231216: Zutoia, Santi, Peña, Josu, Gotzon, Oier.
ADESeko kideak berebiziko espedizioa burutu dugu Leunbera; luzaroan gogoratzeko moduko eguna, egunsentitik ilunabarrera. Bere garaian esploratutako leize zurrunbilodun beldurgarria berriro ikusi nahian (Oskar E eta Gotzonek baino ez zutena ezagutzen, gure konbertsazioetan mitiko bihurtutako euskal Maelströma), gaurkoan lekuaren xarma irudietan jasotzeko ahalegina egin dugu, Josuren maisutasun grafikoaz baliatuta. Lekuaren ezaugarriek aldez aurretiko nahiko prestakuntza eskatzen zuten: 270 metro egin behar genituen labarretan behera, leizera marea beherako unean iristeko, eta egun argiz goraino itzultzeko. Horretara, egun egokia aukeratu (mareak, hegaztien beda sasoiak) eta parte meteorologikoa kontuan hartu ostean, bezperan oraindik materiala eta haren garraioa prestatu behar izan dugu. 300 m soka eta behar besteko anklajeak haraino eramatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!
Eguzkia Larrun aldetik irtetzen ari zela bildu gara Elantxobeko kanposantuan. Hotzak azala ebakitzen zigun, eta begi handiz ikusi ditugu Santik -espedizio extremoen esperientziaduna bera- petatean sarturiko sukaldetxoa eta trepetxoak, handik ordu batzutara hainbeste estimatuko genituenak. Ordu bi eman ditugu Ogoñoko basoak zeharkatu, jeisteko puntua lokalizatu, eta jeisten hasteko moduan paratu garen arte. Gora zetorren eguzkiak Matxitxako inguruak argiztatzen ziharduela, lurmuturraren alde ilunetik egin dugu behera, zotina kentzeko moduko bertikalean, eta pixkanaka, erraz erortzen ziren harriak izango zuten protagonismoaz jabetuz. Horma berean eskalatzaileak ere aurkitu ditugu -niretako gauza berria izan da, gune bat haiekin konpartitzea-, eta beraz prekauzioak biderkatu behar izan ditugu.
Beste ordu pare bat igaro dira, denok Leunberaino iritsi garen arte. Bidean, gozamen hutsa izan da paisaiari begira jaistea, inork instalatutako bidetik (eskerrikasko Gotzon!) eta geroko itzulerako izerdietan asko pentsatu nahi barik; diagonalaren amaierako aterpean kanpalekutxoa egin dugu, eta material gehiena han lagata, Leunbera jaisteko azken bi tiradak ekipo minimoarekin egin ditugu. Hortik aurrera Josu izan da zuzendari.
Lekuak inpresioa egiten du, benetan; orain etorri garen guztiok gaude baieztatzeko moduan. Lehenengo asmoa “muñekua” uretaraino jaistekoa bazen ere (ni prest nengoen!) itsasoa zakarregi aurkitu dugu, maniobra hori ziurtasunez egitea ezinduz. Beraz Zutoia metro batzuk jaitsi da, eta zipristinen artean, Josuri erreferentzia ona eman dio kuriositate natural honen irudiei behar bezelako eskala gizatiarra emateko. Zurrunbiloaren mugimendua harrapatu nahian, argazki eta bideo ugari hartu ditugu; eta uste dut batera edo bestera, nolabait, lekuaren xarma islatzea lortuko zela.
Kanpalekura itzultzeko unea ere ondo aukeratua izan da: azken biok geratu garenean, olatuak leizetik gora irtetzen ari ziren, eta zaparrada soka bidearen barreneraino zetorren. Nabarmena zen marea erdiarekin leku hura jada ez zela egoteko modukoa izango. Puntualtasun norvegiarrez (ia-ia suitzarra bezalakoa da) antolatutako espedizioa, beinke!
Santiren espezialitate gastronomikoak txandaka gozatuz (erlaitzean ez baitzegoen hiru pertsonatarako lekua baino), gorako bide neketsuari ekin diogu. Eguzkiak, zenitetik igarota, Urdaibai argiztatzen zigun eta laster joko zigun guri ere; eta itxaronaldiak -bost pertsonaren igoeran ezinbestekoak- begi gozagarriak izan dira. Soketan gorako tarteak ez ordea: goitik zetozen harriekin beldurtuta, eta behekoei gehiago ez botatzearekin kezkatuta, paisaiari begiratzeko astirik ez da egon eskalatzaileen gunera berriro ailegatu arte. Nekeak gainezka eginda, azken bertikalei ekin aurretik atseden luzea egin dut, fondoa pixka bat hartzeko, eta gutxienez azken tarte horretan harrien kezka barik eta petatea hanka artean igo ahal izan dut. Justu ilunabarra zen, eta nekeari paisaiaren edertasuna gailendu zaio; behera begiratu eta... “Hortik behetik al gatoz??? Arraioa!!!”. Euforia kabezerara heltzean. Eta Josuri ez diot esan, baina gaurko argazkirik ederrena neuk buruan dudana da: bera azken metroak igotzen, Sollube gaineko azken eguzkiak dena kobre kolorez tindatuz, basoak, itsasoa eta Izaro atzean dituela.
Besteei zain egotea, hotzaren ezpata berriro sentitzea, desmuntaia (Gotzonek berriro) eta Talaia aldetik erretirada, une polita izan da baita ere. Egunaren azken argiak izan dira, eta hortik aurrera baso ilunean: aurreko egunetan norbaitek esan zigun aholkua gogoratu dugu: “eraman argiak, gero itzultzean ilunduko bazaigu ere”. Ondo ekarria!
Luzaroan gogoratzeko moduko egun borobila, horixe baietz.