2023/02/19

Armiñetan

 

230218: Unai, Antua, Javi, Oier.

Lekubason. Carlos Prieto eta Jon Fernandez bioespeleologoei laguntzen. Bertan jasotako laginen artean (azpi)espezie berria izan daitekeena agertu denez, ale gehiago behar ziren DNA sekuentzia aztertzeko. Horixe izan da bada, helburu nagusia; eta bide batez, bertan geratzen diren inkognitak argitzeko baliatu nahi izan dugu. Ez dugu egin, zeren eta... inkognita horren atzean, putzu berri bat agertu da! Beste egunen baten itzuli behar izango gara, hori esploratzera. Ehiza ona izan da, bestalde; besteak beste, laginen artean gaurko kakalardo-protagonista dozenatxo bat ale jaso ditugu, zehaztapena egiteko nahikoa izango omen den kopurua. Gainera, kobazulo honen bio baldintza xelebre batzuen lekukotasuna bertatik bertara ikusi ditugu: ezohiko moduan, espezie karniboroak ez dira kolenboloz eta horrelakoez elikatzen (oso gutxi daude!) bai ordea zizareez; Ischyropsalis pare bat aurkitu dugu "longaniza" bana jaten, eta haietako bat argazkitan immortalizatu ahal izan dugu.

Egunean zehar, ohi bezala hau ere, zeru-lurrak konpontzen jardun dugu eta niretzat pozgarria izan da, herri jator, goxo eta punta huntan lurpeko munduak jasaten dituen etengabeko tratu txarren aurrean, lagunen erreakzionatzeko gogoa ikustea. Egunen batean, "retard biscayne" honi buelta emateko gai izango al gara!