2022/06/20

Kastillozarko arroilan

 


220619: Gotzon, Antua, Oier.

Mandoia, Kastillozar (Usansolo). Gaurkoan, helburua mendi honetako Kas-002 zuloan desobstrukzioa egitea izan da. Kainoi ikusgarri batean gora, zuloa ikusi dugu eta Antua eta Gotzon bertan gozogintzan geratu diren bitartean, ni Kas-001ra joan naiz (...) laginketa biologikora. Ondo pasatu dut: esplorazio bakartiaren xarma, lagunak laster etorriko diren segurtasunarekin. Zuloa ezagutzen ez nuenez, zoko guztiak miatzen aritu naiz, pasabide garrantzitsu zein dibertikulo txiki-galdu, eta bihurritze mugimenduotan, aste honetan falta eta behar nuen kirol saiotxoa ere egin dut. Hortan nenbilela, hara non entzuten ditudan kolpe batzuk; belarriak gidatuta, hara eta hona, berbaroa ere bai; eta azkenik, haize epela datorren katazulo batean, besteen ahotsak: "Kaixo!". Arazo barik berba egiten genuen, baita elkarren argia ikusi ere: beraz, desobstrukzioa bertan behera laga dugu, poz-pozik. Kanpokoak barrura etorri dira, eta lekua ikusi eta gero, arrakala formako gela haren gainetik behera datorren haize hotzaren iturria miatzera sartu dira. Beste katazulo baten atarian geratu naiz ni, eta besteek esango dute zer egin duten. Leku horretan zenbait argazki ere hartu ditu Gotzonek. Behin kanpoan, zulo bien sarreren arteko poligonala itxi egin dugu, topoa zehazte aldera; katalogoan erreferentzia biek bat egin beharko ote duten zalantzarekin geratu gara, baina erabaki hori Javi "Mandoia Master"rari lagako diogu.

Jasotako laginak: barraskilo txikia 1, Oxychillus 2, Elona 1, Lithobius 1, Gyas 1, Meta 2?, Ischyropsalis 4.

2022/06/05

Leize ikusgarrian behera


 220604: Antua, Oier.

Mandoia: Artzeaga mendian (Bedia), 250ko arrakalan behera. Egun erdi bakarrik libratzen dugunondako plan egokia (besteak Osiña-Argatxa lotura burutu nahian ditugu, eta EEE-koak berriz Zapateiko garbiketan). Halere, uste baino gehiago luzatu zaigu; beti bezala alderdi ona eta txarra dituen albistea. Kareaga errekaren bila aurreratzen gabiltza, baina bidea gero eta estuagoa da!

Joan den astean lokalizatutako "soplao" horretan, oraingoan biak jaitsi gara -15ko  plataforma horretara, behera jarraitzeko materialarekin. Bide nasai eta ikusgarria aurkitu dugu; harri erorketa arriskuarekin, hori bai; eta bihurri xamarra, 3 bat fraktio behar izan dituena. Kareharri mota biren arteko kontaktuaren fabore irekitako leizea dirudi -geologoren bat ekarri beharko dugu, gehiago zehaztu dezan-. -35 metrotan, terraza moduko bat egina du (klasto konpaktatuak, "Alikanteko Turroi" erako geruza eskegi bat, azpitik jana dagoena). Hortik behera, leihatila estu batean, formula akustikoa erabiliz 20 m behera neurtu ditugu, ur putzu handi batean amaitzen dena. Leihatila mailu eta zintzelez ireki dugu, eta agian argaltxoren bat pasatuko litzateke; baina guk geuk, behintzat,  espatula kolpe bat beharko genuke. Hurrengo saiakeran argazki batzuk merezi dituen leizea, bide batez esanda. 

Bio aldetik, bi lagin: Meta 1, eta Echinogammarus? 1.