2024/11/24

Orozkon, Mundakan eta Busturian


 Aste honetan, ADES Espeleologia Elkartean hiru espedizio burutu ditugu. Lehenik, asteartean, espeleourpekariak Aldabiden barneratu dira berriro (Itxina mendizerrako urak biltzen dituen urbegi nagusia http://espeleo-gaes.blogspot.com/2024/02/02022024-buceo-en-aldabide.html ), non osteko galeriak esploratzen ibili diren 10 orduz. Asteburuan, berriz, Urdaibai Biosfera Erreserbaren ezker ibarrean ibili gara, espeleologia arnas luzeko ikerketa dela frogatuz. Izan ere, larunbatean, duela 60 urte Bizkaiko Espeleologia Taldeko aintzindariek https://eu.wikipedia.org/wiki/Bizkaiko_Espeleologia_Taldea esploratzen hasitako Betrokolo leizeko lanei berrekin diogu, Mundakako lurretan, 50 metrotako jeitsiera bertikal ikusgarriarekin. Igandean, ostera, Atxbiribil mendian ADESek duela 20 urte esploratutako haitzulo bat errebisatzera joan gara: ohikoa baita, gaur dugun teknika eta ezagupenekin, lehen oharkabean pasatutako datuak bildu ahal izatea. Horrela, galeria berriak bilatzeaz gain, labar-arte prospekzioan eta lagin biologikoak jasotzen aritu gara, espezialistek aztertu beharko dituzten aztarna interesgarriak dokumentatuz.


 

No hay comentarios: