isurtzen dan sisteman ibilli gara; konplexu guztian irudikapen 3D bat ez dakat, baiña badirudi paleomaillak bata bestian azpixan kokatuta dagozela, eta zona honetan dagozen zulo guztiak hidropuzzle horren parte desbardiñak izango litzakez. Dakixenak dakixe, ni gaur ez naiz etorri pentsatzera, asto-lanera baiño: eta horretan jardun dogu pare bat ordu luze, eroso baiña makur, 10 bat petate bete lur kanporatuta. Bittartian, lagin fotografiko eta biologiko batzuk hartu doguz; nere aldetik: Meta, Oxychillus, dermáptero baltza, Troglohyphantes itxurakua, masma oso txiki eta zurixa (troglobiua?).

Beaufort-Etxebarria eskala


190922: Xabi, Antua, Oier.
IS-XX (...?). Bide bittatik etorri jaku informaziñua (xxx eta yyy), lehelenguan jabetzako lur batzuetan, zzzz kontran, koba bat dagola. Errez topau dogu, terraplen artifizial baten ertzian. Azkonar-zulo bi, laminadore tipokuak, alkarrekin komunikauta sarreratik hurre, eta seguraski barrurago be. Galeria freatiko argixak dira, baiña ixa goraiñok kolmatauta; sedimentua zaharra da, ez dirudi behintzat azken 100 urtetakuak. Barruan, azkonarrak sartutako kanpoko hondakiñak, ladrillo moderno zati batzuk bebai. Sabaiko pendanten artian 2-3 pinporta gorri (5 bat mm diametroko puntuak); arte rupestre "diskretua"? ;-)
Informatzaille batzuekin be egoteko aukeria euki dogu, eta badirudi zona berian zulo gehixago egon zirala: barrena, gerran auzoko jentian errefujixo moduan erabilli zana (hónek ez diraz, seguru) eta igual zzz-an obretan desagertutako besteren bat bebai. Gauzak holan, zalantzak dakaguz gaur ikusittako hau 140525-an apuntatutako Azkoitti dan... baitta be, guk Algorta II modura katalogau doguna GEV-en Algorta II izango dan, edo... errefujixua ha izango zan (horretarako gaurkua baiño aproposagua dala eresten dogu).
Bio lagiñak: Oxychillus 2 eta Meta 1.


2019/09/17

Urregarai inguruan

 190914: Ibon, Petrus, Gotzon, Idurre, Oskar Sin Fin, Antua, Tomas, Oier.

Txepetxabixen (Markina-Xemein). Umia eta bixok bestiak begiratzera juan gara (geroko bazkarixan preliminare modura) baiña azkenian leza barruan amaittu dogu, harrixak karriatzen. Pertsona asko giñanez, "kadenetia" osatuta erritmo bizkorra ipiñi da (batzutan kanpokuak ez giñan gai barrutik zetorren harri ufala kudeatzeko!). Pare bat orduan, 300-400 kg artian etara doguz, eta potzu kabezera bat geratu da bistan; puntakuak esan dabenez, hortik beherako jarraibidia garbixagua eta seguruagua dirudi. Hurrengo saiorako!

Ostian, Santa Eufemiako zelaixan bazkari gozua, eta girua be ederra.

Tartian (ez dakat oso argi ze unetan), Xabi, Oskar Bonbero eta beste batzuk prospekziñuan eta esploraziñuan jardun dabe: katalogau bako zulo barrixa (Jesuittena ete?), hurrenguan esploratzeko + ermittako pistako zulua explorauta.









2019/08/31

Lamiñen Sisteman (Armiña - Lamiñak)


