2021/01/30

Armintxe eta Otoio

Gorriz, gaur miatutako zona.

 210130: Oier.

Gardatako Sakona (Armintxe) ikustaldia, eta Otoio S aldean prospekzioa.

Plana Kurpitzeta, Astozurije eta Jentilkoba haitzuloek osatzen duten hirukiaren arteko gunean bueltatxo bat ematea izan da. Halere, haranzko bidean deigarria egin zait Gardatako Sakonetik behera zetorren urjarioa, eta une batez jaitsi naiz, ikustaldi interesgarria eginez.

(...)

Bistan da, gaur jasotako datuok -orain arte bildutako guztiekin batera- Armintxe barruan lanean ari diren Foru Aldundiko profesionalen esku daude; nahikoa dute amateur hauei eskatzea.

Ostean jazo den zaparrada erraldoitik nola-hala babestu ostean, nire bidea jarraitu dut: Zatikara, eta Lamiñotegi ingurutik mendi bizkarreraino; goian, ehiztarien postuetatik hasi eta SWra jo dut, Otoioko Jentilkoba aldera. Erdi bidean NW aldera eginda, Santa Marina tontorraren eta ehiztari postuen arteko basotik zehar ibilbide zirkularra egin dut. Leku ikusgarria, hobeto begiratzea merezi duena (nahiz eta seguru nagoen Xabik jada aztertua duela; baina horrelakoetan sekula ezin da jakin... nahikoa da bi metro harantzago pasatzea, leize bat ez ikusteko). Emaitzei dagokionez, nire ohiko aurkikuntza ratioa mantendu dut (0); halere, pozik aritu naiz.

Izan ere, aurreko baten ere esan nuen, Javik emandako GIS ikastaroaren materialaren erabilpen rudimentario bat egiten hasi naiz; honek, besteak beste, mapa baten gainean gure katalogoko kobak kokatzea ahalbidetzen dit. Hau niretako aurrerakuntza handia da, prospekzio jarduna askoz ere erakargarriagoa egiten duelako: ez baita berdina basoan noraezean galduta ibiltzea (non zauden, eta nora zoazen jakin barik) edo mapa baten gainean, zure burua kokatuta, eta interesatzen zaizkizun lekuetara bideratuz. Bistan denez, taldekideek ederki menperatzen dute hau guzti hau, baina nik -boluntarioki- ez nuen bere garaian ikastaroetan parte hartu, beste speleo gauzekin nahikoa nuelako, eta banekielako gauza hauek oso bizkor aurreratzen direla, eta duela 5 urte ikasitakoak ezer gutxi balio duela gaur egun. Aurten arte; jada, lurrazalean gero eta gehiago ibiltzeko esperantza dudanez, GIS munduan sartzea merezi duela ikusi dudalako. Zentzu horretan, mendian ibiltzeko GPS eta mapak manejatzeko ganorazko gailu bat erosteko unea iritsi dela erabaki dut; eta gure jakitunei aholkua eskatzea tokatzen zait, software eta ezaugarri minimoak zeintzuk izan behar diren jakitzeko behintzat.

No hay comentarios: