2026/05/21

Dzingili-dzangala


Fiti, Zulua tabernako ugezabakin. EZ aldizkarixa banatzera juan naizela aprobetxauta, tabernian atzia erakusteko eskatu detsat. Korredore estu bat dago Zulo-Maite-BBVA artian konpartiduta, BBK atziakin angulo rektuan amaitzen dan rektangulua, ranpa formako bi urteerakin (neure kontsulta pareko aldapa barrenera, eta Rufo Atxurra plazara doian kaletxora). Fitik kontau destanez:
    • Zoru naturala (lokatz/lurrezkua, “Maria Errota” tipokua, Fitin esanetan) patixo rektangular horren maillan dago; ez dago beherago doian drenaje biderik. 
    • Azken obran, taberniari alturia emon behar izan zetsen, insonorizaziño kontuengaittik. Horretarako, azpixa jan zeben, lokatzetan sakonduta; horretara, gaur egun dagon maillan geratu zan (kanpoko patixo rektangular horretatik 3 eskaloi beherago).
    • Zulua tabernan, beraz, ez dago drenaje “bajanterik”; horren ordez fosa septiko bat eraiki zeben, “piscina invertida” tipokua (trintxera perimetral bat), kanpora bonbeatzen dana. Ulertu dotenangaittik, jarixua eten bakua da. Hain zuzen be, Fitiri deigarrixa egitten jako komuna luzaruan erabilli barik dagonian, jarixua ur garbikua bihurtzen dala.
    • Obretan, kale aldera begira, ezker alderantz, arku formako egittura bat agertu zan (“zubi bat”, Fitin esanetan). Ez dakitt zer izango zan, kontuan hartuta kalia bera zoru orijinaletik 3-4 metro jasota dagola, rellenuekin beteta. Alkantarillen gangekin lotutako egitturaren bat?
    • Oin dala urte batzuk, Zuloko “porreruak” txarto ikusitta zeguazen herriko jentian partetik. Uste eze baiña, obra honetan hainbeste bihar egitten ikusitta, euren gaiñeko iritzixa aldatu zala, eta inguruko “viejuak” hurreratu jakezen, aholkuak emotera-eta. Baitta harremana estutu be. Eurak esanda daki Fitik, esate baterako, zona horretako hidrodinamikian barri (ura Uriarte aldetik datorrela, eta bertan biltzen dala); edo bertan aska bat zeguala “Dzingili-dzangala” izenekua (umiak bertara salto egin eta urtetzian onomatopeia). 
    • Azken hau entzunda, automatikoki datort burura 1735ko Deskribapen Anonimoko “Zingi Zango” potzua, Dendari-Gerrikabeitia bidegurutzian zeguana, metro batzuk gorago. Egittura berangaittik gabiz? “Idoaldegiko” zingira-potzu gune haundixari esateko izen generikua ete?


 

2026/05/17

Dominguerismo

 

Trakamailgo Ateak (Amoroto). Domeka goizetan zer plan hoberik, Ipazterko Elizaldetik lurpian sartu, eta Oleta aldetik urtetzen dan erreka madarikatuhori billatzia baiño? Gaurkuan, 100 litro lur ( = 5 litroko 20 bidoi) kendu detsagu zuluari, eta pixkaka pixkaka, ez dakigu oso ondo nora garoian pasabidia zabaltzen dihardugu. 

2026/05/16

GEVekoekin

Argazkia: GEV.


Azken bizpahiru urteetan GEVeko beteranoek argazki-digitalizazio lan itzela egin dute, Euskal Espeleologoen Elkargoaren Argazki Artxibora pasatu direnak. Bereziki aipatzekoa da Jesus Luis Pascualek eginiko beharra, diapositiba kaxak berreskuratuz eta haiek kalitate onean digitalizatuz: ez bakarrik ezin konta ahala ordu sartu dituelako, baizik eta artxibo analogiko zaharren anabasa txukuntzeko eginiko ahaleginarengatik. Ezin dugu esan, gainera, lan hori amaitu denik: gaur bertan, pendrive baten beste remesa bat ekarri digu, oraindik ikuskatzeko aukera izan ez dudana!

Edonola ere: haitzuloetan bezala, esplorazioa amaitu ez dela jakin arren, lana egin daiteke, eta horixe egin dugu gaur. Orain arte klasifikatu ditudan GEVen 1.349 argazkien artean, 300 irudi ingurutan identifikazioak egitea falta zitzaidan, eta telematikoki jendea zorabiatzen ibili beharrean, Enrique Martinezek bere etxean biltzea proposatu zigun, pantaila handi batean proiektatuz egun-pasa egiteko. Eta horixe egin dugu gaur: Sopuertako inguru ederrean, Bizkaiko Espeleologia Taldearen garra gordetzen duen baserri dotore honetan, taldearen esperientzia eta memoria bizi-bizi duten Jose Luis Serrano “Petit”, Jesus Luis Pascual, Jose Mari Salbidegoitia, Enrique bera eta ni neu bildu gara, jardunaldi oso produktiboan: goiz osoa argazkiekin pasatu eta gero, Blanki etxekoandreak otordu goxoa eman digu, bazkalostean kontu-kontari luzatu dena. Oso pozgarria izan da haien arteko konplizitatearen lekuko izatea, koba barruko hainbat kontakizun entzunez, adibidez “La venganza de Don Mendo”ren bertso umoretsuen errezitaldiena (zeinean Ernesto Nolte nabarmentzen omen zen!), eskaletan eginiko jeitsialdi/igoera luzeak entretenitzeko.

Eskerrik asko, laguntza handia izateaz gain, horrenbesteko ohorea izan baita zuekin eguna pasatzea. Izan zaretelako gara!

Argazkia: GEV,

 

2026/05/12

Arredondon

Iñaki, jardunean. Argazkia: FEE artxiboa,

 

20260511: Iñaki, Oier.

Espainiako Espeleologia Federazioak (FEE) “I Jornadas de Patrimonio Subterráneo” izeneko jardunaldiak ospatu ditu Arredondon, espeleologoen, arkeologoen eta administrazioaren arteko harremanetan zentraturik, eta Armintxeko kasua aurkeztera gonbidatu gaitu. Kontu garrantzitsua iritzita, ez genuen baietza emateko zalantzarik izan: Iñakik, lanpetuta egon arren, Bordeletik joan-etorria apropos egin du hitzaldi hau emateko. Nik berriz, asteburu osoa bertan eman dudanez, beste esperientzia guztiak entzuteko aukera izan dut, kasu interesgarriak adituz.

  • Larunbat goizeko lehen hitzaldia Josep Fernández Peris-ek eman zigun: estatu espainiarraren karst ikerketaren ikuspegi orokorra. Balentzia aldekoa izanik, aintzindari izandako lurralde honen nagusitasuna begibistakoa izan zen, eta beste zonaldeetarako eredu.
  • Hurrengoa gure txanda izan zen; Iñakik Armintxeren ezaugarriak azaldu zituen, arkeo kontuei garrantzi berezia emanez, eta ni berriz azken urteetan izandako arazoak eta ikasitakoak azaltzen saiatu nintzen, ikuspegi konstruktibo batetik.
  • Gero Ana Ortega eta Miguel Martin etorri ziren, Ojo Guareñako adibidea azalduz. Espeleologoek, instituzioek eta zientzialariek ibilbide luzea egin dute bertan, eta haien arteko koordinazio lanak ez dira makalak izan, jardunaldiotan lantzen ari garen gai honi buruz ikasteko adibide ezin hobeak.
  • Hurrengoek El Linar haitzuloko lanak azaldu zizkiguten: Kantabriako Alfoz de Lloredon egonik, Ábrigu taldeko José Ramón Sáiz Barreda eta Amparo Herrera Guardado espeleologoek, eta Ana B. Marín-Arroyo arkeologoak haien arteko lanak eta koordinazioa azaldu ziguten.
  • Bazkal ostean, Francisco Millán González-en txanda izan zen. Madrilgo Autonomi Erkidegoko Jarama ibarreko barreneko karsta ez da handia, estatuko beste zonaldekoen aldean, baina ederki azaldu zigun horrelakoetan ere lan sistematiko, txukun eta eredugarri bat egin daitekeela, behar bezalako koordinazioa lortu ezkero.
  • Ostean, Matienzoko inglesen txanda izan zen: Peter Smith eta John “Juan” Corrin entzutea plazerra izan zen, joan den 50 urtean Kantabriako bailara horretan egindako lanak azalduz (batzuk ADESeko kideen laguntzaz) eta esplorazioen oraingo egoera jakinaraziz, arkeologiarekin loturiko lanen aipu bereziarekin noski. 
  • Eguna amaitzeko, Manuel González Morales izan genuen Fuente del Salín azaltzen, eskuen pinturen koba famatua. Hunkigarria izan zen, Manolok aipu berezia egin baitzien, behin baino gehiagotan, aurkikuntzan eta geroko lanotan parte hartutako espeleologoei, bereziki 1985eko aurkikuntza eginiko SAEC taldekoei, bertan zegoen Carmen Martínez Barberani hitza emanez.
  • Egunean eta gauean zehar lagun zaharrekin egoteko, lagun berriak egiteko, eta espeleologoen -eta beste espezialisten- arteko harremanak ehuntzako aukera izan genuen, horrelako jardunaldietako gauzarik onena duda barik.
  • Igande goizean, azken hitzaldia izan genuen. Kasu honetan, Pablo Solares eta Borja González izan ziren, Asturiasko Cuera mendilerroan eginiko lan espeleologikoak eta arkeologikoak azalduz.
  • Gero, tailer praktikoak etorri ziren. Lehenengoan, Sergio Salazar eta Olga Spaey-en eskutik, labar-artean zentratu ginen, eta azalpen bisualen ondotik, harri gainean eginiko erreprodukzioetan grabatu eta pintura “zailak” identifikatzen ikasi genuen, zeharkako argia eta softwarearen laguntzaz.
  • Azken tailerrean Elene Arenasek hezurrez berba egin zigun, eta ikustaldiaren ostean hainbat animaliren hezur sorta ugaria esku artean izateko aukera izan genuen, haien arteko desberdintasunak bertatik bertara ikusiz, baita haiek identifikatzeko balio diguten bilduma konparatiboak ere.

Jardunaldi politak, aintzindariak. Bide honetan sakontzen jarraitzeko balio dezatela! Eskerrik asko antolatzaileei, plazerra eta ohorea izan da bertan parte hartzea.

Partaideetako batzuk. Argazkia: FEE artxiboa,

 

2026/05/03

Saguzarretan


 

Udabarriko transiziñuan ikustaldixa. Illunabarra 21:13. Hego haizia, sargori.

21:10etan grabatzen hasi naiz, hippo aktibidadia zeguala. Oro har, juan dan urteko aldian, ohiko 3 espezieen aktibidade gehixago neurtu dot; baiña egualdixan, eta intsektuen ugarittasunan eragiña izan leike.

Kontrolak: detektatutako frekuentziak, aktibitate mailia, pantallan x: 5 segundo eta y: 110-50 kHz ikusgai dagola.

2026/04/21

Zubiburua esploratzen

 

 

20260411: Tomas, Oier.

Artadi kantabrikuan dabizenak, azkenian, naturzale bihurtzen diraz eta, ezinbestian, kuebekin topo egitten dabe. Halan, Tomasen kuadrillakuak (Ibai, Eki, Aitor) Kakueta inguruan dabizela eta, Zubiburura sartzeko gogua zeuken. Hantxe juan gara ba, karstaren zientzien inguruko azalpenei adi-adi (geo, arkeo, bio) eta pare bat lekutan esploratzeko zirradia asetzeko aukeria emonda. (...). Ikasle formalak eta arduratsuak, plazerra da halako pertsonak lurpeko munduan gidatzia! 

31. Euskal Espeleologia Jardunaldietan

 

Amezti II eta Aitzbeltzeko esploratzaileak, elkarren ondoan.😜 Argazkia: Euskal Espeleologoen Elkargoa.

20260402-06: Koldobika, Galder, Oskar E, Oier.
    • 02, eguena: Hasi ditugu 31. Euskal Espeleologia Jardunaldiak #31eej . Eguraldia eta errekek dakarten emaria dela eta, planak aldatu behar izan ditugu (segurtasuna lehentasun!) eta horrenbestez topografia tailerra burutu dugu. Sandailli haitzuloaren giro majikoan, Esther Garcia lagunak Disto-Topodroidaren misterioak argitu dizkigu, eta energia Natra txokolateek eman digute, baita Laboral Kutxak gonbidatuta etorritako Jone eta Unairi ere! Afal ostean Linen hitzaldia: Descripción del paraje de Lizartza y sus alrededores.
    • 03, barikua: Lizartzako bibakeko talde biak barruan daude, txandaka esploratzen/lotan, eta lurrazalarekin egunean birritan komunikatzen. Goiko galeriak esploratzera sartutako taldea, itzuli berri da. Besteak Aloña aldean, katalogoa errebisatzen eta prospekzioan (noski, leize berriak aurkituz). Afal ostian, gure Oskarren hitzaldia (“Intrigas y verdades del espeleobuceo”, oso ona!), eta “Aldabide” laburmetraiaren proiekzioa.
    • 04, zapatua: Esplorazioan, prospekzioan jarraitzen dugu, neurri, ahalmen eta gogo ezberdinen araberako taldeetan. Beteranoak ere bisita egitera etorri zaizkigu, Jexus Etxezarreta Arrikrutzetik eta Jose Miguel Arregi Bartzelonatik. Gauean, “Murciélagos y su conservación” hitzaldia, Maria Napalek eta Gabako Elkarteko Aitor Arrizabalagan eskutik.
    • 05, domeka: Azken komunikazioa barrukoekin, denok entzun nahi genuena: “nekatuta baina ondo!”. Gaur-bihar kanpoan izango ditugu berriz. Eskerrikasko Kortakogain baserrikoei, komunikazio gunea beraien larrean ezartzen uzteagatik! Igande honetan, 31. Euskal Espeleologia Jardunaldiak belaunaldien artekoak izan dira: explorazio/prospekzio taldeak menditik itzuli direnean, 1950-60 hamarkadako espeleologoek zain izan dituzte. Ikustekoak izan dira 15-94 urte arteko gazte eta zaharren arteko konbertsazioak, hauek hasitako eta haiek jarraitzen ari diren esplorazioei buruz!
    • 06, astelehena: Gaur izan da 31. Euskal Espeleologia Jardunaldien azken eguna. Partaide gehienak aterpetxea txukuntzen, materiala garbitzen eta Arrikrutzeko koba turistikoa bisitatzen ari ginela (azken honek positiboki harritu gaitu), lurpeko azken taldea irten dela jakin dugu. Denok batera, Arantzazun bazkaldu dugu, Jardunaldi hauen helburu nagusia ondo beteta. Alegia: taldeen arteko harremana estutzea, eta elkarlanean gehiago esploratzeko gogoz gelditzea. Eskerrikasko #31eej antolaketan burubelarri aritu zareten Aloña Mendi Espeleologia Taldea ko lagunei, eta zorionak parte hartzaile guztiei.

2026/03/22

Hot atxur system

 


20260322: Xabi, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Irteera mañaneroak egiteko leku aproposa aurkituta (tabernatik hurre, hidrogeologia interesgarria), gaurkoan lanari teknifikaturik ekin diogu, Damazulo/Garabillako bidoia berreskuratuz. Honek lur-kentze erritmoa nabarmen bizkortu du, hiru errelebotan “atxurra caliente” sistemaz gain. Halan, 2,5 ordu inguruan, pasabidea 1,80 m luze eta 0,60 m zabaleko eremuan handitu dugu, 1,08 bat m3 lur aterata beraz.

Kanporakoan, Trakamailgo presa ikustera joan gara, ur gutxiagoko jarioarekin azken puntua ikuskatzeko asmoz. 10 bat l/s zetozen, eta ondo ikusten zen: galeria artifizialaren morfologiarekin bat, meatze-tunelazioa amaitutako puntuan, ura 40x30 bat zmtako laminadore batetik zetorren , laja horizontalen artean kokatutako sifoi batetik. Lehorte batean berrikusteko moduko lekua, inondik ere.

2026/03/17

Grebalariak mailu-burdinez

 

20260317: Autonomo 1, Autonomo 2

Trakamailgo Atea (Amoroto). Greba Orokor egun honekin bat eginez, Autonomo 1ek eta Autonomo 2k lan produktiboa alde batera utzi dugu; espero dezagun inork guri kargurik ez hartzea, geratu zaigun denbora librean mailu-burdinak hartuta gehien gustatzen zaiguna egitearren!

Lekeitioko udal-iturginaren krokisa, 1921. Iturria: LUA.

Ordu bi ta erdi inguru egin ditugu, 60 cm3 inguru aterata. Egin berri den galeriak baditu 3 bat metro sakon eta jada lanik handia ez da lurra kentzea, baizik eta kendutakoa kanporaino eramatea. Autonomo 1ak -puntan lan egin duenak- makilarekin egindako zundaketetan, ez du oraindik hutsune argirik, ezta gutxiago haize korronterik sumatzen.

Kanporakoan, 1888ko tunelari ikustaldi bat egin diogu. Gaurkoan ate ondoko jarioa oso gutxitua etorri da (0,05 l/s, herenegungo 15 bat l/s-en aldean), eta barruan, presaraino iritsita, haren aurrean dagoen harlangaitzezko rezinto karratuaren aztarnei erreparatu diegu. Orain aktibo dagoen presaren aurrekaria?

2026/03/15

Atia zabaltzen

 

20260315: Gotzon, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Goiz euritsu bat pasatzeko, zer hoberik aterpeko biharra baiño? Loterixa Nazionalian baiño Premio Gordo posibilidade gehixagokin gaiñera. Gaur beste 0,8 cm3 inguru, galerixa gero eta illunaguan, eta lur nabarmen hezeaguan. Baiña... !


2026/03/08

San Martin eta Atxikarre

20260308: Antua, Gotzon, Oier.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondare Zerbitzuaren eskariz, Malaxen (Aulesti) izan gara, Jose Angel Fernandez arkeologoaren zuzendaritzapean, Goi Erdi Aroko populazio gunearen indusketan agertutako leizea ikuskatzera.

San Martin baseliza osteko zelaian ginela, bertako jabea (...) ere ezagutzeko aukera izan dugu, baita bertatik pasa diren auzotar batzu ere. Seguraski industutako gunean duela 2000 bat urte bizi izandakoen ondorengoak! Ricardorenak bai behintzat, aita Errezildik etorritakoa, baina ama auzokoa bertakoa baitzen, Ispillaundi etxekoa.

Gaurko asmoa gunea ikustea eta beharko genuen materiala kalkulatzea baino ez zen. Baina azkenean, pasua libratu eta leize osoa esploratu ahal izan dugu: 8 m sakonekoa, lapiazaren arrakala baten fabore irekitakoa, eta aztarna arkeologiko ebidenterik gabe, sarrera inguruan berau artifizialki blokeatzeko eta horma bat eraikitzeko harri-lanak kenduta. Argazkitan jasoa, eta topografia eginda.

Behin lan nagusia amaituta, Ricardok esan digun beste zulo bat ikusteko aprobetxatu dugu: Atxikarre izeneko parajean (aintzinako artadia, kortafuego elektriko bat egiteko jota), leize bat. Telemetroak 10 m eman digu eta hobeto begiratzeko modukoa izango da, duela urtebete inguru bertara eroritako asto baten gorpua hobeto desegiten denean.

Egun produktiboa beraz, aurkikuntza handirik gabe bada ere, indusketa lanak behar bezala amaitzeko, eta BFAren KOZarekiko lankidetzari berrekiteko aukera eman diguna. Urte askotarako izan dadila!

2026/03/01

Paleo Trakamail

 

Trakamail (Amoroto). Iraillan 22xan hasittako desobstrukziñuan segidu dogu, itxuraz barruko jarraipena izateko lekurik probablienien. Pare bat orduko jarduna izan da, nun 70 bat zm3 kendu doguzen, ate formako pasabidian aurrera. Leku erosua biharrerako, momentuz, eta gero euki leikian premixuan tamañuak animauta.

 

2026/02/23

Trakamail


 20260222: Antua, Oier.

Trakamail (Amoroto). Atzoko ikustaldixakin animauta, paraje interesgarri (eta lurpeko erreka misteriotsu) honen ingurua miatzeko gogua sartu jaku. Menderik mende batan bestian gaiñian egindako obren funtsa ulertzen saiatu gara. Hipotesisa: kontakto baten fabore datorren ur korriente iraunkorran billa trintxera txiki bat egin zeben, potzu batekin (1800?); potzu hori trintxera haundixakin zabaldu zeben, presako galeria artifiziala zulatuta (1888?); ur horren kanpoko urteeria kaptau, eta azken arketara bideratu. Zalantza barik, LUA hobeto arakatzia mereziko dau, egitturon planuen billa.

Lezate

Destrukzioaren aurretik.

 

20260221: Antua, Oier.

Lezate (Aulesti); Trakamail (Amoroto). Goiz hutseko disponibilidadia genkala ikusitta, Lezaten aspaldi egin nahi genduan biharrerako aprobetxau dogu: lehelengo pasamanuetan, paraboltak sartu eta aluminiozko mosketoi hondatuak, altzairuzko mailloiekin ordezkatu.

Ostian, Trakamailera juan gara martitzeneko urjauzixan lekua ikustera. Askoz be ur gitxiago zetorren (0,1 l/s) baiña argi ikusten zan nundik: ez harlanduak eta lurzoruak bat egitten daben puntutik (nik pentsau neban legez), baizik eta ezkerreragotik, marga itxurako harri moltzo baten barruko arrakala batetik. Bideuan hartuta, martitzenian hartutako ikuspuntu beretsutik. 

Gaur inguruari gehixago erreparau detsat, eta deigarrixa da: harlanduzko arkua trintxera baten fonduan dago, uran billa industurako sakonune artifiziala, bistan da; arkuan eraikiñan gaiñian, beste eraikin atedun txikixago bat dago, behekua baiño zaharragua itxuraz; eta ondiok gorago, lehenago surjentzia izandako itxuradun galeria freatiko kolmataua; arkuan eraikiñetik barrurako galerixiak be itxura artifiziala daka. Horren barruan, ur korrontian nundik norakuak misterio bat diraz. Benetan interesgarrixa da, oin dala 500 urtetik leku honetan egindako eraldaketen historixia berregittia.

2026/02/18

Abitarako luizia

Abitara (Amoroto). Duela bi egun egoniko luiziaren gunera joan gara, gertatu dena ikuskatzeko. Lehenik kontrako hegian gora joan gara, Iokogana, lekuaren panoramika bat ikusteko. Ostean, Abitarako etxeetara jaitsi eta luiziaren gorengo punturaino igo gara.

Ondorioa: isuriak ez du interes espeleologikorik. Learen meandroak inguratutako mendi-muturraren material nagusia tupa iragazgaitza da. Inguru horretan azken hileetan egiten ari diren baso-lanetan, mendi bizkarraren gainean, ur-baltsa bat egin da, 15 m luze x 3 m zabal x 1,5 m sakon (=67,5 m3), herenegun ertz bat higatu eta bat-batean hustu dena. Beherako bidean, ur/buztinak hegian goitik beherako ildo nabarmena laga du, Abitarara igotzeko bidearen zati bat azpian hartuz eta errepidea lokatzez betez. Hor gelditu da luizia, beheko oinezko bidera eta ibaira iritsi barik.

Luizia eragin duen fenomenoak, beraz, ez du interes espeleologiko handirik. Bai ordea, bertara iristen ari ginela inguruan behatutako beste zenbait gauza:
    • IS-042 Trakamail (barruan presa duena). Harlanduzko fatxadaren ezker-goiko ertzean, 15 bat l/stako jarioa. Bideoan jasota.
    • IS-043 Abitara III. Atzo, aurretik pasatzean, errepidetik bertatik urjauzi bat ikusten zen, arbola artean. Gaur bertaratu garenean, ingurua lehor aurkitu dugu, baina ura isuri izanaren zeinu argiekin (argazkian jasoa). Hau ezohikoa omen da, zulo honetatik normalean ez baita urik ateratzen.
    • Isuria gertatu den lekuan bertan (539177 4798673 100), harlanduzko arketa, ur-kondukzioaren elementuekin. Altuerarengatik, Tellerijeko ur-ekarrerarekin lotua dela esango nuke.

2026/02/15

Atxoste


 20260215: Garai, Gotzon, Antua, Galder, Koldobika, Oier.

Atxoste (Ereño). Garaiek lokalizatu barri dittuan leza bi eta kueba bat ikuskatzen. Ni neu ez naiz sartu, baiña ulertu dotenangaittik lehelengua (Atxoste 1 ...) galtzerdi maillara be ez da allegatzen. Bigarrenak, ostera (Atxoste 2 ...) entidade gehitxuago dau, eta topo / argazkixak hartzera bueltau biharko da; lauhankako hazurdura bat eta saguzarren bat be ikusi ei dittuez. Hirugarrengo kuebarutz abixau dirazenian alde egin dot nik, beraz bestiak kontau beharko dittuez kontau biharrekuak.

2026/01/19

Andrabide

 

20260117: Gotzon, Antua, Oier.

Andrabide (Ereño), Errekan gora begiratzeko falta ziran adarrak konprobatzera.

Sarreran, etnografikoki oso interesgarrixa izan dan pasarte bat izan dogu. (...) Baiña benetan interesgarrixa izan da, Joxemiel Barandiaranen Eusko-Folklore kuestionarixo bat oso-osorik betetzeko beste.

Juan gara ba behera, eta neoprenoz jantzitta errekan sartuta gora egin dogu, oin dala hille batzuk Galder eta bixok allegautako bifurkaziñoraiñok. Laminadoretik barik, bestetik aurreratu gara; ez erreparo barik, gaur ur gehitxuago zetorren-eta, eta sifonatzen dirazen galerixak dirazenez. Metruak eta metruak aurrera eginda, ixa beti uretan, baiña oso leku ederra, fosilletarako igoeria egin dogu; hor bueltan zeguan begiratu biharrekua. Gotzon eta Antua jardun dabe horretan, nik nahikua nekan han egotiaz gozatziakin. Bide akuatikora jaitsi naiz gero, bestiak eskatuta, komunikaziño bisual/akustiko bat egitten saiatzeko, eta kanporutz egin dot. 14:00etarako kanpuan nenguan, eta bestiak 15:25etan emon dabe abisua; ikusittakua kontauko dabe, euren kronikan!

2026/01/06

Iñeritze eta Paltzuaran, saguzarretan

 




20260106: Gerardo, Oier.

JEEIko Inazio Garinekin, neguko saguzar ikustaldixa. I-004 Iñeritzen eta I-040 Paltzuaran Urzuloan egon gara, aurretik detektautako kolonien egoeria ikustera: (...)

9:30etan Nabarnizen geratuta bagenguazen be, eurixa, edurra eta izotza zala eta, azken momentura arte ez dogu jakin igo ahal izango giñan edo ez. Azkenian bai.

Zabaletan gora, Inazion kotxia errebuelta baten laga (ez gara ausartu itturriraiñok igotzen) eta hortik aurrera oiñez egin dogu Iñeritzerutz. Bidian suertia izan dogu, aterri xamar egin desku-eta; justu Iñeritzera allegatzian hasi jaku edurra, eta gu barrura. (...)

Kanpuan, edurra darixola topau dogu eta halaxen egin dogu behera, baiña laster atertu desku barriro. Paltzuaran inguruan GPSa martxan ipiñi -badaezpada, neure buruakin tamañuan fixatzen naiz- eta dolinia ezkerretik inguratuta, eta gero mendixan behera allegau gara bertara; justu barriro edurra hasi danian. Lezan sartuta, 3 mtako putzua instalauta topau dogu (monty txikixak, plaka gomadunak, mailloiak; guriak ete?) eta beraz ekarrittako sokia ez dogu erabilli bihar izan. (...) Kontabilidadia egin eta gero, kanpora; ondiok edurra zan (gure gauzak 2 zm edur kapa baten azpixan zeguazen), baiña beherako bidian barriro atertu desku. Beraz, egualdixakin suertia azkenian! Aurreikusittako bihar guztia egin ahal izan dogu eta.