20260308: Antua, Gotzon, Oier.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondare Zerbitzuaren eskariz, Malaxen (Aulesti) izan gara, Jose Angel Fernandez arkeologoaren zuzendaritzapean, Goi Erdi Aroko populazio gunearen indusketan agertutako leizea ikuskatzera.
San Martin baseliza osteko zelaian ginela, bertako jabea (...) ere ezagutzeko aukera izan dugu, baita bertatik pasa diren auzotar batzu ere. Seguraski industutako gunean duela 2000 bat urte bizi izandakoen ondorengoak! Ricardorenak bai behintzat, aita Errezildik etorritakoa, baina ama auzokoa bertakoa baitzen, Ispillaundi etxekoa.
Gaurko asmoa gunea ikustea eta beharko genuen materiala kalkulatzea baino ez zen. Baina azkenean, pasua libratu eta leize osoa esploratu ahal izan dugu: 8 m sakonekoa, lapiazaren arrakala baten fabore irekitakoa, eta aztarna arkeologiko ebidenterik gabe, sarrera inguruan berau artifizialki blokeatzeko eta horma bat eraikitzeko harri-lanak kenduta. Argazkitan jasoa, eta topografia eginda.
Behin lan nagusia amaituta, Ricardok esan digun beste zulo bat ikusteko aprobetxatu dugu: Atxikarre izeneko parajean (aintzinako artadia, kortafuego elektriko bat egiteko jota), leize bat. Telemetroak 10 m eman digu eta hobeto begiratzeko modukoa izango da, duela urtebete inguru bertara eroritako asto baten gorpua hobeto desegiten denean.
Egun produktiboa beraz, aurkikuntza handirik gabe bada ere, indusketa lanak behar bezala amaitzeko, eta BFAren KOZarekiko lankidetzari berrekiteko aukera eman diguna. Urte askotarako izan dadila!
2026/03/08
San Martin eta Atxikarre
2026/02/23
Lezate
![]() |
| Destrukzioaren aurretik. |
20260221: Antua, Oier.
Lezate (Aulesti); Trakamail (Amoroto). Goiz hutseko disponibilidadia genkala ikusitta, Lezaten aspaldi egin nahi genduan biharrerako aprobetxau dogu: lehelengo pasamanuetan, paraboltak sartu eta aluminiozko mosketoi hondatuak, altzairuzko mailloiekin ordezkatu.
Ostian, Trakamailera juan gara martitzeneko urjauzixan lekua ikustera. Askoz be ur gitxiago zetorren (0,1 l/s) baiña argi ikusten zan nundik: ez harlanduak eta lurzoruak bat egitten daben puntutik (nik pentsau neban legez), baizik eta ezkerreragotik, marga itxurako harri moltzo baten barruko arrakala batetik. Bideuan hartuta, martitzenian hartutako ikuspuntu beretsutik.
Gaur inguruari gehixago erreparau detsat, eta deigarrixa da: harlanduzko arkua trintxera baten fonduan dago, uran billa industurako sakonune artifiziala, bistan da; arkuan eraikiñan gaiñian, beste eraikin atedun txikixago bat dago, behekua baiño zaharragua itxuraz; eta ondiok gorago, lehenago surjentzia izandako itxuradun galeria freatiko kolmataua; arkuan eraikiñetik barrurako galerixiak be itxura artifiziala daka. Horren barruan, ur korrontian nundik norakuak misterio bat diraz. Benetan interesgarrixa da, oin dala 500 urtetik leku honetan egindako eraldaketen historixia berregittia.
2025/05/26
Busturiko beheko pisua
20250524: Iker, Koldobika, Galder, Oier.
Amezti II handiegi gelditzen zaigula eta, gazteok Busturi aldera jo dugu. Izan ere, Galderrek etxe bueltako zillo batzuen barri jaso zuela eta, eurak begiratzeko aprobetxatzea pentsatu dugu.
Lehenengo, Galderren etxetik pasatu gara, informatzaile nagusiarekin egoteko (...). Bilobari esandakoak berretsi, eta beste barik zilloon bila joan gara.
Lehenengoa, zaharren egoitzaren atzean, (...), Sagarminaga baserriaren terrenoan. Zelai lau batean egindako desplome bat da, metro 1'5 sakon, 2*3 mtako depresio borobila. Paretak lurrezkoak, hondoan hondakinak eta zuhaitz garau bat. Galderren arabera, Petrusek dio inguruan "manantial" bat dagoela. Inpenetrablea. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.
Bigarrena, handik hurre, "Txakurren Kanposantue" esaten dieten lekuan. Sasitza inpenetrable bat da, baiña Begoñaren arabera bizpahiru leza zeuden bertan, tapatu zituzten arte. Euretako bat 40 mtakoa (sic). XX puntu modura katalogatuko dugu, (...). Sasitzaren argazki bat hartuta.
Hurrengoa, Gordoizpe baserri ondoan dolina bat. Hara jeitsita, hondoa lokatzez blokeatuta dago; baina haren lateral batean, arrakala bat zabaldu da haize minimo batekin (1/10 gradu Beaufort-Etxebarria eskalan). 1980 hamarkadako uholdeetan, dolina hau urez asko bete ei zen, harik eta bapatean hustu zen arte. (...). Sarrerako argazkia eta krokisa.
Ostean, kotxea mugitu barik, Kurtzegana aldera egin dugu oinez. Bertan, itsasadarraren aldera jeisten den lautada batean (...) gaztetako olgeta-leku batera iritsi gara, "Enanituen" basoa, leize edo depresio bat ikusteko. Hau ere desplome "berri" bat da, urak terrenoan eginiko azpi-janaren ondorioa. Bidezidorraren zati handi bat hartzen du, gutxienez 8*3*2 m inguruko torka bat (sasitzak ez du izten osorik ikustea). Bertara jaitsita, azpi-janak etenik ez duela erakusten duen beste depresio txikiago batera iritsi gara, torkaren hondoan, 1*1*1 m ingurukoa. Lurrak pasabidea osorik oztopatzen du. (...). Argazki prekario bat (anguloak ematen zuena) eta krokisa.
Ostean, Iker eta Koldobika batu zaizkigu eta, Galder gidariari jarraituta -parajea ondo ezagutzen du, mutilak- Moruzillo ondoko errekazuloan gora egin dugu, Galderrek ura galtzen den hobi bat detektau ei du, eta Moruzillo barruko ur-korrontearekin zerikusia izan dezakeelakoan, erakutsi nahi digu. Errekazuloan sartu bezain laster, konturatu gara ur-emari handiagoa zetorrela (aurreragokoan Galderrek siku topatutako lekuan). Horretara, beste hobi bat detektatu dugu, kamino ondoan bertan, 4 bat l/stako emari bat irensten ari zena. Hobia bera harri txintxarrez beteta dago, baina ondoko motan, hormako frakturen fabore, bi arrakala zabaltzen dira, haize korrontearekin (2/10º BE), eta euretako bat penetrablea desobstruitu ezkero. Ez dakigu merezi duen, zeren eta Moruzilloarekiko konexioak argia dirudi. Edonola ere, katalogatzeko modukoa iruditu zait: (...). Sarrerako argazkia hartuta.
Hortik aurrera, errekazuloan gora egin dugu, Galderrek esandako hobi hori detektatu nahian. Puntu zehatza ezin izan dugu identifikatu, bistan da (ura goian-behean zetorrelako). Bai ostera, aurreko puntutik 30-40 metro errekan goran, emari aldaketa nabarmena: puntu horretara arte errekan 4 bat litro bazetozten, hortik gora 8 l edo gehiago izan dira; beraz, hobia hor inguruan egon behar dela ondorioztatu dugu. Izan ere, zona horretatik gora segitu dugu (arroila polit-polita da), eta emarian ez dugu berriro horrenbesteko aldaketarik ikusi.
Hortik gora segituta, ADESek lehendik katalogatuta zituen zilloak ikustea pentsatu dugu, Atxapunta/Apartola kaskoari buelta ematearekin batera, beste aldetik jeisteko. Horrela, lehenengo AB-008 Apartolara iritsi gara. Bertan, haize korronte nabarmena igarri dugu (3/10º BE), eta fitxa ikusita desobstruitzeko/esploratzeko pendiente dagoela ikusita, B plan polita izan daitekeela ikusi dugu, beste plan handirik ez dugun egunetarako.
Marautze aldera igotzen segitu dugu gero, baina mendi lepora iritsi baino lehen, sorpresa: oraindik Apartolako isuri aldean, bide bazterrean desplome handi bat gertatu da. 8*6*3 mtako torka bat, bidearen zati bat barruan hartu duena, eta hondoan kare harrizko sustratoa agerian itzi duena. Dena lurrez betea eta blokeatua dago, noski (Koldobikak miatu dituen zuloak zuhaitz handi baten sustraiaren artean gelditutako pasabide faltsuak baino ez dira izan). Halere, fenomenoaren neurria ikusita, katalogatzeko modukoa iruditu zaigu. (...). Gunearen argazkia hartuta.
Ordurako berandutxo zenez, AB-006 Marautze eta AB-005 Kañaneko zilloen ondotik pasatu gara, baina bertara sartu barik. Beherantz egin dugu, bizkor xamar, eta Amunategin zer, eta familia osoa aurkitu dugu bertan; haien artean (...) gure 2005eko informatzailea. Denak etorri zaizkigu, nagusi eta ume, berbetarako gogoz, eta noski, hortan jardun dugu zati batean; ADESen ikerketak, azpitik dituzten galerien informazioa, aerotermia sistema, txakolinaren ekoizpena, haien kobazuloa hobeto aztertzeko duten gogoa (AB-011, Koldobika eta Iker egon dira han)... gustura egon gara baina alde egin beharra genuen gu.
Erretirada bidean, beraz, oraindik Galderrek beste zulo bat erakusteko astia hartu du, Lekosaezondon (katalogoan AB-001 Lekuondo bezala katalogatua duguna). Hau neuri interesatu zait gehien, kokapena eta dimentsioak bio laginketarako oso egokia bihurtzen dutelako. Beste egun baterako!
Gaur atentzioa deitu didaten detaile etnografiko bi:
- Galderren arabera, San Pedro haitzuloaren izena ez da desegokia (nik uste nuen legez) baizik eta koban egoten diren kakalardoengaitik emana ("sanpedruak" = kakalardoak ei dira Busturin). Kontrastatu eta berretsi.
- Amunategikoen arabera, Jaun Zuriaren itsas-espedizioa San Pedro koban gelditu zen ur geza hartzeko. Horren erreferentzia zehatza aurkitu.
Horrenbestez amaitu dugu eguna. Ez da gutxi! 5 zillo berri eta XX puntu bat katalogorako, eta lehendik ezagutzen genituenen artean errebisatzeko beste zillo bi.
PD: beteranoen taldea ere ez ei da geldirik egon. 😁Arratsalde erdian irten dira Amezti IItik, eta hau izan da emaitza.
2025/03/29
Oibar eta Amezti II
20250329: Galder, Koldobika, Julen, Antua, Martin U, Gotzon, Oier.
Talde bittan banatuta, batzuk Oibarrera juan dira (Gizaburuaga) zulua kide barrixei erakusteko, eta bio ikustaldi bat egitteko. Dana ondo juan da itxuraz! Eta gaztiak gogoz dabizenez, bertikaletako teknikian erakustaldi bat egin biharko detsegu.
Bestiok, Amezti IIra (Aulesti). Helburu nagusixak Katabasiaren Putzua modu seguruan jaistia eta, behingoz, topo egin ahal izatia. Helburu bixak lortuta: -120an potzua gela haundi baten zabaltzen da, eta hortik behera meandro estu baten aurrera egitteko aukeria dago; Martin juan da puntan, eta amaierarik topau barik egin dau buelta.
"Anabasisa" errezagua izan da, gora-beherekin hormetatik jausten dirazen lokatz/harri plasta gitxiagokin ez dau hainbesteko bildurrik emoten. Baiña lokatza...? Ene, ene! -25tik urten arteko tarte hori zelako nekeza dan, ezin leike siñistu! Asko esatia da, baiña batzuk sujeridu dabe, ez ete dan hau izango "el Galarregi del S. XXI"...? Kanporakuan beste batzuk dudetan egon dira speleo laga eta bachatan hasteko, baiña... ikusiko dozue, egun batzu barru hamen egongo dira barriro!
Bio aldetik, ehiza urrixa: Katabasi inguruan hiruzpalau leku miatu badittudaz be, ez dot ezer ikusi eta -25ko erlaitzetan pare bat Cryptazeca baiño ez dot ha
2025/03/23
Infrañora
20240322: Julen, Gotzon, Antua, Oier.
Amezti II (Aulesti), Galarregiko barrunbeetan behera. Ez alperrik! Mendi moltzo honen ezaugarri dan lokatz adhesibo horretan integrauta, poliki-poliki baiña eten barik zabaltzen gabizen bidiak behera egin dau. 6 bat orduko jardunaldi gogorrian -batzuk nekia eta bestiok hotza- pasabide agonikua zana pertsonak pasatzeko moduan geldittu da, eta puntako esploratzailliak 70 bat metrotako potzu baten kabezeran geldittu dira -behiñ eta barriro zundatuta, Joly-ren formula akustikuakin-. Kontua da, bizi-bizi eta formakuntza prozesuan dagon lezia danez, hormatik harri asko jausten dala, eta horrenbestez horra behera jaitsi aurretik prestakuntza nahikua egin biharko dala, segurtasuna bermatzeko. Hurrengo egunian izango da hori, baiña... jarraixan datozen bihargiñok "karamelo" gozua jango dabe!
Behiñ kaleko argittasunetik aldenduta, bio lagiñak jasotzen hastia tokatzen da. Gaurkuan, 1 Meta, 2-3 Cryptazeca.
2025/01/11
UB-123 Iturritze Behekuan
20250111: Koldobika, Urtza, Antua, Gotzon, Martin U, Oskar E, Unai (+ lagun 2), Oier.
Iturritze Behekoa (Aulesti). Jentetzia, aspaldixan Goierrixan darabigun esploraziño interesgarrixenari ekitteko! Neure kasuan, Sandwitxeran Pausia zain nekanez, helburu apala: bertaraiñok allegau, bertan burua sartu (jakinda pasauko ez nintzala), kolenbolo batzuk harrapau, eta kanpora. Helburu guztiak beteta!
Danak batera sartu gara, erreskada luzia eginda. Oinguan etxeko lanak eginda ekarri dittudaz (2021eko kronikak eta bio errejistrua irakorritta), beraz banekixan pare bat estuasun larri pasau biharko nittuala, Sandwicheria baiño lehenago. Errez pasau dittudaz, eta segiduan allegau gara "L lekura" (aurreragokuan askoz be luziagua egin jatan!!). Gotzon nekan aurretik, eta Urtza atzetik; aukera ona, paniko-aproba baterako. Eta egin dot: parte horizontala gaindittu (estrainekotz, txarto gogoratzen ez badot), eta parte bertikalian sartu; egon leikezen dimentsiño guztietan neurtu, egin bihar neban mobimendua irudikatu, eta enkajau naiz; Gotzonek eskua emon desta eta tiraka sorbaldak pasau dittudaz; baiña tripia-eta allegatzian, panikua; kontrola galtzeko puntuan egon naiz -arrazionaltasuna vs. erraixak- eta, nahiz eta jakin fisikoki pasau neikiala, bildurra haundiegixa zala eta ez dot nahi izan; beraz behera eta, Urtzan laguntziakin, martxa atrasian urten dot. Baiña pozik, aurreragokuan baiño gehixago sartu naizela eta.
Koldobika eta bixok giñan hortik kanpora urtetzekuak; baiña pentsau dogu, behin horraiñok allegauta, Sandwitxeria pasatziak merezi zebala. Eta horixe egin dau, baitta errez egin be. Hortan zebixala, nik "bug mode" ipiñi eta kanporutzko bidia hartu dot. Une horretan kagada batekin konturatu naiz: pila erdi gastauekin sartu naiz, eta errekanbixua eta B argixa kotxian ahaztu jataz. Ederto Oier! Hire bistiakin, kokuak ederto ikusiko dittuk. Eskerrak Koldobika laster etorri jatala, laginketarako prest: nahikua izan da zer billau bihar zeban azaltzia, kokuak eskuma-ezker biltzen hasteko. Azkenian, ondo bete dogu potia! Pseudosinellia barne, ur potzu baten igarixan topau doguna.
14:00ak aldera kanpuan genguazen, ordu ona bazkaltzera allegatzeko! Bestiak han geratu dira, jakiña, eta kontauko dittuez kontau biharrekuak. Txarto ulertu ez badot, euren helburua eskalada batzuk amaitzia eta bertan dagozen sokak etaratzia zan. Ez badabe potzu erraldoirik topatzen...!
4-5 Quaestus, 2 Lithobius, 1 Pseudosinella, 1 Meta, 1 Tegenaria, 4 Neobisium
Lekeition eta Lezaten
20241231: Javi, Xabi, Oier.
Lekeitioko itsaslabarrak. Ingurumen Baimenan azken egunian, zabalkunde/sentsibilizaziño maillan hain garrantzitsuak dirazen aire-irudixak hartu doguz. In extremis -gutako batzuk azken ordura arte ez dogu jakin gure disponibilidadia, eta meteo partia be aldakorra zan- baiña ondo urten jaku jugadia. Irudixak bakarrik kostaldian zati batekuak izan diraz, baiña: Antzoriztik Lezetarako tramua, hain zuzen be (Ingurumen Baimenian zehaztuta genkan eremuan W zatixa); hortik aurrera, Hirigune Zona izanda, eragozpenak Barne Sailletik zetozen. Eskerrak gure artian Zuzenbide Doktore jauna genkala, norma, lege, atal eta azpiatalen amaraunian katiatuta ittoko giñan bestela! Baiña esandakua: irudi politt batzuk jaso doguz, txorixekin ez da arazorik izan (belatzak dronari erasoko ete zetsen atezuan genguazen) eta hamendik aurrera, iraillera arte gitxienez, ADESekuok ez gara hegaztixak dabizen lekuetan ibilliko.
Aurtenguangaittik, beraz, Lezateko inkurtsiño klasikuan ez gara egon, biharrak deittuta! Gutako batzuk bazkarira juntau gara baiña. Urtia bihar dan moduan amaitzeko!
2024/05/06
EEL, Komunikazio Ikastaroa
![]() |
| Argazkia: Joseba Dorado. |
240404-05: Oier.
Urregarai (Aulesti), EEL komunikaziño ikastarua. Oin dala urte batzutako egoeria ikusitta (tedra eta nicola sistemak huts egitten zeben, sarri), koordinaziñotik egoeria konpontzen saiatzia erabagi zan, pertsona bat SSF ikastaruetara bialduta, prozedurak eta kontu teknikuak sakonian ikasteko. Unai Zeberio izan zan pertsona hori; horren ondorixoz, badakitt azken urtietan komunikaziño protokoluetan aldaketa positibuak egin dittuezela, eta Larrako kanpaiñak probaleku garrantzitsua izan dirazela. Horren guztian emaitzak transmititzeko momentu egokixa zala iritzitta, montau da ikastaro hau.
Zapatua azalpenekin hasi genduan: Unaiek 70 orrialdetako zirriborrua garatu dau (ondiokan, barne kontsumorako baiño ez dana; ez publikatzeko), eta horren gaiñian, goizian zihar, asteburuan praktikatzeko moduko gidoi bat aurkeztu zeskuan. Batez be Nicola eta Pimprenelle sistemetan zentratu giñan, operatibuak dagozenak eta mantenimendu aukera gehixen dittuezenak.
Arratsaldian, goizian azaldutakua praktikatzia etorri zan. Horretarako, 5 taldetan sakabanatu giñan UB zonan zihar: Boleran, Urregaraien, Bedartzandin (2) eta Zapolan. Azken talde hau zeguan urriñen, 1600 mtara. Gure sorpresarako, komunikaziñua erreza izan zan: hasieratik lortu genduan berba egittia, danok danokin (manualen arabera, distantzia maximua 1100 m dirazenian!!), eta pixkat jolastiarren ibilli giñan aparatuen aukera ezbardiñak testatzen, antenen kontaktua hobetzen, norabidiak aldatzen... Ni neu Urregaraiko taldian izan nintzan, Lin (AMET/Satorrak), Ainhoa (Otxola), Igor (Haitzulo/UVR) eta Lotirekin (Burnia). Gero Unai Z bera be batu jakun.
Nobedade moduan, estaziño bakotxak komunikaziñua kalifikau zeixan orritxo bat banatu zan, hainbeste parametro jasota PCtik hobeto balorau ahal izateko: lekuan eta instalaziñuan ezaugarrixak, komunikaziñuan kalidadia... Kalidadia neurtzerako orduan kakanahaste pixkat zeguanez, "Ezin Sinpleago" izeneko sistema hau proposatzera ausartu nintzan: 1/5 oso txarto - 2/5 txarto - 3/5 erdipurdi - 4/5 ondo - 5/5 oso ondo. "That's one small step for man, one small leap for mankind".
Domeka goizian, ariketia pixkat gatxagua egittiarren, Lezatera juan giñan. 4 talde egin genduzen: 4garrena sarreran, 3garrena 1º pasamano osteko geletan (Ainhoa, Igor, Jose Ernesto Haitzulo/UVR eta neu), 2garrena Mozkortin (Unai Z-k gidatuta) eta 1gua Denda Kanpañan (Idoiak gidatuta). Eta hamen, barriro sorpresia: komunikaziñua bezperan baiño hobia, lehelengo saiakeratik! Unai adituak esan zeskuanez, ez dogu pentsau bihar hau beti halan izaten danik, ezta gitxiagorik be: izan be, kontrolatzen ez doguzen faktore asko dagoz (egualdixa, lurran hezetasuna, lurran egittura geologiko zihetza), eta ez da arrarua izaten estaziño baten, adibidez, momentu baten komunikaziñua lortzia, eta handik 8 ordura ezin komunikatzia.
Amaieran, Aulestiko errekan materiala txukundu eta garbittuta (oso inportantia hau be, eta danon artian errez-errez egitten dana) amaittu genduan ikastaro hau, arrakastaz eta pozik.
2024/03/24
Iturtzera bueltan
240323: Josu, Antua, Gotzon, Oier.
UB-026 Iturritza III, argazki lanak. Bigarren saiakera izan da, duela egun gutxi beste bat egin baitzen helburu berdinarekin, baina ur gehiegi zetorrela eta errepikatu beharra izan dugu. 5 personatarako expedizioa prestatua genuen, baina azkenean 4ron artean mugitu behar izan dugu dena. 10:00etatik 18:00ak arte, jardunaldi gogorra izan da!
Leku berezia da Iturritza III leizea. Gure zonako sakonenetako bat izateaz gain, historikoa ere bada -Euskal Espeleo Laguntzaren mugarria-, eta duela 15 urte eginiko azken ikustaldian (hemen eta hemen), istripuaren aztarnak aurkitu genituen. “Zaborra” kendu genuen, baina zenbait gauza xelebre lagata: Maderas de Lekeitio gelan (Gerardo uretatik kanpo mantentzeko erabili ziren oholak, lantegi horretan neurrira ebakita) eta Gernikako Industria gelan (Astrako pistola-kainoiakin eginiko buriladorea, eta Dalia kutxarilla). Bertan laga ditugu, 1991etan bizi izandako odisearen oroigarri. Leizea berezia egiten duen beste motibo bat bere iluntasuna da, beldur pixka bat ere ematen duena; eta Ezpataren Putzuari izena ematen dioten tsingy zorrotza, kontuz ez dabilenari min emateko modukoa.
Bere garaian, andaluziarrek sarrerako arrakala estua ireki bazuten ere, jarraian dagoen katazuloari nahikoa zabala iritzi zitzaion, eta bere horretan utzi zen; gaurkoan, lehenengo lana hor espatula lan pixkat egitea izan da, taldekide guztiak pasatu ahal izan gaitezen. Ostean, instalazio fitxan dauden akats batzuekin konturatu gara (zorionez, “badaezpadako” materiala generaman), eta beste 3rak beheraino jaitsi dira, ni Hiru Pertsonatako Erlaitzean geldituz. Prestatu direnean, Gotzon bertaraino igo da flash batekin, eta ni Ezpataren Penduloraino jaitsi naiz, monigote izateko. Egin dugu, eta gora. Gogorra izan da: Ezpatarena p102 bat da, eta goiko Putzu Akustikoa berriz p50a, eta batez ere azken hau igotzea asko, asko, asko kostatu zait bi petaterekin. Efektu xelebre bat gertatzen da bertan: bere formarengatik seguraski -behean zabala, goian estua- behetik gorako transmisio perfektua gertatzen da, 50 metro beherago dagoen jendea ondo-ondoan bazenu bezala entzunez; efektua ez da alderantziz gertatzen, behekoek urrun entzuten zaituzte, baina berba egin daiteke halere. Ezpataren Putzuan ez bezala: hor, gertatuko zen komunikazio arazoaren jakitun, Josuk eta Gotzonek walkie-talkiez eraman dituzte, elkar ulertu ahal izateko.
Nola ez, gaur argiztapen sistema eta ikuspegi espeleologiko berriak erabili ditugu leizeari beste ikuspegitik begiratzeko. Oraindik ez dakigu Iturritza III hidrologikoki Lea edo Artibai arrotakoa den; baina hondoko arrakalak gaur haize nabarmena zuen; eta gorakoan, begiratzeke zegoen leihatiletako bat ere esploratu dute (beste bat gelditzen da). Beraz, hipotesiak dantzan dabiltza, eta gogoa eta adorea duenak badu hemen zer ikertu, eta kanpoan non prospektatu (Iturritza “Iturtze”, Soloaga “Solua”, Kortabitarte...).
Gernikako Industria gelatik katazuloraino itzultzea ere ez da gozoa izan, behetik gorako nekeari gero eta beteago zetozen petateak gehitzen baitzitzaizkion; baina egin dugu. Parte sakonean kokorik ez baitut ikusi, katazuloa pasatu eta gero (nik uste nuena baino errazago) osteko gelan aritu naiz laginak hartzen: Lithobius 1, 3 Ischyropsalis, Tegenaria 1. Hortik, Andaluzen Arrakalan gora joan gara (jaistea baino zailagoa, horregatik!) eta egunaren azken eguzki izpietan iritsi gara kanpora, lehertuta baina pozik. Nik behintzat, bihar ukondoetako muskuloetan badakit agujeta ederrak izango ditudala!
2023/12/31
Lezate freskagarrixa
231231: Zutoia, Santi, Martin U, Aitor, Koldobika, Gotzon, Julen, Oskar F, Oskar E, Ritxar, Oier.
Ze ondo, urteko azken baiñu freskagarrixa Lezateko sifoian hartzia! (terminala, harik eta Illuntzar azpiko sistemarako pasua topau arte). Espainiar itxuran egin dogu rekorridua (campeonato de técnicas de progresión), beraz juateruzkuan ez dot sapaixak begiratzeko astirik hartu; baiña bueltarakuan bai, (...). Oso ondo topau naiz fisikoki, bistan da astian ziharko gimnasio saiuak ez dirazela alperrik. Klaudionian beste batzuk batu jakuz (Xabi, Javi, Petrus) eta han mundua konpondu dogu: bestiak beste, aurrerantzian, bazkarixak bakotxak bere poltsikotik ordainduko dittuz (ADESen itxulapikuan mesedetan), eta neri dagokitten arluan, pare bat artikulu laberako prestakuntza bidian hasi diraz. Beste urtebeterako indarra hartuta!
2023/09/02
San Pedro eta Lezate
2023-IX-1: Javi, Oier.
Enbata / EAE Jaurlaritza elkarlanarekin jarraituz, gaurkoan Bizkaiko pare bat zulotan neurketak egin ditugu, oraingoan ADES zonan.
Lehenik, San Pedro Busturikoa. Bertan, klimatikaz gain entomologia laginketa interesgarria zenez, Carlos Prietorekin egin dugu hitzordua. Giltza eskuratzeko prozedura bete eta gero, barrura egin dugu, lehen gela handiraino, gero hortik kanpora laginketak eginez itzultzeko asmoarekin. Javik bere instrumentalarekin jarduten zuen bitartean (gaurkoan uretako parametroak ere hartu behar ziren), Carlosek eta biok koko bila jardun dugu. Hasieran kostatu zaigu, baina gero joan dira zomorroak agertzen. Bai klima bai entomo estazio iraunkorrak ezarri ditugu, hurrengo laginketetan biltzeko asmoarekin. (...)
Carlos agurtu eta gero, Lezaterantz egin dugu. Asmoa sarrerako gelan, lehenengo soketan dauden uretaraino joatea baino ez zen, eta horixe egin dugu. Javik instrumentala manejatzen zuen bitartean, ni entomo lagin batzuk jaso ditut (7 bat armiarma txiki, Quaestus 1). (...)
2023/08/13
Ameztijan
230813: Oier.
Unai Zeberioren bidez allegau jakun (...) kontaktua (...), Oiniz inguruko leza bati buruz informatzen. Josetxu ondarrutarra da, portuko bihargiña, baiña bere aitta Gizaburukua zan, Bengetxe basarrikua; harek erakutsi zetsan gaurko lezia oin dala urte batzuk. (...) Bertara juan gara gaur, Ameztija (Amezti) izeneko parajera.
Bizikletan juan naiz ni Lekittotik, behin kotxia aparkauta sasoi honetan hobe da ez mobitzia eta. Okamikan bildu gara, eta handik Josetxoren 4x4an Oinizera doian bidian pistia hartu dogu, 150 kotaraiñok; gure kotxiakin horraiñok bakarrik allegauko gara; gaur ostera todoterrenuan eskumara hartu dogu, zuloz eta harriz betetako zidorrian, 200 bat mtako alturaraiñok. Bengetxe beheian bistan genkala, aldapa piku-pikuan, Josetxok esan desku aittan denporan kablez bialtzen zittuela behera bedarrak-eta; normala, 300 m horizontal eskasian 200tik 40 mtara arteko desnibela dauke eta!
Pistatik txaran gora, 20 bat mtara topau dogu zulua, errez. (...). Sarrerako argazkixa jasota. I-160 kodigua emon detsat probisionalki (Gotzon konfirmau mesedez). Bertan jausteko moduko lezia da, 2x1 mtako zabaleran, eta barruan dagon ranpa sub-bertikalak geologikoki barrixa dirudi: hormak lurrez estalitta dakaz ondiok. Arrazoi berangaittik, seguraski lur tapoi majo bat eukiko dau beheian; harri batekin zundatuta, 15 bat mtako jauzieria daka, eta haizerik bapez. Itxuraz ez dirudi oso sakona, baiña begiratu biharko da, batez be kontuan hartzen badogu inguruan ez dakagula beste zulorik (M goiko dolinetan Olarria; H beherago I-XX puntu bat, urbegixa; eta N, urriñago, Lezandipe). Josetxuk metalezko taketak dittu zulua seiñalatzen, eta gaur berak ekarrittako zintta batekin erdi balizau dogu.
Etortzen garanian zintta gehixago ekarri, ondo ipintzeko; Josetxu abisauko dogu, eta etorri ezin bada be, esploraziñuen barri emongo detsagu, argazki eta topo batekin gitxienez.
2022/12/20
Olabarrittik Lezabizkarrera
221218: Oier
Juan Mari (...), 75 urte. Berarekin telefonoz egon naiz (...). Tomas Bengoa GEVen informatzailearen biloba.
- Olabarriko jabea euren aittitta zen (amaren aita); baina bertan bizi zena, aititaren anaia (Tomas Bengoa, 1963an GEVekoekin egon zena).
- Duela 50 bat urte, aittittak Juan Mari eta bere anai zaharragoa "kobazuloa ezagutzera" eraman zituen (baina deskribapenarengatik, Kobaederra zela uste dut). Artean, osaba oraindik Olabarrin bizi zen. Ez daki zehatz zein zen bere aktibitate ekonomikoa, baina baserri "normala" zela uste du: ganadua, pinua...
- Duela urte gutxi, Aulestiko Udalak paraje horietara eginiko bisitetan, berriro joan zen kobazulora, eta "oso aldatuta" aurkitu zuen, bere ustez kolada estalagmitiko baten suntsipenaren ondorioz.
- Juan Marik ezagutzen ditu: Olabarri inguruan ikusten diren hormak, iturri rupestrea, harrizko galtzada, goiko aska karratua... Berak uste du horiek hormok laborantzarako aterrazamenduak izango zirela; baina hori bere uste hutsa da, etxean ez baita horri buruzko memoriarik transmititu.
- Egiten ari garen lanen berri eman diot. Justu gaur ezin zuen, baina esan dit hurrengo baten gatozenean gustura etorriko litzatekeela gurekin, eta abisatzeko.
Ostian, Olabarri aldera juan naiz; lehelengo asmua I-090 eta I-091 lokalizau eta sarrerako argazkixak hartzia bazan be, egualdi onak lagunduta planez aldatu dot: Olabarriko ruinetan pare bat buelta emon, eta N aldera urtetzen dan bide lautik aurrera egin dot, tirokatua ez izateko esperantzan (basurdetan zebizen lau tipokin kruzau naiz). Aurrera eginda, Oruxmapsen ikusi dot Lezabizkarra aldera nindoiala, eta gorutz eginda Koba aldera zoian pista batekin bat egingo nebala; beraz hortik aurrera egittia pentsau dot. Azkenian (Olabarrira allegatzen dan "kamiñuakin" legez), ikusi dot mapan agertzen dan zidor hori ez dala existitzen, basuak janda dagolako seguraski; beraz, atzera egin eta beste zulo bat ikusteko aprobetxau dot, I-106, hau be koordenada hutsekin dakagu-eta. Putzu txiki bat da, 6 bat metroko sakonerakoa, zabala (2x3 m), hondoa marmita formarekin (lurrez betea) eta itxura denez jarraipenik gabekoa (ez naiz jaitsi bakarrik nengoelako, baina imajinatzen dut katalogatzearekin batera miatuko zutela); dena den, goitik ez nuen ikusten aval partea. Argazki eta krokis bat hartu dittudaz.
Gero, aspaldiko Lezabizkarrako sarreria ikustera juan naiz (170729xan desekipau genduana, eta oroitzapen gazigozokua: bertan hasi nintzan tripian tamañuakin arazuak igartzen!). Sasixekin burrukan, baiña errez topau dot goittik behera; handik zuzenian beherutz juatia pentsau dot, eta hau gehixago kostau jata: lehen erabiltzen genduan bidia ez dot topau, eta sasi artian juan nahiz harik eta piñuak etaratzeko pistak topau dittudazen arte; zonia asko aldatu da juan dan 5 urtian.
2022/12/10
Speleo etnografian
221210: Peña, Oskar E, Unai, Gotzon, Martin U, Antua, Oier.
Illuntzar erraldoian, Lea aldetik, txindurrixok miaketan jardun dogu. Gaurkuan talde bittan banatuta: kanpuan, batzuk GEVen katalogoko zulo pendiente bat (Barbaixolazpije?) lokalizatzera abixau dira, errekan bestekaldian. Hasieran dronez laguntzeko asmua bazeken be, gero XXXko basarrittarran laguntza fidagarrixaguari heldu detse.
Bestiok Zulukara, gero eta erakargarrixagua egitten jatan baso galdu horretan. Plana, aurreko egunian lagatako txiruliari (oin bai, ondo igartzen da soiñua haiziana dala, urana barik) beste zulo batzuk eginda misterixua argitzeko izan da. Baiña nik gaur denpora askorik ez, eta biharlekuari kuku bat eginda kanpotik bueltatxo bat emotiakin konformau bihar izan naiz: pare bat lezaren argazki hartzia zan nere asmua, baiña azkenian Olabarri gaiñeko aska artifizial bixak, labia, aterrazamendu haundixa (urte gitxiko basuakin), horma eta pretil gehixago ikusitta juan jata denporia.
Izan be, konplexu industrial ahaztu hau gero eta deigarrixagua egitten jata. Aurreko egunian kalkulatzen neban, 200 bat urte daroiala bertan behera lagata; horrek XIX mende hasieran eraikittako Erret Bide barrixakin kointzididuko leuke, eta logikua be bada: halako azpiegittura barrixak, beti eragitten dittuez aldaketa ekonomikuak. Eta pentsau leike errepidian eragiñez Olabarrittik pasatzen dan "burdi autopista" horren aktibidadia asko bajatuko zala. Batek daki! Edozelan be, gune honen informaziñua haizeolak ikertzen dabizen YYYri pasauko detset (baitta ZZZinformatzailliari be); igual Zuluka barruko ustiapen zeinuen gaiñeko info gehitxuago be lortu geinke...
2022/12/04
Zuluka eta Kobaburu
221203: Gotzon, Antua, Oskar E, Oier.
Zuluka eta Kobaburu (Aulesti). Illuntzarko alderdi honetan egon barik nenguan, eta azkenian Olabarri famosua ezagutu dot. Basarri garaua, bistan da oin dala 200 bat urtera arte, bertan aktibidade ekonomiko haundixa egon zala: eraikin nagusixak Erdi Aroko eredua daka (albuetan harrizko gorputz bi, erdixan egurra...) eta haren inguruan dagozen eraikiñen, hormen, bidien (benetako "autopistia"!) hondarrak azterketa sakon bat mereziko leukie; beste 200 urte, eta Amaiurko gaztelua bezain berdinduta geratuko dan arren... Bidian pixkat gorago dagon "paleo-itturrixa" be ikustekua da; marmita natural bi, bata bestian jarraixan, lurpetik datorren biltzen dittuezenak; bistan da basarrixa horren arrimuan egin zala. Gaiñera, albuan dagon Zulukako sarrera ikusgarrixa ikusitta ezin da eutsi antxiñako erritualak eta erabilpenak irudikatzeko tentaldixari. Leku majikua benetan.
Bueno, gu gurera: sartu gara zulora, bere garaian entzundako korrientian billa. Koban sartuta, bertan pillatutako uran antxiñako mailla ondo ikusten da; hortik aldapan gora goiaz, eta deigarrixa egin jata galerixia estrato biren arteko kontaktuan eginda dagola. Zalantzia sartu jaku, beheko estratua artifizialki "janda" ete dagon; guk desobstrukziñua egitten egon garan lekuan be, horren aztarnia argixa zan eta goixan zuzi baten markak zeguazela esango neuke (argazkixan hartuta); ez dira egun honetan ikusi doguzen bakarrak. Olabarriko familixia topatzia lortuko bagendu (1963an, GEVekuak (...) berba egin zeben) galdetzeko moduko gauzak izango litzakez: zer etaratzen zeben leza horretatik? Ola "barri" horretan zer egitten zan badakixe? Ola "zaharra" nun ete zeguan?
Gotzon eta Antua espatuliakin biharrian geratu dirazen bittartian, Oskar prospektatzera juan da, eta ni bio laginketan jardun dot. Hauxe izan da jasotakua: 4-5 Meta, 2 Lithobius, 1 Neobisium, 1 Troglohyphantes? Saguzar txiki bi be ikusi dittudaz, Rhinolophus hipposideros itxuraz; txintxilizk eta geldi, ez dira mobidu. Amaittu dotenian, gorago dagon Kobaburu billatzera abixau naiz.
Olabarriko ruinak ikusten pixkat entretenidu eta gero, gora egin dot GPSiak lagunduta (bestela zein aklarau?). Halan be, basoko "autopistak" ez dira OruxMapsian agertzen, eta pixkat nahastian ibilli naiz. Azkenian Oskar topau dot, eta bixok gora egin dogu, Koba basarrixan ruinetara eta handik basora, Kobaburu famosua billatzera. Harrittu egin gaittu, nik uste nebana baiño polittagua. Sarrerako gelan, horma-banaketa zaharrak, aztarna modernoren bat eta kalikatak ("ofizialak" eta furtiboren bat); hortik barrura, bloke eta kolada estalagmitiko artian, galeriak miatzen jardun dogu; gorakako tximinixa batek, eta blokien azpiko hutsuniak egin jakuz deigarrixen. Horman marka baltzak be, ugari. Bueltatzeko gogua geratu jaku. Bio aldetik: 1 masma oso txikixa; 1 Lithobius; 4 Quaestus; 1 Quaestus itxurakua, baiña luziagua; 1 kakalardo baltza; 1 Meta. Saguzarrak 4-5 ikusi doguz, kueban sakabanatuta; Rh. hipposideros seguraski, ez dabe zirkiñik be egin.
Hortik behera egin dogu. Handik gitxira beste bixak be batu jakuz; Zulukan zentimetro batzuk aurrera egittia lortu dabe, itxuria. Gizaburuko herriko tabernan merianda lasaixa egin dogu.
(...)
2022/04/18
Instalakuntzak eta bio laginketak Alperdon
220416: Zutoia, Santi, Oier.
Alperdo (Aulesti). Helburu nagusixa: instalaziñoko mosketoiak kendu, mailloiekin ordezkatzeko. Santi eta Zutoia jardun dabe horretan, barruko sektorietaraiñok sartuta, eta ni bigarren soka inguruan geldittu naiz (ez nekan arrakalan aurrera egitteko gogorik) bio laginketan. Helburuak beteta: bestiak kanpora zetozela lehelengo sokan bildu gara barriro, eta nik ehiza pixkatekin potian: Trichoniscoides 1, Lithobius 1, Mesoiulus 1, Quaestus 2 eta ganba gorri 1.
(...)
2021/06/13
Oier 3, La Terreur 1
210613: Mariano, Santi, Gotzon, Antua, Oier.
(...) UB-123 (...). Juan dan egunetan Urtziren bidez jakindako zulo hau sorpresa ederra izaten dihardu. "Dana deskubriduta dagola" aspaldi sinistuta dakagunian, halako tamañoko zulo barri bat esploratziak sentsaziño berezixa emoten dau, bai horixe. (...) Behekua dolina bat da: sakunian dagoz basarrixa, zoruak eta basuak; kuebia, ohi moduan, dolinian horma baten dago, ur hobi aktibuan onduan. Sarreria artifizialki tapauta daka, pareta legor txukunakin, eta bistan da lekuan morfologixia asko aldatu dala juan dan urtietan: lekua bedarrez bardinduta badago be, nahikua da pixkat sakontzia apropos betetako terreno batian gabizela ikusteko (Antropozenoko hondakiña, 50 urtekua asko jota).
Atzokua bigarren edo hirugarren esploraziño jardunaldixa zan. Ohi moduan, kuebia "hazi" ahala, bere lurrazpiko geografian esploratzailliak lagatako paso estuen errosarixua luzatuz doia. Nere kasuan, atzo hiru pausu pasau nittuan, larri xamar, baiña laugarrenian, Santi "Errigoittiko Silfidiak" ha pasatzeko egin bihar izan zittuan maniobrak estudixau eta gero, saiatu be ez egittia erabagi neban: nere ikerketa eremutzat handik kanporako bidia hartuta, galeria aktibo altu, zabal eta ikusgarrizko 200 bat mtan ibilli nintzan lagin bilketan.
Esan bihar dot, neretako jardunaldi ezin pozgarrixagua izan zala atzokua. Izan be, kueban gitxi nabil azkenaldixan, eta horren eraginez, estuasunen aurrian dakaten bildurra ("La Terreur") hazi egin jata. Lehen errez pasauko nittuan pausuak, oin, saiatzeko be gogorik ez dot eukitzen, eta nahixago dot atzian geratzia lagunen zain, koko-biltzen. Atzo, baiña, zirkunstantzia berezixak izan ziran: etxian goizago egon biharra nekan. Orduan, lagunak horren jakitun izanda, baitta kanpora itzultzeko laguntzia eskatuta be (sartu ahala, handik kanpora itzuli biharko nintzala pentsatze hutsak takikardixia eragitten zestan!) hárek puntan zebizen explo lanetan, eta explo lanak, hain zuzen be, hori dake: plana ez dala %100ian norbere esku egoten. Kontua da, kanpora urtetzeko ordua allegauta nekala, eta lagunen arrastorik ez. Ordubete inguru zain egon eta gero, bloke-anabasan zihar bidia billatziari ekin netsan, eta bestela saiatuko ez neukiana saiatziari: poliki, eta meditaziñorako nahi dan beste denpora hartuta, estuasunak gorputzez neurtzia, kabitzeko arazuak dagozen lekuak estudixatzia... Azken fiñian, sartzerakuan pasau izanan esperientzixian ostian, banekixan arazua fisikua baiño, psikologikua zala. Eta beraz, lasaittasun hori alde batetik, eta urtetzeko premiñiak bestetik... txiri-txiri hiru pausuak pasatzen lagundu zesten. Eta, duda barik, espeleologian adrenalina gehixen galerixa barrixak deskubritzian botatzen da; baiña. bildurtzen zaittuan estuasun bat pasatzen dozunekua be, ez da txikixa. Oso pozik beraz.
Total, kanpora allegatzian (...) andra-gizonekin egon eta gero (kezkatuta zeguazen, 11:00ak aldian sartu eta 15:30etan ondiok urten barik genguazelako!), Antuanen eupadia entzun nebala. Eurak be nere atzeratxuagotik urten ziran, beraz; espero dot puntako explorik egin barik ez zebela lagako, neri laguntzera urtetziarren! Basoko orru euforikuak bota, eta hanka egin neban.
Gerora informietan ikusten nabillenez, badirudi beste zati majo bat aurreratu dogula; kuebiak 800 m horizontal inguru hartu dittu, eta hori datu oso deigarrixa da, halako alturan egonda. Hau da: Bedartzandiko alde honetako lurpeko ohiko morfologixia kontuan hartuta, leza bat espero zeikian. Ez kueba hain horizontala behintzat. Ulertu dotenangaittik itxuraz Txepetxabixeko norabidian goiaz, baiña ez dago argi hónek urok nora isurtzen dirazen: Alperdora, Ibazetara... Iturritzeko gizonan arabera, antxiñan egindako galauts-isurketak hortik urten ei ziran, baiña datu hori ez da berez fidagarrixa (antxiñan galautsa basarri askotan botatzen zan, urtaro beretsuan). Atzoko explo jardunaldixa sifoi batian amaittu ei dabe; baiña haize korriente argixa dagon sektorian. Honek esan gura dau beste pausu bat egon bihar dala, seguraski sifoi horren beste aldera pasatzen dan goiko leihatillaren bat. Zer egongo ete da? Leza erraldoiren bat topauko dogu, Lea edo Artibai ibaien maillara derrepentian jaitsiko dana? (200 m beherago!!) Edozelan be, entretenimendu politta datozen astietarako.
Ni neu, baiña, neurera: atzoko jardunaldixan koko-uzta majua jaso dot, seudoeskorpioi bat eta guzti (illuna eta haundixa). Hona zerrendia: 2 Oxychillus, 1 Zospeum, 3 Quaestus, 1 pupa, 1 Masma txiki, 1 Neobisium, 1 Lithobius. Pseudosinella saltarixak be ikusi nittuan, baiña igez egin zesten (hurrengorako: ez ahaztu pintzela!!).
2020/07/27
Lezabizkarra
Lezabizkarrian (Gizaburuaga-Aulesti), aurreko egunian Oskarrek eta Martinek topautako zuluak begiratzera eta sakontzera. Txarto ez baneban ulertu, Olabarri eta Lezandipe arteko zonan egongo giñake, beraz potentzial interesgarriko sektoria.
Goruzko bidian, aterpe kurioso bat: arkeologikoki interesgarrixa, baiña espeleologikoki ez asko. Bertako zorua artifizialki sakonduta, ebaketa-ertzian ez dogu aztarnarik ikusi; halan be, ikustaldi sakonagua mereziko leuke. Baiña gaur, Rolexetara barik, perretxikotara etorri gara!
Lehelengua I-136 Lezabizkarra koba (... ) sedimentoz betetako arrakala subhorizontal bat da, estratuen norabidia ondo erakusten dabena. Lau bat metroko sakoneran estuasun batian amaitzen da, eta ez dirudi asko jarraittu leikianik (haizia be gitxi, 1-2 Beaufort-Etxebarria). Bio laginak: masma txiki 2, meta 1. Sarrerako argazkixa, krokisa eta koordenadak hartuta.
Bigarrena I-134, poto barruko minilezia (...). Bertako zulua nasaitzen emon dogu denpora gehixena. Allegau garanian, 3-4 BF maillako haizia bazeguan be, lur mobimenduekin geldittu egin da (bittarte ez oso haundixetatik zetorren seiñale); pare bat orduko jardunan ostian ni neu juan behar izan naiz, baiña bestiak hurrengo gelatxora sartzia lortu dabe. Bertan galdutako haizia barriro topau dabe (zoruko blokien artetik gora zetorrena) baiña badirudi haizian ahula, eta beherutz jarraitzeko egin behar dan beharran tamaiñua kontuan hartuta, ez dabela merezi. Desob guztian ostian, zuluan 5 bat m sakondu dogu.
Bajatzian, itxuraz, beste leza barri bat topau dabe (I-138 ...); 8 mtan zundatuta, hurrengo baten esploratzeko geratu da.
Igual gaurko aurkikuntzarik haundiña aproximaziño-bidia izan da: biderik onena, behetik gora kamioi-bidietatik da, sigi-sagan, Martinek eta Oskarrek egindako txara-arteko zeharkaldixen ordez. Hurrenguan kontuan hartzeko!
2019/09/17
Urregarai inguruan
190914: Ibon, Petrus, Gotzon, Idurre, Oskar Sin Fin, Antua, Tomas,
Oier.
Txepetxabixen (Markina-Xemein). Umia eta bixok bestiak begiratzera
juan gara (geroko bazkarixan preliminare modura) baiña azkenian leza
barruan amaittu dogu, harrixak karriatzen. Pertsona asko giñanez,
"kadenetia" osatuta erritmo bizkorra ipiñi da (batzutan
kanpokuak ez giñan gai barrutik zetorren harri ufala kudeatzeko!).
Pare bat orduan, 300-400 kg artian etara doguz, eta potzu kabezera
bat geratu da bistan; puntakuak esan dabenez, hortik beherako
jarraibidia garbixagua eta seguruagua dirudi. Hurrengo saiorako!
Ostian, Santa Eufemiako zelaixan bazkari gozua, eta girua be
ederra.
Tartian (ez dakat oso argi ze unetan), Xabi, Oskar Bonbero eta
beste batzuk prospekziñuan eta esploraziñuan jardun dabe: katalogau
bako zulo barrixa (Jesuittena ete?), hurrenguan esploratzeko +
ermittako pistako zulua explorauta.
2019/02/25
Urregarai
- XX1: zuhaitz-ipurdi batzuen artian zabaldutako depresiñua, pare bat metro sakon, eta beste horrenbesteko desarrolloduna. Hondua, lurrez blokeauta.(...)
- XX2: lapiaz-arrakala baten amaieran, 3 bat m sartzen dan meandro itxurako galeriatxo bat, estuasun baten ostian segitzen dabena; baiña harri batek ez dau soiñurik etaratzen, eta haize korrienterik be ez daka. Koordenadak: (...)




























