2021/05/11

Espeleologoak eukalipto artean (3): baserritarren erreakzioa ekologisten ekintzen aurrean

    2021-5-11 Santi

Ekologisten taldeak erretxazo maila oso altua sortzen du baserritar hauen artean, eta hau hainbat pasadizotan ikusi dut.

Ondoko istorioa aspaldian kontatu zidaten eta, beraz, ez dakit noraino den benetakoa. Lea-Artibaiko baserritar bat eukaliptoen arteko sasiak garbitzen ari omen zen, eta ikusi zuen nola kaletarren talde bat (natura inguruko martxa batean edo) bere sailaren erdiko bidetik zihoala. Ibiltarien arteko hizketan, honelako zerbait entzun omen zuen:

Hau ezin da inola permititu, honelako inguru batean eukaliptoak sartzea

Baserritarrak hartu zuen amorrua hura entzunda hain izan omen zen handia, ibiltari haiek bere terrenotik pasatzen eta berak ebakigailuaz garbi-garbi eginda zeukan bidetik zihoazela, non handik gutxira zerratu egin omen zuen pasoa, eta hauxe zioen kartel bat jarri:

“Vagos, maleantes y ecologistas, fuera!”

Bide hura gehiago batere ez garbitzea erabaki omen zuen. Handik urte pare batera ez zuen hura zarratu beharrik ere izan hain zen trinkoa han hazi zen sasitza. Jakina, ordutik aurrera handik ezin da inor pasatu.

Hala ere, ezagutu ditut arbuio maila handiago eta beldurgarriagoko kasuak. Hau gertatzen da ekologista etsai moduan hartzen denean. Azken denboretan eukaliptoaren inguruan jazotako gertakizun batzuek indartu egin dute joera hau. Bada inguruetan eukaliptoaren aurkako kanpaina egiten ari den jende bat, baso sailetara joan eta eukalipto landareak apurtuz. Baserri eremuak nola funtzionatzen duen jakinda burugabetasun itzela iruditzen zait eta ezin dut imajinatu jende hori ohiko ekologistez osatua egon daitekeenik, baina nork jakin.  Baserritarrentzat erabat ari dago, ekologistak dira. Horrek gehitu egin ditu haien aurkako esaera bortitzak. Esate baterako,

“Ekologistieri taketagaz buruen!”

Kontua da ekintza horiekin beren egileek bilatzen zutenaren erabat aurkako efektua lortzen ari direla. Hainbat baserritarrek amorrua sentitu dute, eta behin baino gehiagotan aurretiaz pentsatuta zutena baino eukalipto gehiago landatzeko erabakia hartu. Lehen ehundaka hektarea eukalipto izango zela kalkulatzen bazen, orain, ekintza horiek direla eta, hainbat gehiago. 

                                        Urdaibaiko koba bat eukaliptoz inguraturik. ADES

Amorruzko sentimendu hori modu askotara azaltzen dute baserritarrek. Eukaliptoak apurtu zizkioten bati hauxe entzun nion:

“Harrapetan badot tiroa emongo deutsat”

Beste behin, baserritar batzuk bazkalondoko sasoian ari ziren kantu-kantuka. Haietako kanta batek karlisten garaiko abesti bat berreskuratzen zuen, letra aldatuta:

Eta tiro eta tiro 

eta tiro baltzari

eta tiro eta tiro

ekologistari

Karlisten garaiko “baltzak” (liberalak) orain ekologista bihurtuta agertzen dira letran. Honek adierazten du eukaliptoen inguruko gertakizunek sututa norainoko giro gaiztoa sortu ahal den baserritarren artean “ekologista” deitzen duten jende horren aurka. 

Zer ondorio atera dezakegu guzti honetatik? Bada hauxe: eukaliptoa ez gehitzeko ahalegina egin nahi duen jendeak ekintza positiboak burutu behar dituela. Adibidez, basoko lurra aspaldiko urteetako merkeen erosi daiteke gaur egun; leku batzuetan 2.000 edo 3.000 eurotan lortu liteke hektarea bat. Interes handia duenak horrelako sail bat hartu dezake, eta nahi duen arbola mota landatu, edo dagoen bezala utzi. Bestela, gai honetan aritzen diren elkarteetan parte har dezake, lan eginez edo diru kopuru bat eskainiz, Urdaibain hainbat hektarea kudeatzen dituen Lurgaian, adibidez.

No hay comentarios: