2023/08/31
Aiatik Aiara
230827: Javi, Oier.
Enbatarekin kolaborazioan, elkarte hau Eusko Jaurlaritzarendako egiten ari den lanean kolaboratzea tokatu zaigu. Denboraz estu genbilen, Gipuzkoan hiru laginketa eta Araban bat egitea zelako helburua; ADESekook goizez jardun dugu, eta bi egiteko astia eman digu: San Joaquin meazuloan (Arditurri, Oiartzun xxx) eta Aierdimusu koban (Urdaneta, Aia, xxx).
Arditurrira ailegatzearekin batera, Olaberriko lamiek sekulako euri-erasoarekin ongi etorria eman digute. Guardasolak barrutik ere tantaka, meazuloan sartu eta gelak eta pasabideak segituan ezagutu ditut; Meazuri zain famatuaren fabore irekitako galeria ikusgarrienak omen dira, eta hainbat argazkitan ikusiak nituen. Javi gasak, tenperaturak eta beste parametroak neurtzen ari zirela, nik argazkiren baten lagundu eta neure arloan jardun dut, koko-bilketan alegia. Bada hara, ez dut alerik topatu; ezta bat ere gero! Familiarekin itzuli beharko naiz, lekuak bisita eta ikustaldi sakontxoagoa merezi du eta.
Zarautzen irten eta Txatxarro mendirantz jo dugu, paraje benetan ederrean zehar. Kuriosoa egin zaigu kareharri bakarra mendi tontorrean ikustea, kobazuloa handik metro oso gutxira zabaltzen dela, eta haren tamaina; imajina daiteke garai batean altuera horretan zeuden ur bideen aztarna bat izango dela. Barruan, lokatza, ura, eta gas kontzentrazio ezohikoa; parametroak jaso eta haiek interpretatzea gero tokatuko da, kabineteko lanean. Agian honekin lotuta, kobako barruko galerietan ez dut inolako izaki bizidunik aurkitu; bio lagin bakarrak sarreratik hurbil zegoen dibertikulo batean jaso ditut: 2 Mesoiulus stammeri, 1 Trichoniscoides eta 1 Pseudosinella.
Puntu honetan Javik hanka egin behar izan du, arratsaldez Tuion (Araba) geratuta baitzegoen Carlos Prieto eta Javi Maezturekin. Esan didatenez, programa bete dute beraz egun produktiboa Enbata elkarterako!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario