2021/12/30 Santi
Aspalditik ADES taldearen
irteeretara noizbehinka etortzen izan den Biktorio Taket espeleologoak jaso du
aurtengo Uzkiko Garatxie Zara Zu sari
preziatua (laburtuta, UG). Epaimahaiak aintzat hartu ditu hautagai honen
hainbat meritu eta ez dutela parekorik adierazi du, horrela saria lortzeko
asmoz ari ziren gainerako guztiak atzetik oso urrun utziaz.
Hasteko, tribunalak
urte hasieran taldean sartu ziren neska-mutil batzuekin gertatutakoa ebaluatu du.
Espeleologo berri hauek pasa den udan Lezandipera joateko gogoa azaldu zuten
eta hori entzun orduko Biktorio “espediziora” (horrela deitu baitzion) apuntatu
zen. Ez hori bakarrik, “espedizioaren lider” moduan jarri zen, neska-mutilei
“leizearen azken puntaraino helduko zirela” aginduz. Gotzonek uste zuen
morroiak ez zeukala halako enpresari ekiteko ganora nahikorik eta asmo hori
kendu nahi izan zion burutik, baina azkenean amore eman behar izan zuen hura
urrumaka eta puzka hasi zitzaionean.
Behin leizera joanak
zirela eta hango jauziak jaitsita, Biktoriok estu-unez betetako alde oso
konplikatu batetik joanda “azkenera iritsiko zirela” esan zien neska-mutilei,
eta bera hantxe geratuko zela “zaindari moduan”. Dirudienez, itxaronaldia luzeegi
egin zitzaion, eta berak bakarrik bueltan igotzen hastea erabaki zuen,
neska-mutilak haien patura abandonatuz. Hori bai, igotzen hasi orduko taldekideek
haraino jaitsi zuten jateko bakarra irentsi zuen ezer utzi gabe: Gernikako
piperrez hornituriko patata-tortilla, nesketako baten amak goxo prestatutakoa.
Biktoriok bost ordu
behar izan zituen gora igotzeko (normalean ordu erdi behar da), eta besteak non
zeuden galdetu zitzaionean, “niri zer diostazue, bada”, erantzun zuen.
Zorionez, neska-mutil gaixoak espedizio-buruak esandako leku estuetan 10 orduz
galduta ibili ondoren kanpora irten ahal izan ziren, erabat akituta. Handik
egun batzuetara Biktoriok zorion mezu bat bidali zien wassap-ez, “ia ez zarete udaberriko
lore batzuk” zioena.
Biktorio
Taket UG trofeo preziatuarekin
Epaimahaiak kontuan
hartutako beste meritu bat saritu honek harrokeriaz haizetutako gaitasun
teknologikoen gaia izan da. Biktoriok etengabe puntako tresnei buruz jarduten
zuen hitz eta hitz modu astunean, teknologia digitaletan taldeko jeniorik
handienetakoa den Petrus bera ere ahozabalik utziz. Iturtzeko kobako
esplorazioetan, behin, datu topografikoak biltzeko “adelantu ikaragarria”
ekarriko zuela esan zuen, “azken generazioko Distoa, planoak berak bakarrik
dibujatzen dituena”.
Hurrengo larunbatean
hainbat jende apuntatu zen kobaren esploraziora. Topografiatzeko gunera
helduta, Biktoriok bere tramankulu distiratsua atera zuen zorrotik guztiak
ikusminez zeudela. Martxan jarri nahi izan zuenean, ordea, gailuak astrapalen
bat zeukala konturatu zen, eta Mariano galdezka eta galdezka ari zitzaionez,
azkenean zera argitu zuen, “ez dago konexiorik”. Izan ere, traste hura bakarrik
wifiaz zebilen. Orduan Antuak, hitz bat bera ere esan gabe, antigoaleko tresna
zaharra atera zuen zorrotik, eta horri esker ADES-ek ez zuen alferrik galdu
irteera hura.
Beste kontu bat
Covid-aren aurkako maskarena izan zen. Biktoriok kobetan aritzeko eta lokatzik
zantarrena jasateko bereziki diseinaturik zeuden musuko batzuk fabrikatzea
proposatu zion ADES-i. Oier zera adieraztera ausartu zitzaion, proposamen burugabea
zela, ez baitzuen zentzurik puntako esplorazio batean musukoekin aritzeak,
arrakala guztietan katigatu eta horma latzetan zatika harilkatuko ziren
maskarak jarrita. Baina morroiak Oierren jarrera erabat gaitzetsi zuen eta
hauxe aurpegiratu zion, “txertoen aurkako negazionista eta lejia-edale hutsa”
zela. “Erantzukizun handiagoa espero nuen ustez hezkuntza zientifikoa zeukan zu
bezalako norbaitengandik” gaineratu zion. Gehiago luzatu gabe 10.000 maskara
berezi fabrikatzeko agindu zuen eta ADES-i pasatu zion dardaraz jartzeko moduko
faktura bat. Hasieran taldeak ez zuen ordaindu nahi izan, baina geroago,
Marianok esan bezala, “potroak estutu eta ordaintzea” beste erremediorik ez zen
egon.
Interesatuaren
meritu hauen kalitateak zalantzarako tarte askorik uzten ez badu ere, epaimahaiak
ezin izan du aho bateko epaia lortu. Eztabaida luze baten ostean partaide batek
(patata-tortillarik gabe geratu zen neskaren amak) boto partikularra eman du,
lehen meritua nahikoa eta sobera zela Biktoriori UG golardoa emateko adieraziz.
Haren ustez, beste merituek ondorengo urte pila batetan saria morroi berari
ematen jarraitzeko balioko zuten. Hala ere, epaimahaiko gainerakoek ez dute
ideia begi onez hartu, beste batzuk sari horretara aurkezteko aukerarik gabe
uzteko modu arbitrarioa izango zela iritziz.
Zorionak saridunari!