2019/10/25

Audiobisuala Markina-Xemeinen


191024: Ibon, Julen, Javi, Mariano, Antua, Gotzon, Oier.

Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Elkartian urteroko jardunaldixetan, aurten espeleologiari eskindu detse programia. Horren barruan gaur, lehelengo eguna, ADES-ekuok Artibai ibarreko kobazuluei buruzko argazki/musika/bideo montaje bat aurkeztu dogu; nahitta, irudi asko eta testu gitxi (pintxo-pote egunian pentsatzen, Kontzekupian proiektau da, kale-kalian, txikitekuan dabillen jentiak ikusteko moduan). 30 bat minutuko proiekziño bat izan da, buklian behin eta barriro ipiñi doguna, eta aurreikusittako moduan, jentiak liburuak begiratzeko eta galderak egin ahal izateko atxekixa izan da. Izan be, mahaitxo baten, Artibai eta ADES materialak euki doguz, erakusten eta emoten. Bixar Josu Zeberio gure kide ohiak beste aurkezpen bat egingo dau, besteak beste BU-56 eta Olatzeko karstari buruz, eta etzi Julenek eta Ibonek jente talde bat gidatuko dabe Gizaburuko koba batera; zapatuan, mendixan orientaziño ibillaldixa egingo da; eta domekan, mendiko filmen proiekziñua egingo da.

(...)

2019/10/14

Torca de los Caballos - Cueva del Valle lurpeko trabesia


2019/10/12  Gotzon, Martin U., Zutoia, Santi

Goizeko 9:30etan Torca de los Caballosen sartu gara, 275 metro jaisteko nolako arazoak izango genituen ardurarekin, soka jarri eta kentzen ibili behar baita han dauden 10 putzu nagusiak jaisteko. Baina, suertea izan dugu, leize osoa ekipatuta aurkitu dugulako, eta azkar heldu gara barrenera. Ez dakigu nork instalatuko zuen leizea, baina haiei eskerrak eman beharrean gara. Izan ere hasierako putzuek ematen baitute buruko min gehien, ea soka han nonbait ataskatuta geratuko oten den pentsatzen hasita.
Behean, kilometro biko meandroa zegoen guri itxaroten. Lehen 300 metro inguru erosoak dira, baina tximiniaren salara heldu ondoren handik aurrera zati konplikatuagoa hasten da.  Igo egin behar da salaren albo batetik gora eta aurreratxoago 12ko saltua jaitsi, errekara heltzeko. Salto hau desekipatuta egon da, bertako soka zahar hautsiak kenduta albo batera baztertuta. Gotzon ezer jarri gabe jaitsi da, baina nik berriro ipini ditut ia kanpoko babes-ehuna galduta eta barruko hari guztiak agerian zituzten soka haiek. Horrela, sokei apur bat eutsita, ederto joan gara beherantz.  
Torca del Hoyon 2an jatorria duen eta ezkerretik datorren afluentera heldu ondoren, handik aurrera ibilbidea askoz ere akuatikoagoa bihurtu da. Ikusten izan ditugu hormetan bustitako seinaleak, eta hasi gara pentsatzen ea gure aurretik beste jenderik joango ote zen.  
Meandroa luzea egiten da, eta kolektorera helduta, batek pentsatzen du ia egin duela trabesiako zati zail bat. Ondoren 13 metroko eskaladaren azpira heldu garenean aurretiaz joan den ekipoko jendea harrapatu dugu. Neska bat eta bi mutil tolosarrak. Azkar zihoazen, ez genituen berriro ikusiko hurrengo eskaladara heldu arte. 

                                         Kolektoretik lehen pisora igotzeko eskaladaren azpian

Eskalada buruan, han joan gara atzean uzten tramo honetako galeria luzeak: ur geldiz betetako Galeria de las Marionetas, Balkoia, sifoia libre aurkitu dugu, gour eta marmita erraldoien galeria, 18ko eskaladara heldu arte, lehen pisotik bigarren pisora pasatzen den tokia. Galeria zati bat ibilita 5 metrotako beste eskalada baten ondoren “lohizko sifoia” ere libre topatu dugu, eta han heldu gara La Canaleko liburua dagoen tokira.

                                Gotzon, lehen pisotik bigarren pisora igotzeko 18 metroko saltoaren hasieran

Merienda hartu dugu, eta sopinstant eta kafesnea hartzen aritu garenean gogoratu dut nola orain dela 30 urteetako trabesia haiek egiterakoan ardo kantinploratxoa ateratzen genuela hemen, ogitartekoa laguntzeko.  Pentsatzen jardun dut ea zer esango lukeen Diego Dulanto medikuak, bietako zein ote dieta hobea? Urteek ez dutela barkatzen, erantzungo liguke, seguru.
Ondoren tramo kantsagarri bati eman diogu hasiera, paso baxuez eta galeria arrastakorrez betetakoa: han joan dira Los Laminadores, Sala de la Lluvia, eta Galería de la Luna. Honen amaieran dagoen gour-etik ura hartu eta ondorengo Saharako galeria erraldoi eta  haretsuetatik pozarren joan gara, bidearen zatirik zailenak eginda zeudela pentsatuz.
Errekara helduta, hiru blokeen kaosak pasatu behar ziren. Ondo pasatu ditugu lehen biak, baina hirugarrena pentsa baino nekezago gertatu zaigu. Izan ere, seinaleak jarraituz oso altu igo behar da errekatik eta ondoren jaitsi. Egon gara komentatzen kaos hau beste leku desberdin batetik eta beheragotik gurutzatzen genuela antzina.
Pozarren irten gara kanpoko epeltasunera, oraindik egun argiz, arratsaldeko 6:30etan, Valleko koban zeuden turista ugarien harridura aurpegien artetik igaroaz.

Lekeitioko lur azpittik


191013: Xabi, Antua, Oier.

XXX Sisteman (Lekeitio). Helburua: Conchero inguruen miaketia, jarraipen posibliei buruz.
Bertan egon nintzan azken aldittik denpora asko pasau da (...), eta inguruko aurkikuntzak kontuan hartuta, interes bikotxakin ibilli naiz hara eta hona begira. Bio lagiñak jaso dittudaz, bistan da: Meta, tetragnatiduak, Oxychillus, masma txiki gehixago, trichoniscoides, uretako marraskillo bat, Neobisium...Antuanek saguzar bat be ikusi dau.

Kontxeruan egindako ikusketan, itxuria, Xabik eta Antuanek goiko partiak begiratu dittuez, eta ez dabe jarraitzeko modurik ikusi. Gehixago: kontxero izaeriari buruzko zalantzak be sartu jakez, bertako lapa ugaltasuna errixotik sartutakua izan ete leikian... Dana dala, lapa+ikatz asoziatu lagin bat jaso dabe, beste aztarnekin batera klasifikau eta entregatuko doguna.

Hori baiño interesgarrixagua da zona horretan, (...) gaiñian bertan, errekan gora segitzen daben pausu estua, ostian gela bat dakana. Xabin susmua da hurrengo (...) gaiñeko aldia izan leikiala, eta hortik errekan gora segitzeko aukeria egongo litzakela, (...) terminus nazkagarrixori gaindittuta (...). Goiko pausu hori zabaltzeko erraminttia biharko da, baiña ez da bihar gogorra izango; hurrengo saio baten pasatzeko modukua da.

2019/10/07

Aritzgane eta Atea

Bio: ze animali da hori? Guk ez dakigu

191006: Antua, Gotzon, Oier.

Aritzgane III-ra (Ereño), aurreko baten lokalizautako zulo barrixa. Lehelengo sarrera bigurrixan osteko gelatxuan, behera doian lezia errez nasaittu dogu. eta atzera gora igotzeko gatxa bazan be (eta gu soka barik), "masma" bixak juan dira behera. Dolina erdira doian galerixa txiki bat topau dabe, ur xirripa aktibo bateraiñok, eta bloke artian galtzen zana. Gaur ez zeguan haizerik (lehengunetan bai egon da, itxuria) eta hori barik nekez igarri leike nundik desobstruidu biharko litzaken. Esplorautzat emon dogu, ez dirudi bueltauko garanik.

Bio aldetik, sarrerako gelan Rhinolophus hipposideros bat egon da (109 kHz), gero beheko pisora mobidu dana. Sarrerako gelan bertan Meta, masma txikixago bat, Oxychillus eta Elona jaso doguz; beheko pisuan, Quaestus bat bebai. Lithobius be ikusi dogu, baiña iges egin desku.



191006-arratsaldez: Oier.

Lekeition, Mikel XXX informatzailliak seiñalautako zulua ikustera juan naiz. "Atea Berdea" etxebizitzetako obretan sartu naiz, Usotegittik. Bertara allegau naizenian uste baiño txikixagua izan da: sarreria 0,40 altu eta 0,20 zabal, ez naiz kabitzen. Barrurutz desarrollua: 3 bat metro, bistan, fuso formako galerixa-arrakalan. Haizia (Beaufort-Etxebarria eskalan) 0. Horma guztiak kaltzita kostra batekin estalitta; lurra lokatz fiña, arrakalatua, ur estankaua egon izanan seiñale. Hormak eta lurra beige koloreko oiñarrixa. Terrenua marga itxurakua izan arren, zulua karstikua da; antro endogeo txiki isolatu bat emoten dau, obrak apurtuta agerixan geratu dana. Eraikiñan zapatak estaliko dabe. XX modura katalogauko dot badaezpada. Koordenadak (UTM 30, datum ETRS89): 540099 4801055 error:8. Argazkixak egin dittudaz (eskaliakin, eta barrutik), baiña galdu; Mikelek etaratako argazkixak dakaguz barik (eskala barik).


2019/10/01

Lamiñen Sisteman, bisitariak ausikika


Euskal espeleologoen artean dugun arau ez idatzi (baina oso errespetatu) batek dio, zona bat talde espeleologiko baten ardurapean dagoenean, hango kobak ikertzera doana bertako taldearekin harremanetan jartzea komeni dela. Ez da arau legala (legez, Espainian kobazuloak ez dira inorenak -jabetza Estatuarena da-) baina bai operatiboa: lurpean, elkarlanaren emaitza hobea baita konpetentziarena baino. Ikerlari gehienek arau hau errespetatzen dute; baina badira zonako espeleologoak "gau-zaindariaren txilibitutzat" hartzen dituztenak ere (gero horrelakoak dira emaitzak).

Edonola ere, esandako hau espeleologiari dagokio bakarrik (hau da, jarduera zientifikoari); espeleoabentura jarduerak, edo turismoa, aparte doaz. Izan ere, zona guztietan daude bisitari asko erakartzen dituzten kobazuloak; gure kasuan Lamiñen Sistema (Armiña eta Lamiñen koben arteko trabesia), Iñeritzeko leizea eta besteren bat. Bertara datorren jende guztiak gu abisatzen hasi ezkero, telefono deiekin erotuko ginateke.

Jakin dugu Lamiñen Sistema bisitatzen duten talde batzuen artean liskarra piztu dela, barruan dauden sokei buruz. Egokiak diren, edo ez diren; segurtasuna bermatzen duten, edo ez duten... Hori dela eta, duela hile batzuk, pertsona batzuk gurekin harremanetan jarri ziren, haien iritzian bertan zegoen materialaren egoera eta instalazioaren segurtasuna ez zelako ona; eta ea ondo iruditzen zitzaigun hura hobetzea, gastuak eta materiala bere gain hartuta. Guk, detailea eskertzeaz gain (edozeinek ez baitu baimenik eskatzen, horrelakoak egin aurretik), nahi zutena egiteko esan genien; haiez fio ginelako, eta han zeuden soka eta instalazio horiek ez zirelako gureak (izan ere, Lamiñen Sistemaren esploratzaileok -GEV eta ADES- ez dugu sekula ezer ekipaturik utzi kobazulo honetan).
Gauzak horrela, pertsona hauek koban instalatuak zeuden materialak kendu zituzten, berriarekin ordezkatuz. Baina irailaren 28an egin dugun azken esplorazio saioan, material hau kenduta aurkitu dugu, lehengo instalazioaren antzeko berri batekin. Baita kartel hau ere:




Bistan denez, Lamiñen Sistema bisitatzen duten taldeek irizpide desberdinak dituzte instalazioaren egokitasunari buruz.

ADES Espeleologia Elkartea, printzipioz, ez da sartuko liskar honetan. Pentsatu nahi dugulako Lamiñen Sistemako bisitariak gai izango direla euren kabuz adostasun batera ailegatzeko, gure kobazulo enblematiko honen gozamena, segurtasuna eta zainketa harmonia onean uztartuz. Hala bedi!