2026/03/22

Hot atxur system

 


20260322: Xabi, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Irteera mañaneroak egiteko leku aproposa aurkituta (tabernatik hurre, hidrogeologia interesgarria), gaurkoan lanari teknifikaturik ekin diogu, Damazulo/Garabillako bidoia berreskuratuz. Honek lur-kentze erritmoa nabarmen bizkortu du, hiru errelebotan “atxurra caliente” sistemaz gain. Halan, 2,5 ordu inguruan, pasabidea 1,80 m luze eta 0,60 m zabaleko eremuan handitu dugu, 1,08 bat m3 lur aterata beraz.

Kanporakoan, Trakamailgo presa ikustera joan gara, ur gutxiagoko jarioarekin azken puntua ikuskatzeko asmoz. 10 bat l/s zetozen, eta ondo ikusten zen: galeria artifizialaren morfologiarekin bat, meatze-tunelazioa amaitutako puntuan, ura 40x30 bat zmtako laminadore batetik zetorren , laja horizontalen artean kokatutako sifoi batetik. Lehorte batean berrikusteko moduko lekua, inondik ere.

2026/03/17

Grebalariak mailu-burdinez

 

20260317: Autonomo 1, Autonomo 2

Trakamailgo Atea (Amoroto). Greba Orokor egun honekin bat eginez, Autonomo 1ek eta Autonomo 2k lan produktiboa alde batera utzi dugu; espero dezagun inork guri kargurik ez hartzea, geratu zaigun denbora librean mailu-burdinak hartuta gehien gustatzen zaiguna egitearren!

Lekeitioko udal-iturginaren krokisa, 1921. Iturria: LUA.

Ordu bi ta erdi inguru egin ditugu, 60 cm3 inguru aterata. Egin berri den galeriak baditu 3 bat metro sakon eta jada lanik handia ez da lurra kentzea, baizik eta kendutakoa kanporaino eramatea. Autonomo 1ak -puntan lan egin duenak- makilarekin egindako zundaketetan, ez du oraindik hutsune argirik, ezta gutxiago haize korronterik sumatzen.

Kanporakoan, 1888ko tunelari ikustaldi bat egin diogu. Gaurkoan ate ondoko jarioa oso gutxitua etorri da (0,05 l/s, herenegungo 15 bat l/s-en aldean), eta barruan, presaraino iritsita, haren aurrean dagoen harlangaitzezko rezinto karratuaren aztarnei erreparatu diegu. Orain aktibo dagoen presaren aurrekaria?

2026/03/15

Atia zabaltzen

 

20260315: Gotzon, Antua, Oier.

Trakamailgo Atea (Amoroto). Goiz euritsu bat pasatzeko, zer hoberik aterpeko biharra baiño? Loterixa Nazionalian baiño Premio Gordo posibilidade gehixagokin gaiñera. Gaur beste 0,8 cm3 inguru, galerixa gero eta illunaguan, eta lur nabarmen hezeaguan. Baiña... !


2026/03/08

San Martin eta Atxikarre

20260308: Antua, Gotzon, Oier.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondare Zerbitzuaren eskariz, Malaxen (Aulesti) izan gara, Jose Angel Fernandez arkeologoaren zuzendaritzapean, Goi Erdi Aroko populazio gunearen indusketan agertutako leizea ikuskatzera.

San Martin baseliza osteko zelaian ginela, bertako jabea (...) ere ezagutzeko aukera izan dugu, baita bertatik pasa diren auzotar batzu ere. Seguraski industutako gunean duela 2000 bat urte bizi izandakoen ondorengoak! Ricardorenak bai behintzat, aita Errezildik etorritakoa, baina ama auzokoa bertakoa baitzen, Ispillaundi etxekoa.

Gaurko asmoa gunea ikustea eta beharko genuen materiala kalkulatzea baino ez zen. Baina azkenean, pasua libratu eta leize osoa esploratu ahal izan dugu: 8 m sakonekoa, lapiazaren arrakala baten fabore irekitakoa, eta aztarna arkeologiko ebidenterik gabe, sarrera inguruan berau artifizialki blokeatzeko eta horma bat eraikitzeko harri-lanak kenduta. Argazkitan jasoa, eta topografia eginda.

Behin lan nagusia amaituta, Ricardok esan digun beste zulo bat ikusteko aprobetxatu dugu: Atxikarre izeneko parajean (aintzinako artadia, kortafuego elektriko bat egiteko jota), leize bat. Telemetroak 10 m eman digu eta hobeto begiratzeko modukoa izango da, duela urtebete inguru bertara eroritako asto baten gorpua hobeto desegiten denean.

Egun produktiboa beraz, aurkikuntza handirik gabe bada ere, indusketa lanak behar bezala amaitzeko, eta BFAren KOZarekiko lankidetzari berrekiteko aukera eman diguna. Urte askotarako izan dadila!

2026/03/01

Paleo Trakamail

 

Trakamail (Amoroto). Iraillan 22xan hasittako desobstrukziñuan segidu dogu, itxuraz barruko jarraipena izateko lekurik probablienien. Pare bat orduko jarduna izan da, nun 70 bat zm3 kendu doguzen, ate formako pasabidian aurrera. Leku erosua biharrerako, momentuz, eta gero euki leikian premixuan tamañuak animauta.