2021/12/30

ADESek urtero ematen duen UG sari ospetsuak badu dagoeneko irabazlea

     2021/12/30  Santi

Aspalditik ADES taldearen irteeretara noizbehinka etortzen izan den Biktorio Taket espeleologoak jaso du aurtengo Uzkiko Garatxie Zara Zu sari preziatua (laburtuta, UG). Epaimahaiak aintzat hartu ditu hautagai honen hainbat meritu eta ez dutela parekorik adierazi du, horrela saria lortzeko asmoz ari ziren gainerako guztiak atzetik oso urrun utziaz.

Hasteko, tribunalak urte hasieran taldean sartu ziren neska-mutil batzuekin gertatutakoa ebaluatu du. Espeleologo berri hauek pasa den udan Lezandipera joateko gogoa azaldu zuten eta hori entzun orduko Biktorio “espediziora” (horrela deitu baitzion) apuntatu zen. Ez hori bakarrik, “espedizioaren lider” moduan jarri zen, neska-mutilei “leizearen azken puntaraino helduko zirela” aginduz. Gotzonek uste zuen morroiak ez zeukala halako enpresari ekiteko ganora nahikorik eta asmo hori kendu nahi izan zion burutik, baina azkenean amore eman behar izan zuen hura urrumaka eta puzka hasi zitzaionean.

Behin leizera joanak zirela eta hango jauziak jaitsita, Biktoriok estu-unez betetako alde oso konplikatu batetik joanda “azkenera iritsiko zirela” esan zien neska-mutilei, eta bera hantxe geratuko zela “zaindari moduan”. Dirudienez, itxaronaldia luzeegi egin zitzaion, eta berak bakarrik bueltan igotzen hastea erabaki zuen, neska-mutilak haien patura abandonatuz. Hori bai, igotzen hasi orduko taldekideek haraino jaitsi zuten jateko bakarra irentsi zuen ezer utzi gabe: Gernikako piperrez hornituriko patata-tortilla, nesketako baten amak goxo prestatutakoa.

Biktoriok bost ordu behar izan zituen gora igotzeko (normalean ordu erdi behar da), eta besteak non zeuden galdetu zitzaionean, “niri zer diostazue, bada”, erantzun zuen. Zorionez, neska-mutil gaixoak espedizio-buruak esandako leku estuetan 10 orduz galduta ibili ondoren kanpora irten ahal izan ziren, erabat akituta. Handik egun batzuetara Biktoriok zorion mezu bat bidali zien wassap-ez, “ia ez zarete udaberriko lore batzuk” zioena. 


                                        Biktorio Taket UG trofeo preziatuarekin 

Epaimahaiak kontuan hartutako beste meritu bat saritu honek harrokeriaz haizetutako gaitasun teknologikoen gaia izan da. Biktoriok etengabe puntako tresnei buruz jarduten zuen hitz eta hitz modu astunean, teknologia digitaletan taldeko jeniorik handienetakoa den Petrus bera ere ahozabalik utziz. Iturtzeko kobako esplorazioetan, behin, datu topografikoak biltzeko “adelantu ikaragarria” ekarriko zuela esan zuen, “azken generazioko Distoa, planoak berak bakarrik dibujatzen dituena”.

Hurrengo larunbatean hainbat jende apuntatu zen kobaren esploraziora. Topografiatzeko gunera helduta, Biktoriok bere tramankulu distiratsua atera zuen zorrotik guztiak ikusminez zeudela. Martxan jarri nahi izan zuenean, ordea, gailuak astrapalen bat zeukala konturatu zen, eta Mariano galdezka eta galdezka ari zitzaionez, azkenean zera argitu zuen, “ez dago konexiorik”. Izan ere, traste hura bakarrik wifiaz zebilen. Orduan Antuak, hitz bat bera ere esan gabe, antigoaleko tresna zaharra atera zuen zorrotik, eta horri esker ADES-ek ez zuen alferrik galdu irteera hura.

Beste kontu bat Covid-aren aurkako maskarena izan zen. Biktoriok kobetan aritzeko eta lokatzik zantarrena jasateko bereziki diseinaturik zeuden musuko batzuk fabrikatzea proposatu zion ADES-i. Oier zera adieraztera ausartu zitzaion, proposamen burugabea zela, ez baitzuen zentzurik puntako esplorazio batean musukoekin aritzeak, arrakala guztietan katigatu eta horma latzetan zatika harilkatuko ziren maskarak jarrita. Baina morroiak Oierren jarrera erabat gaitzetsi zuen eta hauxe aurpegiratu zion, “txertoen aurkako negazionista eta lejia-edale hutsa” zela. “Erantzukizun handiagoa espero nuen ustez hezkuntza zientifikoa zeukan zu bezalako norbaitengandik” gaineratu zion. Gehiago luzatu gabe 10.000 maskara berezi fabrikatzeko agindu zuen eta ADES-i pasatu zion dardaraz jartzeko moduko faktura bat. Hasieran taldeak ez zuen ordaindu nahi izan, baina geroago, Marianok esan bezala, “potroak estutu eta ordaintzea” beste erremediorik ez zen egon.

Interesatuaren meritu hauen kalitateak zalantzarako tarte askorik uzten ez badu ere, epaimahaiak ezin izan du aho bateko epaia lortu. Eztabaida luze baten ostean partaide batek (patata-tortillarik gabe geratu zen neskaren amak) boto partikularra eman du, lehen meritua nahikoa eta sobera zela Biktoriori UG golardoa emateko adieraziz. Haren ustez, beste merituek ondorengo urte pila batetan saria morroi berari ematen jarraitzeko balioko zuten. Hala ere, epaimahaiko gainerakoek ez dute ideia begi onez hartu, beste batzuk sari horretara aurkezteko aukerarik gabe uzteko modu arbitrarioa izango zela iritziz.

Zorionak saridunari!

2021/12/19

Oiz barrenian

Ezkerretik eskumara: Kortaun, Gaindua, Gainduako hatxa, Bedartzandi, Urregarai, Astarloko hatxa eta Muniozguren.

 211219: Oier.

Ziortza-Bolibar, Oiz barrenian GEVek bere garaian katalogau zittuan zuluak billatzen segitzera. Gaurkuan, helburua argixa zan: 297 zenbakiduna, “Garinduaga basarrittik hurre”, beste erreferentzia barik. Kotxia Muniozgurenen lagata bertaraiñok oiñaz juan naiz. Kortagurenen mendixan gora eginda, tontorrera jo dot lehelengo, harrixen ezaugarrixak eta terrenua orokorrian begiratuta. Gorriaga eta Astarloa moduko egitturia daka, HM aldetik leuna eta bedartsua, eta IE aldetik eskarpatua eta landaredi ugarixakin. Beste tontorretan legez, H aldian hatxak bistan dagoz, eta euren arteko kanaletan behera egin dot, Garinduagarutz.

(...) Baitta hainbeste gauza azaldu be: lezia bera kareharrizko kantera baten dagola (berak ondo bereizten dittu hareharrixa, kareharrixa eta harbela); kantera horretatik euren etxe ondoko karabirako harrixa etaratzen zala; eurixa egitten dabenian, Kortagureneko lautadan ura lurpian galtzen dala, eta asko bota dabenian, Kortagurenen sartutako ur hori Garinduaga onduan urtetzen hasten dala; eta Parbo aldian be (Oiztik behera datozen bizkarretan hurrengua) beste kareharri afloramentu bat dagola, kantera moduan be erabilli izan dana.

Kantera frente bi ikusi doguz, tontorran E aldera, Ziortzatik gora datorren kamiñuan gaiñetik. Lezia H alderago dagon frentian topau dogu (QGIS lidar kapan nahikua ondo ikusten diraz frente bixak). Argazkixa hartuta, koordenadarik ez (GPSak ez zeban sateliterik harrapatzen) baiña uste dot errez topauko dotela. Lezia kareharri moltzo horren fraktura edo diaklasa bertikal baten fabore da; ibilbide estua, baiña praktikablia, 8 bat metroko sakoneraraiñok destrepatzeko moduan, eta haize korrienterik ez. Hurrenguan materialakin etortzeko.

Egittura kuriosua da, eta geologiaz nik baiño gehixago dakixan bat etorriko balitza hobe. Uste eze hónek mendi guztiok (Gorrixa, Astarlo, Gaindua) “milhojas” geologiko egittura beretsua daukela, norabide eta buzamendu berakin. Milhojas horren zati batzuk kareharrizkuak diraz, eta beste batzuk ez; eta horrek markatzen dittu lezen kokapena (Gorriagakua lokalizatzeka dakagu; igual indikadore honi begiratuta errezago topauko ete geunke?). QGISeko litologia atalian, Gorrixa-Astarlo-Gaindua material beta bakarran barruan agertzen dira (“Alternancia de margocalizas, margas calizas y calcarenita”) behintzat, eta Parboko hatxa aparteko beta batian, baiña material berezkua.

Bistan da hamen ez dagola desarrollo haundiko zulorik topatzeko potentzialik (sakonik ez behintzat, kareharri-geruziak markatzen dau hori), baiña xelebrekeri geologiko hau ondo miatzia ariketa interesgarri eta atsegiña izango da behintzat. Momentuz, badakaguz lau zulo esploratzeko, Muniozgurenen bildots-erre gozo bat enkargatzeko atxekixa behintzat!

(...)

2021/12/15

"Harria eta Papera" liburuan aurkezpena

 211215: Oier.

Tolosako TOPIC aretuan, kuadrilla politta bildu gara Felix Ruiz de Arkauteri buruzko liburuan aurkezpenerako. Bere belaunaldiko ordezkari ohoretsu modura, Juan Laredo izan dogu (Aitzbeltz 1955 kanpainako puntako taldekidietako bat) eta Tolosako jente ugari, egixa esan, nik espero nebana baiño gehixago. Gaurko helburua “kaleko jentia” zan (ez espeleologuak; hórrek hurrengo argitalpenerako), beraz esan geinke arrakasta totala izan dala. Ea ba, gure biharrak herrixan hain ezezaguna dan Arkaute bere lekuan ipintzen laguntzeko balixo daben. Eskerrikasko hizlarixen mahaixan parte hartu daben guztiei -bereziki Pedro Ruiz de Arkauteri, ekittaldirako Madrilletik apropos etorritta- eta publikoko jentiari; euren aldetik interes haundixa eta poza igarri dogu eta. Gero Arco Iris elkartian afaltzera gonbidatu gaittue -zelako karrillera gozuak, jesus maria eta jose!- eta ez hori bakarrik: bakotxa bere etxera juan eta gero, Pablok montajetxo hau egitteko astixa hartu dau, atzoko irudixekin. Poz pozik beraz.