2024/11/24

Orozkon, Mundakan eta Busturian


 Aste honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu. Lehenik, asteartean, espeleourpekariak Aldabiden barneratu dira berriro (Itxina mendizerrako urak biltzen dituen urbegi nagusia http://espeleo-gaes.blogspot.com/2024/02/02022024-buceo-en-aldabide.html ), non osteko galeriak esploratzen ibili diren 10 orduz. Asteburuan, berriz, Urdaibai Biosfera Erreserbaren ezker ibarrean ibili gara, espeleologia arnas luzeko ikerketa dela frogatuz. Izan ere, larunbatean, duela 60 urte Bizkaiko Espeleologia Taldeko aintzindariek https://eu.wikipedia.org/wiki/Bizkaiko_Espeleologia_Taldea esploratzen hasitako Betrokolo leizeko lanei berrekin diogu, Mundakako lurretan, 50 metrotako jeitsiera bertikal ikusgarriarekin. Igandean, ostera, Atxbiribil mendian ADESek duela 20 urte esploratutako haitzulo bat errebisatzera joan gara: ohikoa baita, gaur dugun teknika eta ezagupenekin, lehen oharkabean pasatutako datuak bildu ahal izatea. Horrela, galeria berriak bilatzeaz gain, labar-arte prospekzioan eta lagin biologikoak jasotzen aritu gara, espezialistek aztertu beharko dituzten aztarna interesgarriak dokumentatuz.


 

2024/11/17

Lezeta, Antzoriz eta Larra


 20241116: Julen, Xabi, Gotzon, Antua, Oier.

Antzoriz eta Lezeta (Lekeitio). Talde bittan banatuta jardun dogu. Batetik motibauak ("Hor ez dago ezer!", "Han ez dau merezi!") Antzoriz aldera jo dabe, Antzoriz II (Santa Katalina azpikua) sarrerako puntuko koordenadak errore haundiegixakin dagozela konturatuta (2007ko GPSak...). Egin dabe, eta ez hori bakarrik: topua berregin eta barruko argazkixak hartuta itzuli diraz, beste taldiari walkie talkie txinatarran bidez jakinarazitta.

Izan be, artian bigarren taldekuok ondiok ur ertzian genguazen. Zer egin dogun? Umien parketik Lezeta I zuloraiñoko kosta zatixa errebisau. Ohi bezala, ez dogu espeleologikoki ezer interesgarririk topau: baiña aurkikuntza haundixak, deskarte lan haundixen ostian etortzen diraz! Eta gaur zeozer kendu dogu mapatik. Gaiñera espeleologikoki ez, baiña ornitologikoki interesgarrixa izan leikian habixa bat topau dogu, koordenadak (...) eta argazkixak hartuta; zerena dan? Igual ornitologueri pasatzen detsegunian jakingo dogu. Bestalde, Antuanek ikusittako leku baten, biofilm itxurako batzuk egon diraz; baiña nik amebak hartzeko poterik ekarri ez! 

Eguna, gaiñera, hurrengorako promesa onekin amaittu dogu: Lezeta gaiñeko ortuetako batekuekin berba eginda, badirudi gaurkuan segidia dan hurrengo tramua bertatik jaitsitta esplorau ahal izango dogula. Primeran!

 

20241117: Oier.

Oñati, EEE billeria Larra 2024ko kanpañia baloratzeko, eta hurrengua planifikatzen hasteko. Nere aldetik ezin neban ekarpen haundirik egin (berdeegi) baiña 2025ko kanpañarako bioespeleologia plana proposatzera juan naiz. Halan geratu gara:

  • Aragoien ez dabe baimen berezirik eskatzen, baiña Naparruan bai. Baldintza batekin gaiñera: rekolekziño bioespeleologikorako baimena eskuratu ezkeriok, egindako biharran informe bat pasau bihar da, jasotako animalixak eta kobazuluak zehazten.

  • Urteroko baimen-eskari horretan sartuko da bio laginketarakua be; Martin Arriolabengoak egitten dau, eta adostuko dogu testua aurrerago.

  • Bestalde, behin kanpañan, nere laginketak kanpoko leza txikixetan egingo dittudaz (esploraziñuan dagozenak, Illaminako Sistemakin konektatzeko), bertan egin biharreko lanetan parte hartziakin batera. Hau da: printzipioz ez neukez egingo aparteko espediziñorik, bio laginketara zuzenduta. Bestalde, sakonian bibakeatuko daben taldietan espeleologoren bat lagiñak hartzeko prest agertzen bada, hari materiala pasatziaz eta gero jasotziaz be enkargauko nintzake.

     



2024/11/10

Hatxondo eta Pepetxo (Zeberio-Amoroto)


 20241109: Petrus, Gotzon, Antua, Oier.

Hatxondo (Lekubaso). Hasierako helburua bere-garaian-Gotzonek-eta-nik-ikusittako-ha-salara juatia bazan be, batetik nik (belauneko meniskua apurtu barri) argi laga dot haraiñok ez nindoiala, eta bidian geratuko nintzala fauna hiporreikua harrapatu nahixan. Bestetik, sartzeko prest genguazela, Antuanek etxetik deixa jaso dau, andriak min hartu dabela eta berari laguntzera juan bihar izan da. Horrenbestez, talde hain argalakin, Gotzonek eta Petrusek erria emon dabe, eta neurekin batera etorri dira argazkixak etaratzera. Batzuk urten diraz; eta nere belauna fenomeno ibilli da. Halan be, "Camacho" bat egitteko ahalegiña alperrikua izan da: espumaderia eta sukaldeko koladoria (1 bat mmtako zulua) ez da nahikua, eta ez dot oligoketo ziztrin bat be harrapau. Hurrengorako beste inbento batekin saiatu biharko naiz.

20241110: Antua, Asier Urzaa, Oier.

Pepetxo I (Amoroto). Urtzikin lotutako bisittaldixa, Amorotoko Udalak antolatu dau eta ADES Espeleologia Elkartia azalpenak emoteko gonbidatu gaittuez. Kueban kanpuan Pepetxon historixia kontau dogu, eta barruan azalpen espeleologikuak. 60 bat pertsona apuntauta bazeguazen be, azken orduan apuntau dirazenekin batera 80 bat pertsona izan diraz kueba barrura lagundu doguzenak; oso ondo etorri jaku Asierren laguntzia, bere speleo estreiñaldixa! Amorotar askok Pepetxon artikulua irakorritta ekarri dabe, eta hunkigarrixa izan da historia hurbilleko kontu hau eurendako berpiztia; bereziki Amix basarrikuendako. Guretako be, oso pozgarrixa da jentiari euren herriko zuluak ezagutaraztia, eta umien artian etorkizuneko espeleologo eta zientzialarixen hazixa ereittia; interes haundixena erakusten daben publikua da!


 

2024/11/03

Labarrak, Atxabiribil eta Lumentza (Lekeitio-Forua)


 Asteburu luze honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu.

Batetik, espeleourpekariek Lekeitioko itsaslabarren barrenetan lan egin dute, zehazki Kabaua eta Lezeta izeneko parajeen artean hormen ur azpiko tarteak errebisatuz, eta espeleologikoki interesekoak izan daitezkeenak ikuskatuz. 

Beste batzuk Foruko Atxabiribil mendian aritu gara prospekzioan. Lan mota hau behar-beharrezkoa dugu espeleologook, izan ere, Urdaibai eta Lea-Artibaien ugariak diren artadi itxietan kobazulo nagusiak ezagutzen dira, baina ohikoa da baso itxian harpe ezezagunak egotea. Haiek aurkitzeko, ezinbestekoa da bidezidorretatik irten eta txaratik zehar trantsektuak egitea; esplorazio gogorra da, gehienetan emaitzarik gabea, baina askotan balio izan diguna leize ezezagunak aurkitzeko.

Azkenik, beste talde bat Lekeitioko Lumentza mendiko kobazulo bat desobstruitzen aritu da. Herrian bertan dagoen mendi hau, Aintzinarotik oso humanizatua, karstikoa da goitik behera eta ADESek dozenaka zulo ditu katalogatuak bertan. Haietako asko, urteetan gizakiak nekazari eta abeltzantzan egin duen aktibitatearen ondorioz, harriz eta lurrez artifizialki estaliak daude.