220925: Oier.
Eretan, Alienor 2022 Jardunaldietan. Bertan pilatu den speleo jende-saldoa baliatuz, argitaratu berri dugun liburuaren aleak banatzera joan gara: kortesiazko 7 ale Zuberoa-Biarnorako, 26 ale ARSIP liburudendarako, 13 ale FUE eta Agiro taldeetako lagunendako. Bide batez, goiza lagunak ikusteko eta bertako ekitalditxo batzuetan egoteko probestu dugu. Herriko ikuskizun aretoan posterrak eta Crochet, Guiraud, Dole, Fage, Trouve eta Maestracciren hitzaldi/audiobisualak ikustera joan naiz eta, hara nolako sorpresa hartu dudan, areto horretan euskal speleo historiaren pieza garrantzitsu batzuen erakusketa iraunkorra dagoela deskubritu dudanean: Cosynsen 1950ko gindaxa (Lepineux leizearen lehen exploraziokoa), Queffelecen 1953koa (La Verna deskubritu zen espediziokoa) eta Marcel Loubensen gorpua ateratzeko erabilitako zerraldoa. To!
Herriko festen aretoan, liburu eta material saltokiak zeuden. Ez naiz horrelakoetara joateko zalea (dena erosi nahi izaten dut, eta ezin!) baina liburuaren hartzaile gehienak bertan nituen, besteak beste Alain Dole GSHPko laguna. Haren postuko gauza eta paperen artean Norbert Casteret handiaren gauzak zeuden, enkantean lortutako materialak. Hari galdetuta jakin dut material horren jatorria: Castereten heriotzaren ostean, alabei bere artxiboaren etorkizuna erabaki beharra egokitu zitzaion. Aitak DENA gordetzen baitzuen: hasi esplorazio egunkarietatik, eta segi argazki, hitzaldien erreferentzia, argitalpen eta bestelako materialetatik. Frantziako eskualde pila bat, eta atzerrikoak ere bai: tartean Euskal Herria, Espainia eta Afrika. Dozenaka milaka paper. Zer egin? Lehena, inbentario bat egitea izan zen: materialak sailkatu, eta loteak egin. Jarraian, lote horiek interesa izan zezaketen espeleologoei eskaini; horrela, adibidez ARSIPek Larrari buruzko materialak erosi zituen, GSHPkoek Midi aldekoak... Gero, material duplikatuak-eta, handik eta hemendik saltzen dabiltza; eta horrela, zatika eta pixkanaka, Castereten artxiboek bere lekua aurkituz doaz, gehien estimatzen duten pertsonen eskuetan: tokian tokiko espeleologoenak, alegia. Eta hara non gaur, Alainen eskutik, nik ere nire aletxoa jaso dudan: Norbertek ateratako argazkia, erakusketa baterako muntatua, atzean bere eskuz idatziriko oharra duela. Arraioa, zirrara eman dit! Espeleologoa ez den norbaiti azaltzekotan, esango nuke hau, zinema mundura ekarrita, Charles Chaplin, Alfred Hitchcock edo Anthony Hopkinsen autografo bat eskuratzea bezalakoa dela. Baditut handik eta hemendik jasotako opari berezi gehiago; eta pentsatu dut, badela garaia modu polit batean tolestu eta antolatzeko.
Eta beno! Ea gaurko jardunaldi honekin "speleo de salon" denboraldia amaitutzat ematen dudan, lurpeko zuloetan ibiltzea zer den ahaztuko dut bestela!
No hay comentarios:
Publicar un comentario