2021-4-26 Santi
Orain arte pinudietan leize bila ibili garen bezala, oso argi ikusten dut datozen urteetan gero eta gehiago espeleologoak eukaliptoen artean arituko garela, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Nahiz eta jende askorentzat, eta batez ere kaletarrentzat, eukaliptoak gaitz bat izan, bere monokultiboak ingurunean izan ditzakeen kalteengatik, egoera hau ekidin ezina izango da. Munduan (eta Euskal Herrian ere) ekonomiak agintzen du, eta eukaliptoa izanik lurjabeentzat nolabaiteko diru iturri bat, ezerk ez gaitu libratuko errealitate gordin horretatik.
Gaia zenbait ataletan banatuko dut eta, gaurkoarekin hasita, datozen hiru-lau asteetan beste zati bana idatziko dut. Nire asmoa ez da “basoen errealitateak nolakoa izan beharko lukeen” adieraztea, “errealitatea benetan nolakoa izango den” ulertzeko giltza batzuk eskaintzea baizik.
Aipatu beharra daukat, baita ere, zertaz ez naizen arituko, administrazioak egin behar duenaz edo egin dezakeenaz, adibidez. Aldundiak izango du bere baso politika, eta beti esan ahalko da bertako espeziekin landutako basoak ugaritzeko egiten duena baino gehiago egin dezakeela, baina hori ez da lan honen gaia. Ezta ere udalek egin dezaketenari buruzkoa ere.
Zertaz idatziko dut, orduan? “Kaletarren” ikuspegia oso ezaguna da gizartean, iritzi publikoa eukaliptoaren aurkakoa delako, baina gutxitan jakiten da jabe txikiek duten ikuspegia. Azken garaietan hainbat aukera izan dut Urdaibaiko lur-jabe eta baserritarrek nola ikusten duten auzi hau eta eukaliptoen aurka dagoen jendeari buruz zer irudi duten jakiteko. Baserritarrek “ekologistak” deitzen diete jende horri. Gertaera harrigarriak ezagutu ditut, haien pentsakizuna ondo jasotzeko balio dutenak, eta datozen kroniketan horiek xehetzen arituko naiz banan-banan. Izan ere, komeni zaigu espeleologoei zer pentsatzen duten baserritarrek gai honi buruz jakitea, haien terrenoetan ibiltzen garelako.
Espeleologoa eukalipto artean prospektatzen. ADES
Jabeek lehen pinuak sartzen zituzten haien sailetan, eta orain eukaliptoak, batez ere lehenengoetan “gorrinaren” gaixotasuna zabaldu denetik aurrera. Jakina, haiek etekin ekonomikoa bilatzen dute, eta horixe da lan egiteko duten motibazio bakarra. “Baserritarrak” aipatzen ditudanean ez dira baserritar guztiak. Izan ere, haietako asko kaleko jendearen pentsamoldeekin bat datoz eta, beraz, gauza hauei buruzko beste ikuspegi bat daukate. Hemen aipatuko ditudan baserritarrak edo jabe txikiak “genuinoenak” edo tradizionalenak izango dira, horrelako asko geratzen baitira.
Esan dudan bezala, arlo honetan etorkizunari buruz daukadan espektatiba oso ezkorra da. Ez naiz inoiz saiatu baserritar batek pinua edo eukaliptoa ez den beste zerbait landatu dezan. Badakit nola pentsatzen duten, eta ez naiz alferreko lanen zalea. Bai, ordea, ahalegindu naiz ustez naturaren arduraz agertu den jendeak zerbait praktikoa egin dezan. Adibidez, baso sail bat eros dezaten beraiek nahi dutena landatzeko. Baina ez dut lortu inoiz haietako batek sail bat erostea ez landare bakarra sartzea.
Panorama iluna ikusten dut, beraz, arlo honetan, eta ez naiz disimulatzen saiatuko. Dena eukaliptoz beteko da, inolako erremediorik gabe, madarikazio bibliko bat balitz bezala, aurretiaz pinuarekin gertatu zen modu berdin-berdinean.
Beraz, zertarako idatzi hau? Bada, gertatuko dena are okerragoa izan ez dadin. Ustez naturaren alde egin nahi duen jende batek bere ekintzekin egoera gaiztotu besterik ez du egiten. Horien adibide, azken denboretan basoetan landatuta dauden eukaliptoak hausten aritzen direnak. Ekintza hauek lortzen duten gauza bakarra hauxe da: jabe txikiak erabat haserretzea, eta eukalipto gehiago sartzea. “Ekologista” horiek ezertxo ere ez egitea lortuko balitz, agian, etorkizuneko panorama ez litzateke are gaiztoagoa izango.