2021-5-3 Santi
Baserritarrek “ekologista” deitzen diote eukaliptoen aurkako iritzia azaltzen duen edonori. Eta modu xume, sinple eta argian adierazten dute horren izaerak haientzat duen kualitate nagusia:
“Ekologistie alperra da”
Beren ustez, hau begien bistako gauza da, inolako frogarik behar ez duena, autoebidentea. “Goizetan eguzkia irteten da” edo “euriak busti egiten du” esaldien pareko errealitate oinarrizko, ukaezin eta aldakaitza.
Hau dela eta, pertsona baten alferkeria norainokoa den adierazteko ohikoa da ekologista batekin alderatzea. Lehenago konparazioak alguazilarekin (udaleko beharginarekin) edo kamineruarekin (Diputazioak bideak zaintzeko kontratatutako langilearekin) egiten ziren, horrela esanez, “alguazilaren txapela baino alferragoa da” edo “kaminerua baino alferragoa”. Orain ekologistak du ohore hori baserritarren artean, baina ez, espero zitekeen bezala, “ekologista bat baino alferragoa” esamoldeaz, beste modu aldrebesago honetara baizik:
“Ixe ekologiste baten besteko alperra da”
Izan ere, haientzat ekologistaren alferkeria neurri gabekoa da, kolosala, gaindiezina. Baserritarren aburuz, ezin da egon ekologista bezain ezer alferrik (are gutxiago hura baino gehiago denik) ez lurrean, ez zeruan ez infernuan. Haien iritziz, ekologistek nahi duten gauza bakarra baserritarrak lan egin dezan da, ondoren beraiek gozatzeko:
“Gure dabie guk bier eitxie eta eurek fotografixek ataratie”
Eukaliptoaren sustraiak Urdaibaiko koba baten galerian. Josu Granja. ADES
Alferkeria antologiko honen fama dela eta, ugariak dira baserritarrek ekologistei buruz sortutako istorioak ere, batzuetan oso landuak gainera. Behinola, horrelako istorio bat entzun nuen Urdaibaiko herri batean. Imajina dezagun egoera: baserritar bat goizeko zortzietarako bere basoan hasi da lanean eta ehundaka eukalipto landare sartu ditu eguerdirako. Orduan, lanabesak lepoan hartuta herrirantz jaitsi da eta jende koadrila handi bat, arropa modakoz eta koloretsuz jantzita aurkitu du udalaren lur sailean, ustez landare batzuk sartzen. Bere itxura saskelaz agertu denean, ez dutela begi onez ikusi iruditu zaio. Etxera heldu denerako asmatua du inguruko lagun baserritarrei kontatzeko istorio bat. Iluntzean haiekin bildu da txokoan.
- “Eup! Zenbat ekologista behar dira arbola bat landatzeko?”
- “Zenbat?” erantzun diote.
- “Hasteko, Urdaibaiko ekologista guztiak elkarrekin bilduta ez dira nahikoa. Gutxienez, Bilbotik etorritako beste autobuskada handi bi gehiago behar dira”.
- “Arrazoia!” erantzuten diote.
- “Arte landaretxo bat ekarri dute eta bakarrik haietako batek eraman du aitzurra. Beste guztiek mugikor, argazki eta bideo kamerak ekarri dituzte, egin duten lan ikaragarria jasotzeko. Han egon dira denak, herriko alguazilak gaurko garbi-garbi jarri dien baztertxo batean, eta goiz osoa igaro dute, eguerdirako landarea sartzea justu-justu lortuz”.
- “Jontxo! Nahikoa egin dute!” beste batek.
- “Orduan telebistara bidali dituzte jasotako irudiak eta arratsaldeko teleberrian agertu da ekologistek burututako ekintzaren albiste sonatua”.
- “Azaina itzela, benetan!” erantzun diote barre algaraka gainerakoek.
Nondik atera ote dute baserritarrek alferkeriaren ideia hau? Bada, daukaten ekologistaren irudia honelakoa da: aldarrika ari zaien sasi-jakintsua, eurek egiten duten guztia gaizki dagoela, eta lursail eta basoetan zer egin behar duten esaten dien aho zabal jasanezina, berak ezertxo ere egin gabe. Inoiz ez dute ikusi izaki hori eskuan aitzur, aizkora, edo motozerra bat hartuta. Haien aburuz ekologistak ez daki edozer egitea zenbat kostatzen den eta, batez ere, baso-lanak zer gogorrak eta neketsuak diren.
No hay comentarios:
Publicar un comentario