2022/06/20

Kastillozarko arroilan

 


220619: Gotzon, Antua, Oier.

Mandoia, Kastillozar (Usansolo). Gaurkoan, helburua mendi honetako Kas-002 zuloan desobstrukzioa egitea izan da. Kainoi ikusgarri batean gora, zuloa ikusi dugu eta Antua eta Gotzon bertan gozogintzan geratu diren bitartean, ni Kas-001ra joan naiz (...) laginketa biologikora. Ondo pasatu dut: esplorazio bakartiaren xarma, lagunak laster etorriko diren segurtasunarekin. Zuloa ezagutzen ez nuenez, zoko guztiak miatzen aritu naiz, pasabide garrantzitsu zein dibertikulo txiki-galdu, eta bihurritze mugimenduotan, aste honetan falta eta behar nuen kirol saiotxoa ere egin dut. Hortan nenbilela, hara non entzuten ditudan kolpe batzuk; belarriak gidatuta, hara eta hona, berbaroa ere bai; eta azkenik, haize epela datorren katazulo batean, besteen ahotsak: "Kaixo!". Arazo barik berba egiten genuen, baita elkarren argia ikusi ere: beraz, desobstrukzioa bertan behera laga dugu, poz-pozik. Kanpokoak barrura etorri dira, eta lekua ikusi eta gero, arrakala formako gela haren gainetik behera datorren haize hotzaren iturria miatzera sartu dira. Beste katazulo baten atarian geratu naiz ni, eta besteek esango dute zer egin duten. Leku horretan zenbait argazki ere hartu ditu Gotzonek. Behin kanpoan, zulo bien sarreren arteko poligonala itxi egin dugu, topoa zehazte aldera; katalogoan erreferentzia biek bat egin beharko ote duten zalantzarekin geratu gara, baina erabaki hori Javi "Mandoia Master"rari lagako diogu.

Jasotako laginak: barraskilo txikia 1, Oxychillus 2, Elona 1, Lithobius 1, Gyas 1, Meta 2?, Ischyropsalis 4.

No hay comentarios: