2021-4-11 Aitor, Zutoia, Santi
Kontakizun bitxi baten berri jakin dugu Valentin Achurculu XIX. mendeko esploratzailearen kroniken paperetan irakurrita. Valentinek Akordan kokatzen du albistea, baina ez dakigu zein Akorda den, Ereñokoa ala Ibarrangelukoa.
Esaten du han baserritar batzuek aipatu ziotela kontua, txakarira joan nahi zuela esan zienean, eta artadiaren izenaz galdetu zienean. Hau erantzun zioten, edo hori idatzi zuen bere testuan behintzat: Achaquijon. Oso xelebrea egin omen zitzaion izena, eta hartaz galdetu zien. Orduan, baserriko mutikoak hauxe gehitu omen zuen: Achaquijonen ach andije dau lepot ganien. Berak zera ulertu omen zuen, han, dena delako leku hartan, aparteko haitz bat zegoela konkor batean. Hasieran Valentin barreka hasi omen zen, baina umearen amak hauxe gehitu, eguije da, ach andi bat dau arri istu baten ganien pareta. Iñoc pe estaqui zelan eusten deutson jeusi baric. Honek irrikatu zuen Valentin, eta non zegoen jakin nahi izan omen zuen. Baserrikoek artadiko puntu bat seinalatu zioten, baina inork ez zion hara joaten lagundu nahi, eta nolabaiteko beldurra zutela susmatu zuen. Orduan marrazki bat egin zuen haien laguntzaz, bere kronikatik jaso duguna.
Valentin Achurculu, 1895
Buelta bat egin omen zuen artaditik, baina ez zuen ezer berezirik aurkitu. Itzultzean baserritarrek galdetu zioten ea lekua aurkitu zuen, eta berak ezetz. Orduan, etxeko amamak hauxe gaineratu omen zuen:
Obeto. Ach orren barruen diebru gizto bat dau lotunde. (“Hobeto. Haitz horren barruan deabru gaizto bat dago lotuta.”)
Hauxe gaineratu omen zuen amamak: Baten batec acha mobidu ezquero, diabruec urten eingo leuque barrutic eta ingueru guztije ondatu. (“Bateren batek haitza mugitu ezkero deabrua irtengo litzateke barrutik eta inguru guztia hondatu”).
Orain arte guk ere ezin izan dugu aurkitu leku hori, benetan existitzen bada. Atxarretik buelta bat ematera joan garen azken aldian begiak zuhur izan ditugu, baina ez dugu horren antzeko ezer ikusi.
Agian, dagoeneko norbaitek haitza mugitu du, erdi bi egin da, eta deabrua libre dabil munduan zehar.
Aldiz, bai bururatu zaigu izenaren jatorria zein izan daitekeen: Achaquijon hitza hemendik etor liteke, Hatxak igon (“Haitzak igo”) esakeratik, hain zuzen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario