2022/04/25

Armintxe, Ziñua eta Jentiletxeta

Argazkixa: Morkaikoko Leizarpe Espeleologia Taldea.

220424: Zapa, Oier.

Armintxe (Lekeitio) eta Ziñua/Jentiletxeta (Mutriku).

Egun euritsu batzuen ostean (atzo eta bart bereziki), speleo eguna gure etxe ondoko limnigrafo publikoaren irakurketarekin hasi da, noski. Datu serie interesgarria biltzen ari gara, (...).

Gaurko jardun printzipalari buruz, ostera, bere garaian Morkaikoko-Leizarpe (ML) taldekoek emandako pista baten atzetik abiatu gara.(...) 2015 eta 2017 urteetako udaberri aldean, lagun hauek saguzar koloniatxo baten presentzia egiaztatu zuten ME-005 Ziñuako Leizean (...); pendiente genuen zulo hori ezagutzea, eta kolonia hauen egoera ikustea.

Horretarako, orain bertako zonaren ardura duen Burumendi taldeko Josu Zapak lagundu gaitu. Eta, dakienarekin ibiltzearen abantailak, Zapak baieztatu digu aurreko ikustaldi batzuetan (urtaroa zehazteko pendiente), saguzar taldea ez zutela haitzulo horietan aurkitu, ondoko beste batean baino. Horretara, Jentiletxeta inguruan katalogatuak dituzten zortzi zuloak banan-banan ikustea pentsatu dugu, une honetako "saguzargazkia" hartze aldera.

Lehenik, Jentiletxeta I, II eta III dauden lautadatxotik pasatu eta Burumendikoek saguzarrak ikusitako beste 3 zuloak ikuskatu ditugu. Zulo txikiak dira benetan, sakonera eta iluntasun gutxikoak; arraroa dirudi bertan horrelako saguzar multzo bat aurkitzea, baina Zapak ez du zalantzarik eta horrela izango zen. Izan ere, leku oso lasaia dirudi (bisita gutxi, I, II eta III zuloen aldean) eta saguzarrendako hori garrantzitsua da. Baina gaur behintzat, bizpahiru ale solte eta bakarti baino ez ditugu ikusi (Rh. hipposideros, itxuraz). 

Jarraian, MLekoen erreferentziako zuloetarantz abiatu gara. Lehenik, objektibo nagusia ikuskatu dugu: ME-005 Ziñuako Leizea, alegia (...). Bertan, Burumendikoek esan bezala, ez dugu kolonia handi haren aztarnarik ikusi. MLekoen topoa eskutan, ustez txoko guztiak miatu ditugu, azken arrakala barne (2017-V-09an argazkian jasotako 11 aleena), eta ez dugu lau saguzar baino ikusi; gutxienez bi espezieetakoak, hori bai. Haietako bi esnatu egin dira, eta Petterson saguzargailu berriarekin Rh. ferrumequinum eta Rh. hipposideros zirela baieztatu ahal izan dugu (grabazioak biak batera harrapatu ditu). Kanporako bidean, bio lagin batzuk jaso ditugu: Meta menardi 1, armiarma txiki 1, eta Oxychillus 1.

Bertan geundela aprobetxatuz, ME-006 Ziñuako Kobatxoa ere ikusi dugu (...); saguzarrik ez bertan.

Itzuleran I, II eta IIIetan eginiko ikustaldi bizkor banarekin amaitu dugu: lehenengo bietan alerik ez, eta hirugarrenean 4, Rh. hipposideros itxuraz.

Hemendik aurrera grabazioak egiten joango garenez, Granollerseko Natur Zientzien Museoaren datu-bilketa eta prozesatze sarean parte hartzeko aukera inbestigatu beharko dugu.

Egun produktibo honek lehen genekiena baieztatu digu: horrelako lanak egiteko lagunik onenak, tokian tokiko espeleologoak izaten direla. Ordu bitan 8 kobazulo miatzea ez baita marka txikia! Eskerrikasko Zapa, estimatua dago zure laguntza.

2022/04/21

Atxakixoneko deabrua

 2021-4-11 Aitor, Zutoia, Santi

Kontakizun bitxi baten berri jakin dugu Valentin Achurculu XIX. mendeko esploratzailearen kroniken paperetan irakurrita.  Valentinek Akordan  kokatzen du albistea, baina ez dakigu zein Akorda den, Ereñokoa ala Ibarrangelukoa.

Esaten du han baserritar batzuek aipatu ziotela kontua, txakarira joan nahi zuela esan zienean, eta artadiaren izenaz galdetu zienean. Hau erantzun zioten, edo hori idatzi zuen bere testuan behintzat: Achaquijon. Oso xelebrea egin omen zitzaion izena, eta hartaz galdetu zien. Orduan, baserriko mutikoak hauxe gehitu omen zuen: Achaquijonen ach andije dau lepot ganien. Berak zera ulertu omen zuen, han, dena delako leku hartan, aparteko haitz bat zegoela konkor batean. Hasieran Valentin barreka hasi omen zen, baina umearen amak hauxe gehitu, eguije da, ach andi bat dau arri istu baten ganien pareta. Iñoc pe estaqui zelan eusten deutson jeusi baric.  Honek irrikatu zuen Valentin, eta non zegoen jakin nahi izan omen zuen. Baserrikoek artadiko puntu bat seinalatu zioten, baina inork ez zion hara joaten lagundu nahi, eta nolabaiteko beldurra zutela susmatu zuen. Orduan marrazki bat egin zuen haien laguntzaz, bere kronikatik jaso duguna.

                                                   Valentin Achurculu, 1895

Buelta bat egin omen zuen artaditik, baina ez zuen ezer berezirik aurkitu. Itzultzean baserritarrek galdetu zioten ea lekua aurkitu zuen, eta berak ezetz. Orduan, etxeko amamak hauxe gaineratu omen zuen:

Obeto. Ach orren barruen diebru gizto bat dau lotunde. (“Hobeto. Haitz horren barruan deabru gaizto bat dago lotuta.”)

Hauxe gaineratu omen zuen amamak: Baten batec acha mobidu ezquero, diabruec urten eingo leuque barrutic eta ingueru guztije ondatu. (“Bateren batek haitza mugitu ezkero deabrua irtengo litzateke barrutik eta inguru guztia hondatu”).

Orain arte guk ere ezin izan dugu aurkitu leku hori, benetan existitzen bada. Atxarretik buelta bat ematera joan garen azken aldian begiak zuhur izan ditugu, baina ez dugu horren antzeko ezer ikusi.

Agian, dagoeneko norbaitek haitza mugitu du, erdi bi egin da, eta deabrua libre dabil munduan zehar.

Aldiz, bai bururatu zaigu izenaren jatorria zein izan daitekeen: Achaquijon hitza hemendik etor liteke, Hatxak igon (“Haitzak igo”) esakeratik, hain zuzen.

2022/04/18

Abaro-Jentilzubi laginketan eta ikasten


 220418: Carlos P, Sandra, Unai A, Oier.

Abaro-Jentilzubi (Dima). Aspaldi genbixan urteera bioespeleologiko bat egitteko gogoz, Carlos eta Unai alkar ezagutu zeixezen; Pazko astelehen goiz hau izan da aukeria, Espeleoparatodos-en salida bat aprobetxauta. Sandra izan dogu lagun, espeleologian pixkaka barneratzen dagona, eta oinguan karstaren zientzietako bat pixkat hobeto ezagutzeko aukeria izan dabena.

Ez neban lekua ezagutzen (asssspaldi Baltzolara egindako bisitta bat kenduta), eta neretako leku eder bat deskubritzia izan da; kanpotik pasio asko merezi dittuana. Kobazuluari buruz, historixa interesgarrixa daka: Abaroko lezia eta Jentilzubiko kuebia (Axlor aterpian azpixan) aspaldi ezagunak baziran be, oin dala gitxira arte ez dira lotu (2000 hamarkadan, GEMAk) eta trabesia oso ederra geratu da, pare bat rappel txiki eta pasamanuekin, eta 4 paso (ez oso) esturekin, ibillaldi politta osatzen dabena. Laurok parte hartu dogu laginketan, eta espezie interesgarri asko jaso eta behatzeko aukeria izan dogu, euren medio naturalian. Nere aldetik, bestalde, plazerra izan da Unai lurpeko gidaritzan obserbatzia: laguntzia eta azalpenak emonda, lurpeko mundua ezagutu nahi daben pertsonendako enbaxadore bikaina. Zelako suertia halako elementuak inguruan izatia!

Instalakuntzak eta bio laginketak Alperdon


 220416: Zutoia, Santi, Oier.

Alperdo (Aulesti). Helburu nagusixa: instalaziñoko mosketoiak kendu, mailloiekin ordezkatzeko. Santi eta Zutoia jardun dabe horretan, barruko sektorietaraiñok sartuta, eta ni bigarren soka inguruan geldittu naiz (ez nekan arrakalan aurrera egitteko gogorik) bio laginketan. Helburuak beteta: bestiak kanpora zetozela lehelengo sokan bildu gara barriro, eta nik ehiza pixkatekin potian: Trichoniscoides 1, Lithobius 1, Mesoiulus 1, Quaestus 2 eta ganba gorri 1.

(...)

2022/04/14

Ora et explora


220409: Antua, Oier.

Garinduagan (Ziortza-Bolibar). Aurreko egunian Kepa (...)k erakutsittako zulora juan gara zuzenian, hasi eta amaitzeko asmoz. Sorpresia hartu dogu, eze, sartu-urten txiki bat zana uste baiño leza sakonagua izan da. Tamaño ikaragarririk ez (15 bat metro sakon), baiña soka barik hostia on bat hartu eta urten ezinda geratzeko modukua bai. Antuanek mendixan egitturiari ondo erreparau detsa (hori nahi neban nik) eta lezian nundik norakuak interpretatzeko balixo izan desku; Garinduaga aldeko kontrapendientia ikusi biharko da, ea Kepak aurreragokuan aittatu zeban surgentzia intermitente horrek (550 bat mtako altueran) leza honekin zerikusirik ete dakan. Izan be, estratuen buzamentuari erreparauta (lezia horren fabore doia) ura mendixan bestekaldera bideratzen dala pentsau leike.

Lezia bera, esandako legez, estratuetan egindako fraktura bertikal baten fabore zabaldu da: arrakala formia daka, oin-plantan; altxaeran, barriz, kanpai formia hartzen dau, bertizia sarrerako lezia dala, eta hondua punturik zabalena. Hondo honek ura alde batetik galtzen dau, eta sartuune baten beste arrakala paralelo batera sartzen gara, askoz be altuera gitxiagokua. Behe guztia bloke dezimetrikoz beteta dago, eta ertzetan espeleotemak eta koladak (IE aldian) eta bloke kaltzifikauak (HM aldian); ondoko arrakala paraleluan espeleotemak askoz be ugarixaguak diraz. Bertan, kuebiak behera segitzen dau, argi eta garbi, baiña blokez beteta dagonez ezin da jarraittu. Haize korrienterik ez, bape; baiña deigarrixa egin jaku kueba barruan dagon hotza.

Koordenadak hartu doguz (...), sarrerako argazkixa, barruko batzuk bebai, eta topo egin dogu. Bio lagin batzuk be jaso doguz:(...)

Pozik geratu gara: galtzerdi ziztrin baten esperuan gindoiazen (eskerrak materiala eruan dogula) eta première bat egin dogu (emoten dabenez, GEVekuak katalogau bai, baiña ez ziran lezara sartu). Iñoiz Ziortza-Bolibarren espeleologia talderen bat egitten bada (monasterixuan arrimuan, ora et explora lelo eguneratuan?) momentuz herriko lezarik sakonena dan honek leku berezixa izango dau, seguru.

Esandako moduan, denpora osuan mendi moltzo honen geologia berezixari begira egon gara; eta jaisterakuan, Goikoetxebarrin geratu gara, eraikiñari hobeto erreparatzeko: basarri garaua, itxuraz bizitza bi izan zittuana, eta hareharri / lutita harrixakin egindakua, mendi honetako materialekin beraz (kilometro zero!). Deigarrixa, egurrezko ateburuz egindako pegora bikotxa. Teillatua hondoratuta daka, baiña itxuraz hormak ondo eusten detse egitturiari.