190831: Antua, Oier.
Armiñatik sartu eta Lamiñetatik urten gara, puntu bat errebisatzeko eta tranpa biologikua ikuskatzeko. Sarreran, tamalez hau topau dogu: uste eze kuebak zabortegi modura erabiltzeko ohittura txarra ez dala guztiz ahaztu...
Barruko jarduna motza, baiña atsegiña izan da: seguraski nere ikuspegi subjetibua da, speleo egitten daroiadazen 14 urtian sekulan ez dotelako honenbeste denpora pasau zulo baten sartu barik. Alkantarilla batian be pozik ibilliko nintzan gaur!
Lehelengo, Antuanek detektautako puntora juan gara: goiko eta beheko galerixan arteko komunikaziño posible bat, haize korriente nabarmena dakan lekuan, trabesiako bidetik oso hurre, baiña ezkutuan. Zunda bat bota dogu behera, eta gure bidia segidu dogu.
Gero, tranpa biologiko inguruan ez dot nik uste neban besteko faunarik topau: billa ta billa ibilli banaiz be, Quaestus bakarra jaso dot; biharbada denpora larregi laga dot etorri barik. Bada zeozer behintzat, eta jasota geratu da (uzt 28xan jasotako bio materialakin batera).
Mailla aktibora jaitsitta, kanporako bidian hartuta Antuanek ustezko lekuan topau dogu zundia; beraz konfirmauta geratu da, goiko eta beheko maillen artian beste komunikaziño puntua, eta korrientian arrazoia.
Gaur ur gitxi zetorren, eta arraiñak hobeto ikusten ziran: 8-10 bat ziprinido ikusi doguz, batzuk zuritzen hasittakuak. Igual hamendik 50 edo 100.000 urtera espezie troglobio barriren bat izango dogu Mereludin...
Bistan da, tarte honetan txoko eta jarraipen posible asko begiztatu doguzela, betegarri kuaternarixuen artian. Sistema honen esploraziñua amaittutzat emoteko asko falta da ondiokan...



2019/08/25

La Tortuga – Iritegi lurpeko trabesia


2019/08/23  Martin U., Aitortxu, Zutoia, Santi

1973 eta 74 urteetan, neuk 13-14 urte nituela Arantzazuko Seminarioan nengoenean esploratutako kobetatik zehar ibili gara gaur. Koba hauetara inoiz ere itzuli gabe nengoen ordutik hona. Haitzuloek Arantzazuko santutegiaren aurrean dagoen Aitzabal mendia zeharkatzen dute alde batetik bestera, eta hango erreka nagusiko urak joaten dira beheko nibeletatik. Hemetxe sortu zitzaidan bizitza osoan espeleologiarekin izan dudan grina. 

Ez dakit gaur egun Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek zein sigla edo izenez ezagutuko duten sartzeko erabili dugun kobazuloa, baina guk orduan “La Tortuga” deitzen genion. Ez nuen gogoratzen zergatik jarri genion izen hori, baina sarrerako ahora heldu naizenean berehala konturatu naiz: haitz bloke bat dago lurrean, dortoka baten itxura duena. Bestalde, kuriositate botaniko batez ohartu naiz: inoiz ikusi dudan huntz enborrik handiena dago hormatik igotzen.

Zutoiak galdetu dit, “akordatzen zara ezertaz?”. Intriga handia neukan neuk ere ea gogoratzen nuenak balioko zuen trabesia egiteko. “Badaukat kobaren eskema orokor bat buruan” erantzun diot.
La Tortugatik sartu ondoren banekien gorantz abiatu behar genuela, baina arrotza egin zait hasiera eta ondorengo bidea. Guztiz ahaztuta neukan bere izaera klastikoa, haitz blokez erabat betetakoa. Bai gogoratzen nuen galeriak gorago dagoen Aien kobiako sarrera nagusiarekin konektatzen duela, gutxienez pare bat lekutatik.

Baina ni beste gauza baten bila ibili naiz: gertakizun berezia izandako sala handi baten bila. Izan ere, sala hartan seminarioko mutiko batzuek, Arrasateko taldekoek, peripezia oso berezia bizi izan zuten: Aien kobiako ahotik sartuta, jauzi handi baten gainaldera heldu ziren, eta erabaki zuten nola edo hala hura jaitsi egin behar zutela. Seminariora ogia ekartzen zuen gizonari agindu zioten Oñatin soka bat erosteko, eta harekin abiatu ziren hurrengo larunbatean. Soka lodia zen gomuta dut, eta marapiloak egin zizkiotela salto hura pultsuan jaisteko. Kontua da sartu zirela, eta denek jaitsi zirela behera, inor goian geratu gabe. Baina, bueltarako unean, haietako inork ere ezin izan zuen soka hura pultsuz igo. Zorionez, inguruko aldeak esploratzen hasi zirenean kanpora irteteko beste aho bat aurkitu zuten.

Irrikitan egon naiz, beraz, sala hartara noiz helduko, batez ere ea umetako abenturak noraino izan daitezkeen aintzat hartzekoak ala denboraren joanak puzten ote dituen jakiteko. Azkenean, blokeen artetik apur bat kostata, aurkitu dut hara heltzeko bidea. Eta, benetan diot, txundituta geratu naiz han ikusi dudanarekin.

Han zegoen Arrasatearrek jaitsitako saltua. 11 metroko  bertikal guztiz aereoa. Esan nahi da pultsuz jaitsi zutela, linterna bat gerritik eskegita zutela. Egon gara komentatzen gure artean gaur eguneko espeleologo zailduen artean ere salto hura marapilodun  soka batez jaistea temeritate handitzat hartuko litzatekeela. Eta, bestalde, mutiko Arrasatear haiek ez baziren izan gai hura pultsuz igotzeko, oraingo espeleologoen artean ere ikusi nahiko nuke ea nor litzatekeen kapaz. 

Handik aurrera lokatzez betetako katazulotik ekin behar izan dugu aurrera, ondoko galeriara heltzeko. Katazulo hau nola aurkitu genuen ere, kontatzeko moduko gauza da. Goiko sarrera handitik sartuta albo batean dagoen malda basaztu handi batetik jaitsi ginen hiru mutiko, 35 metro inguruko jauzian, soka bi lotuaz marapilo batekin. Mutiko haietako bat gaur egun Antxieta Arkeologia Taldean aritzen den Xabier Maiz azpeitiarra zen. Biok ginen amorratuak ahal genuen guztietan kobetara joaten. Amaieran aldapak 3 metro inguruko saltoa zeukan, guztiz bertikala, eta jaistea erraza izan zen. Han ere kontuak itzuleran sortu ziren, lokatzez betetako soka hartatik pultsuz igo behar zenean. Nola edo hala, nik lortu nuen igotzea, baina besteek ezin izan zuten. Orduan alternatiba baten bila, katazuloan sartu ziren, eta zorionez handik Arrasatearren gelara heldu. Handik aurrera bazekiten nola irten kanpora. 

                                                      Aien koba eta Iritegi bitarteko galerian

Aldapa bat igonda, formazioz betetako galeria batera heldu gara. Gogoratu naiz mutikotan aurkitu genuenean ere nolako inpresioa egin zigun inguru haren edertasunak. Galeria hartatik aurrera jarraituta, blokeen kaosa dago. Mutikotan kaosa igarota Iritegi kobako galerietara heldu ginen, eta beraz, orain ere ez zen izan behar oso zaila hura pasatzea. Eta hasi gara han egon den fletxa bati jarraituz blokeen arteko bide estuetan aurrera. Salatxo batera heldu garenean, Martinek esan du: "begira zer dagoen idatzita horman". Begiratu dut: Sala de los perdidos. “Jontxo, ez da hau bidea orduan”. Atzerantz eginda, beste tarte batzuk arakatzen ibili gara. Baina ezin aurkitu bidea. Aitortxuk, hozten hasita, zioen, “itzuli gaitezen etorri garen lekutik”. Pentsatu dut, “nola da posible umetan aurkitu genuen pasoa orain ezin izatea, ustez espeleologo hain esperimentatuak izanda”. Azken saio bat egin behar zela erabaki dut, eta haizeari kasu eginez haitz bloke handi baten gainera igota bere atzetik estu-une batek leku zabalagora eramaten zuela ikusi dut. Esan diot Martini, “pasatu zaitez horra beste aldera”. Handik gutxira, esan digu, “hau dela bidea dirudi”. 

Iritegiko galeria zabaletan zehar ez dugu izan arazorik. Hori bai, berriz ere harrituta geratu naiz nolako lekuetatik ausartzen ginen mutikotan. Ibon Aranberri artistak burdinazko ate handi batez itxitako ahoa alde batera utzita Iritegiko bigarren ahotik irten gara kanpora.

Batzuetan memoriak handitu eta esajeratu egiten ditu iraganeko kontuak, baina beste batzuetan ia kontrakoa gertatzen da.