2021-5-3 Santi
Baserritarrek
“ekologista” deitzen diote eukaliptoen aurkako iritzia azaltzen duen edonori.
Eta modu xume, sinple eta argian adierazten dute horren izaerak haientzat duen
kualitate nagusia:
“Ekologistie alperra da”
Beren ustez, hau
begien bistako gauza da, inolako frogarik behar ez duena, autoebidentea.
“Goizetan eguzkia irteten da” edo “euriak busti egiten du” esaldien pareko
errealitate oinarrizko, ukaezin eta aldakaitza.
Hau dela eta,
pertsona baten alferkeria norainokoa den adierazteko ohikoa da ekologista
batekin alderatzea. Lehenago konparazioak alguazilarekin
(udaleko beharginarekin) edo kamineruarekin
(Diputazioak bideak zaintzeko kontratatutako langilearekin) egiten ziren,
horrela esanez, “alguazilaren txapela baino alferragoa da” edo “kaminerua baino
alferragoa”. Orain ekologistak du ohore hori baserritarren artean, baina ez,
espero zitekeen bezala, “ekologista bat baino alferragoa” esamoldeaz, beste
modu aldrebesago honetara baizik:
“Ixe ekologiste baten besteko alperra da”
Izan ere, haientzat ekologistaren
alferkeria neurri gabekoa da, kolosala, gaindiezina. Baserritarren aburuz, ezin
da egon ekologista bezain ezer alferrik (are gutxiago hura baino gehiago denik)
ez lurrean, ez zeruan ez infernuan. Haien iritziz, ekologistek nahi duten gauza
bakarra baserritarrak lan egin dezan da, ondoren beraiek gozatzeko:
“Gure dabie guk bier eitxie eta eurek fotografixek
ataratie”
Eukaliptoaren sustraiak Urdaibaiko koba baten galerian. Josu Granja. ADESAlferkeria
antologiko honen fama dela eta, ugariak dira baserritarrek ekologistei buruz
sortutako istorioak ere, batzuetan oso landuak gainera. Behinola, horrelako istorio
bat entzun nuen Urdaibaiko herri batean. Imajina dezagun egoera: baserritar bat
goizeko zortzietarako bere basoan hasi da lanean eta ehundaka eukalipto landare
sartu ditu eguerdirako. Orduan, lanabesak lepoan hartuta herrirantz jaitsi da
eta jende koadrila handi bat, arropa modakoz eta koloretsuz jantzita aurkitu du
udalaren lur sailean, ustez landare batzuk sartzen. Bere itxura saskelaz agertu
denean, ez dutela begi onez ikusi iruditu zaio. Etxera heldu denerako asmatua
du inguruko lagun baserritarrei kontatzeko istorio bat. Iluntzean haiekin bildu
da txokoan.
- “Eup! Zenbat ekologista behar dira arbola bat landatzeko?”
- “Zenbat?” erantzun diote.
- “Hasteko, Urdaibaiko ekologista guztiak elkarrekin
bilduta ez dira nahikoa. Gutxienez, Bilbotik etorritako beste autobuskada handi
bi gehiago behar dira”.
- “Arrazoia!” erantzuten diote.
- “Arte landaretxo bat ekarri dute eta bakarrik haietako
batek eraman du aitzurra. Beste guztiek mugikor, argazki eta bideo kamerak ekarri
dituzte, egin duten lan ikaragarria jasotzeko. Han egon dira denak, herriko
alguazilak gaurko garbi-garbi jarri dien baztertxo batean, eta goiz osoa igaro
dute, eguerdirako landarea sartzea justu-justu lortuz”.
- “Jontxo! Nahikoa egin dute!” beste batek.
- “Orduan telebistara bidali dituzte jasotako irudiak eta
arratsaldeko teleberrian agertu da ekologistek burututako ekintzaren albiste
sonatua”.
- “Azaina itzela, benetan!” erantzun diote barre algaraka
gainerakoek.
Nondik atera ote
dute baserritarrek alferkeriaren ideia hau? Bada, daukaten ekologistaren irudia
honelakoa da: aldarrika ari zaien sasi-jakintsua, eurek egiten duten guztia
gaizki dagoela, eta lursail eta basoetan zer egin behar duten esaten dien aho
zabal jasanezina, berak ezertxo ere egin gabe. Inoiz ez dute ikusi izaki hori
eskuan aitzur, aizkora, edo motozerra bat hartuta. Haien aburuz ekologistak ez
daki edozer egitea zenbat kostatzen den eta, batez ere, baso-lanak zer gogorrak
eta neketsuak diren.