2022/09/14

14. EuroSpeleo Forum / XI Espainiar Kongresuan

 

Argazkia: Espeleofoto

220909-11: Oier.

14. EuroSpeleo Forum / XI Espainiar Kongresuan. Astean zehar Kantabrian izandako ekitaldien ostean, azken 3 egunak, akademikoagoak, Burgosen izan dira. Arkauteri buruzko komunikazioa ostiralean aurkeztu nuen, eta bezperan heldutako liburuen aurkezpenarekin osatu ahal izan genuen; kanpoan mahaitxo bat ipini nuen, CEC, Galiziako Federazioaren eta Victor Ferrerren stand bikainen artean, eta ale batzuk saldu genituen (asko ez: 9, zehazki). Gainera, aldez aurretik salduak ziren beste 6 ale banatzeko aprobetxatu nuen; hemendik aurrera, beste erosleei eta EEE-ko kideei aleak helarazteko lan atsegina dator.

Kongresuari berari buruz, betiko legez atsegin eta estres nahaste berezi horrekin bizi izan dut: espeleologo askorekin egon -batzuk lehendik ezagunak, eta askoz ere gehiago berriak-, txartelak eta kontaktuak barra-barra trukatu, bereziki norbere interes bereko gaiak lantzen dituenekin. (...) Bestalde, justu liburuekin nengoelako saguzarrei buruzko hitzaldia galdu nuen, eta quiropteros.org eta SECEMU elkarteen webguneak miatu behar ditut, ADESen egiten ari garenakin bateragarria ote den ikusteko.

Hitzaldiak bisitekin osatu dira, eta niri Fuentemolinos eta Atapuerca egokitu zaizkit. Denak espeleologoak ginenez, bisita turistikoez gaineko hainbat "extra" izan ditugu, bai azalpenen aldetik, baita normalean bisitatzen ez diren lekuetara joanez. Fuentemolinosekoa Natalia Niphargus taldeko kidearen eta Sergio Blanco "Beloaventura" enpresako gerentearen gidaritzapean egin genuen, eta lurpeko ondarearen kudeaketa eredu oso interesgarria begitandu zitzaidan, espeleologoek bultzatua eta kudeatua, Administrazioaren parte hartze eta babesarekin. Noiz ailegatu ahal izango ote gara gu horra?? Alegia: politikoak konbentzitzea zientzia eta turismo jasangarria bateragarriak direla, eta herriarendako etekin ekonomikoak ekarri ditzaketela.

Bigarren bisita, Atapuercakoa, Edelweiss taldeko Ana Isabel Ortegak -agian, jardunaldi hauetan gehien inpresionatu nauen pertsona- eta Miguel "Choperas"ek egin digute,  bertako gidarietako batekin. Silo, Peluda, Trinchera, Fantasma, Dolina, Galeria... Zer esan? Txunditua, bai gunearekin dimentsio eta historiarekin, bai bertatik ateratzen ari diren informazio kopuruarekin, eta baita kudeaketa ereduarekin. Esan beharrik ez dago, espeleologoek tinglatu guzti honetan pisu handia dutela, eta gestio taldearen parte direla hasiera-hasieratik, ardura handiak hartuz. Badugu nora begiratu bai, Bizkaiko egoera hobetzeko!

Oro har, esan dezaket informazio interesgarriarekin gainezka etorri garela (...), baina garrantzitsuena, adiskidetasun berriak egitea eta lehengo harremanak estutzea izan dela. Arkauteren liburuaren hasierako aipua jarraituz!

"Izan ere, garrantzitsua deritzot espeleologia taldeen arteko loturak estutzeari. Baina elkartasun hori adiskidetasun pertsonaletan oinarritu behar da, ez federazio ofizial batean. Egia esan behar badizut, gauza ofizial guztiei usain txarra hartzen diet". (Arkauteren gutuna Edelweisseko Jose Luis Uribarriri, 1956ko uztailaren 4a).

PD: asteburu ederra izan da, beraz. Baina xelebreena, nire ostatuaren eta Forum Evolucion aretoaren artean zegoen Sandro taberna ezagutzea izan da. Kongresuko lau lagun sartu ginen bertan, une ezberdinetan, eta laurok ahozabalik itzuli ginen. Gero jakin dugu ez garela bakarrak izan, eta hain zuzen ere bezeroari ematen zaion tratu finarengatik dela famatua taberna hori. Gomendagarria oso, ahaztu ezin den esperientzia epikureoa!

No hay comentarios: