Mostrando entradas con la etiqueta lezeta. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta lezeta. Mostrar todas las entradas

2024/11/17

Lezeta, Antzoriz eta Larra


 20241116: Julen, Xabi, Gotzon, Antua, Oier.

Antzoriz eta Lezeta (Lekeitio). Talde bittan banatuta jardun dogu. Batetik motibauak ("Hor ez dago ezer!", "Han ez dau merezi!") Antzoriz aldera jo dabe, Antzoriz II (Santa Katalina azpikua) sarrerako puntuko koordenadak errore haundiegixakin dagozela konturatuta (2007ko GPSak...). Egin dabe, eta ez hori bakarrik: topua berregin eta barruko argazkixak hartuta itzuli diraz, beste taldiari walkie talkie txinatarran bidez jakinarazitta.

Izan be, artian bigarren taldekuok ondiok ur ertzian genguazen. Zer egin dogun? Umien parketik Lezeta I zuloraiñoko kosta zatixa errebisau. Ohi bezala, ez dogu espeleologikoki ezer interesgarririk topau: baiña aurkikuntza haundixak, deskarte lan haundixen ostian etortzen diraz! Eta gaur zeozer kendu dogu mapatik. Gaiñera espeleologikoki ez, baiña ornitologikoki interesgarrixa izan leikian habixa bat topau dogu, koordenadak (...) eta argazkixak hartuta; zerena dan? Igual ornitologueri pasatzen detsegunian jakingo dogu. Bestalde, Antuanek ikusittako leku baten, biofilm itxurako batzuk egon diraz; baiña nik amebak hartzeko poterik ekarri ez! 

Eguna, gaiñera, hurrengorako promesa onekin amaittu dogu: Lezeta gaiñeko ortuetako batekuekin berba eginda, badirudi gaurkuan segidia dan hurrengo tramua bertatik jaitsitta esplorau ahal izango dogula. Primeran!

 

20241117: Oier.

Oñati, EEE billeria Larra 2024ko kanpañia baloratzeko, eta hurrengua planifikatzen hasteko. Nere aldetik ezin neban ekarpen haundirik egin (berdeegi) baiña 2025ko kanpañarako bioespeleologia plana proposatzera juan naiz. Halan geratu gara:

  • Aragoien ez dabe baimen berezirik eskatzen, baiña Naparruan bai. Baldintza batekin gaiñera: rekolekziño bioespeleologikorako baimena eskuratu ezkeriok, egindako biharran informe bat pasau bihar da, jasotako animalixak eta kobazuluak zehazten.

  • Urteroko baimen-eskari horretan sartuko da bio laginketarakua be; Martin Arriolabengoak egitten dau, eta adostuko dogu testua aurrerago.

  • Bestalde, behin kanpañan, nere laginketak kanpoko leza txikixetan egingo dittudaz (esploraziñuan dagozenak, Illaminako Sistemakin konektatzeko), bertan egin biharreko lanetan parte hartziakin batera. Hau da: printzipioz ez neukez egingo aparteko espediziñorik, bio laginketara zuzenduta. Bestalde, sakonian bibakeatuko daben taldietan espeleologoren bat lagiñak hartzeko prest agertzen bada, hari materiala pasatziaz eta gero jasotziaz be enkargauko nintzake.

     



2024/11/03

Labarrak, Atxabiribil eta Lumentza (Lekeitio-Forua)


 Asteburu luze honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu.

Batetik, espeleourpekariek Lekeitioko itsaslabarren barrenetan lan egin dute, zehazki Kabaua eta Lezeta izeneko parajeen artean hormen ur azpiko tarteak errebisatuz, eta espeleologikoki interesekoak izan daitezkeenak ikuskatuz. 

Beste batzuk Foruko Atxabiribil mendian aritu gara prospekzioan. Lan mota hau behar-beharrezkoa dugu espeleologook, izan ere, Urdaibai eta Lea-Artibaien ugariak diren artadi itxietan kobazulo nagusiak ezagutzen dira, baina ohikoa da baso itxian harpe ezezagunak egotea. Haiek aurkitzeko, ezinbestekoa da bidezidorretatik irten eta txaratik zehar trantsektuak egitea; esplorazio gogorra da, gehienetan emaitzarik gabea, baina askotan balio izan diguna leize ezezagunak aurkitzeko.

Azkenik, beste talde bat Lekeitioko Lumentza mendiko kobazulo bat desobstruitzen aritu da. Herrian bertan dagoen mendi hau, Aintzinarotik oso humanizatua, karstikoa da goitik behera eta ADESek dozenaka zulo ditu katalogatuak bertan. Haietako asko, urteetan gizakiak nekazari eta abeltzantzan egin duen aktibitatearen ondorioz, harriz eta lurrez artifizialki estaliak daude.

2024/10/13

Solope-Lezeta


 20241012: Xabi, Antua, Martin U, Oier.

Lekeitio, kostako labarren prospekzioa. Gaurkoan Solope eta Lezeta arteko tartea ikuskatu dugu, Jon Zubiaurrek erakutsitako lekuen artean "10 ornitogunea" izendatutakoa alegia.

Lehenik Solopera jaitsi gara, material barik. Hor Xabik Solope I ikuskatu du, bertako azken estuasuna pasatzeko moduan dagoela baieztatuz. "Prémiere"a errespetatze aldera, esplorazio hau bera dagoen egun baterako lagatzea erabaki dugu. Bestalde, Martin eta Antua E alderantz ahal zuten gehiena aurreratu dira, ur-irteera interesgarri bi identifikatuz, itxuraz Eluntzeta aldetik estratoen fabore datozen infiltrazioak.
Gora itzulita, material guztia hartu eta bide bazterreko txaran barneratuz helburura jo dugu. Lehenengo, sokan behera gunearen E alderantz jaitsi gara; harantz joateko egin behar den trabeseko bidean, aterpe bat markatu dugu (koordenadak eta argazkia hartuz), txori habia eta suarena izan daitekeen horma beltzarekin. Horrela, kankamu eta estatxa instalazio zahar bateraino iritsi gara eta hor bigarren soka instalatu dugu, beheraino jeitsita, Lezetako sakonaren M aldera iritsiz. Barrunbea ("9 ornitogunea") begiratu genuen aurreko batean; baina gaur egon garen lekutik sarreratik hurre, E ertzean, dagoen arrakalari hobeto erreparatu diogu, hobeto begiratzea merezi duela iritzita. Itsas bareko egun batean egin beharko dugu, enbarkazio batekin. Puntu horretan bloke arteko sargune bat dago, Martin eta Antuak ikuskatu dutena, katalogatzerik merezi ez duela ebatziz. 

Beste alderantz eginda, ostera, hormaren egiturari erreparatu diogu: estratifikazio argia, zeinaren goiko aldea "10 ornitogunea" eta bere zuloek osatutako barra zen; eta haren azpian, itsas-fosilez betetako barra ikusgarria, itsasoko kolpeek hustua. Soloperantzko azken puntu irisgarrian, berriz, falla bertikal itxurako bat dago, haren ebakia eroritako bloke metrikoz beteta dagoelarik; handik metro gutxira, lehenago ikuskatu dugun ur-irteeren lekua.

10 ornitogunera iristeko modu bakarra goitik jeistea zenez, berriro gora egin dugu, eta 15 bat metro M alderago jeitsi gara. Antua iritsi da zulatutako barraren erdira, eta eskuin-ezkerrera begira ez du barrurako garapenik. Habia bati argazkia atera eta honenbestez Solope-Lezeta tartearen ikustaldia amaitutzat eman dugu.

2016/07/09

Zeletako Zulua

160709: Gotzon, Santi, Antua, Oier.



Zeletako Zuluan (Lekeitio). Plan zehatzik barik, speleo mundua konpontzen jardun dogu Junira tabernan, ixa bi orduz; gero, Lekittora egin dogu Kabaua ingurua miatzeko asmotan, baiña aparkau eziña dala eta, faroleko bidian amaittu dogu, Ekhi Eder etxe pareko kabauan. Lekuak toponimo zihetza daka: Zeletako Zulua (mapa batzutan Lezetako Zulua agertzen bada be, erroria dirudi).

Kabezeria pretillian bertan ipiñitta, sasitzan behera juan naiz, 10 bat metro beheragoko horman frakzionamendua ipiñitta; Antropozenoko hondakin geruza haundixa dago, eta beherakako garbiketia egin bihar izan dogu, seguridadiangaittik (lekuan edertasunak garbiketa serixua merezi dau); mailla honetan, ezkerreko kornisa baten ostian sartuunia identifikau dogu, begiratzeko pendiente; hortik behera tirada zuzena egin dogu (gero Antuak frakzionau dabena, sokian igurtziune arriskutsua zegualako. Beherutzko bidian, ubegi 2, aktibuak (beheko goroldixo markiak diñoskuanez); bat inpenetrablia, bestia hobeto begiratu biharrekua. Oinarrira allegauta, eskumara beste surjentzia bat, uretatik metro pare batera; eta axpe illunak, hobeto begiratzeko. Ezkerrera, axpe haundixa espeleotemaz beteta; Santi bertara allegau danian, itxuraz jarraipenik ez zekala esan dau. Puntu honetan 14:00ak jo deste, etxera juateko ordua; beste hirurak han geratu dira eta pentsau dot zerrendatutako inkognitetako batzu argittuko zittuezela, baitta igual zeozer barrixa topau be.