2023/04/02

Kala txakurran erreskatie (kronika apokrifue)

 

Irudixe: Twitter.com

230326: Oskar, Gotzon.

Tutue hain estue be ez da, arazo handixague da lokatzez erdireiño beteta egotie. Gas detektorerik? Egon. Besuek sartunde, zer? Ez dago metanorik; plubialak direz.

- Barrure noie. Oskar, ekarri sokie.

Ez dakigu zenbat metrora dagon, baiña. 30 mtako bat presta dogu, eta puntie eskuen hartuta banoie barrure. Plotx, plotx, plotx. Metanorik ez: ondo goiez. Halan be, Oskar atzian dauket, segundo gitxiro galdezka eta laguntzeko prest. Barruan gagozela konturatu gara lehelengo akatsagaz: hankatik lotunde juen biharko nintzen, arazue izan ezkero atzeraka tiraka laguntzeko.

- Egon Gotzon, sokie amaittu da!

Jode, 30 metro egin doguz dagoeneko? Tutu lokaztu honek ez dauka amaitzeko trazarik. Zelan urtengo naz gero ni hamendik?

- Lotu beste bet!

Une horretan konturetu naz bigarren akatsagaz: txakurre topaten badot, zelan lotu biher dot nik? Batek daki zelan hartuko naben: buztana astinduta, edo erasoka? Animalixek holakuak direz. Arnes bat ekarri bihar neban... Kaka! Berandu de hortan pentsatzeko. Eurrera juetie besterik ez dago.

Arraixue, nun dago txakur hori baiñe? Lehen zaunkada batzuk entzutzen ziren, baiña denpora luzie daroie ixilik. Bizirik ete da ondiño? Baiñe... zer da hau?? Lokatz artien bulto bat ikutzen nabil eta... bota bat da!! Hostia, hostia... zer dago hamen? Tipo bat ete dago, lokatz artien, hilde?

Lasaittu arnasa. Ez dirudi bota honen onduen gorpurik daguenik. Eskerrak! Banoie eurrera, atzetik Oskar galdezka dakatela. Momentuz dana ondo doie.

Azkenien! Zabalune bet! Ondo, oso ondo, halan gorputzari bueltie emon ahal izango deutsat behintzet. Tutu honetan atzeraka jutie ez zan ez, gozue izango, gitxiago txakur batetik tiraka! Zer da hau? Bai... potzu bat da, arketa zabal bat; eta txakurra hor dago, ur lokaztu illunetan igarixan, igo ezinda. Banoie neu be. Asko kubriduko ete dau?

Beheraka, beheraka, ura bularreraiñok... allegeu naz hondora, eskerrak. Txakurre onduen dauket, gaixua, etorri hona. Haundixe da gero! Arketako goiko aldien tapa bat ikusten de, zertan ibilli dire bonberuok hortik atara barik? Horman eskalie dago eta banoie gora, tapie altxatzera, baiñe... ezin! Ederto. Itxuraz, kaleko asfaltuegaz tapaute dago tapie. Ederra paraderue!!

Tire ba. Txakurre hartu, eta kanpora bialdu bikot. Ea nerbioso jartzen ez jaten! Ez, gaixuek ez dauke horretarako indarrik bez; erdi hildde dago. Besuetan hartu, eta tutuen alturera jaso dot, han sartunde kanpora juen daiñ. Baiñe... zer da hau? Ez doie! Horretako be ez dauke indarrik.

Beraz txakur haundixe tutuen sartunde, ni atzetik bultzeka jun biharko naz. Bagoiez, bagoiez.. joder! Pillatutako lokatzagaz ondiño gatxague da hau. Eta... zer arraixo... Hau bebai? Ez deusta ba txakurrek kaka egin?? Koittaua, lehertuta dago; hilzorixan dagonak egitten daben gauzie da hori. Benga, bardin da; gorotzen ganetik paseu eta eurrera. Kanpora, txakurre!

- Oskar! Aproba bat eingou! Jaubieri esan, berak txakurrari deitzeko! Ea halan mobitzen hasten jakun!

Hor hasten da jaubie txistuka, eta deike txakurrari. Eta bai asmau be: bere izena entzutiakin batera, animalixak erantzun deu: belarrixek tente. Gero burua jaso deu; uste eze berpizten hasi dala! Gero eskuak mobitzen hasi de; hankak... ondo!! Eurrera egitteko indarrak atara deuz honek.

- Oskaar! Badoiela!

Eskerrak. Badoie bidien! Allega da kanpora, kitto. Oin... buzo hau nok garbittu?? Besterik ez dauket buruen.

Bideue: Bizkaiko Suhiltzaileak.


2023/03/19

Apario, Armintxe, Txakarre


 2023-III-19: Carlos Prieto, Javi, Antua, Oier.

Mandoian, Txakarre aldian. Gaurkuan, errejistro bioespeleologikua haunditzia izan da. Haitzulo bittan egon gara (10 eta 2-3 konplexua, lehendik ezagutzen nittuanak). Carloseri esan detsaten moduan, berakin juatia eroso-erosua da: ehizian egin, eta potia berari emon, errejistruaz kezkatu biharrik barik! Nere aldetik, 2020ko errejistruakin alderatuta, pare bat gauza barri topau dittudaz: Trichoniscoides, eta Lithobius erraldoi bat. Carlosi azken urtian jasotako lagiñak pasatzeko aprobetxau dot; beraz, laster etorriko jakuz identifikaziñuak! Saguzar 1 edo 2 be ikusi doguz, rinolofiduak, eta Javik apuntau dittu.
 

2023-III-18: Antua, Javi, Oier.

Mandoian. Sintesisa aurrera doia, eta gelditzen dirazen hari solte eta inkognita guztiak ahal dan eta gehixen kendu nahixan gabiz egunotan. Gaurkuan 3 zulotxo ikusteko aukeria izan dogu, Apario inguruan (uste dot), eta errepidian motan.

Lehelenguak, AR-51, uste baiño sakontasun haundixagua emon dau; bide baztar-baztarrian (barruko zabor kantidadian ondo igartzen zan hori), 5 bat metroko resalte bat eta osteko meandrua da, 20 bat metrotako espeleometria. Zulo politta, hain zikiña ez egotera. Bestiak topo eta argazkixetan zebizela, ni bio laginketan ibilli naiz baiña oso koko gitxi topau dittudaz: bakarrik Meta 1 sarreran, eta Oxychillus 1 honduan, eta berau hilda. Hain zuzen be, susmatzen dogu bertako hondakiñen klasiak igual (disolbente usain haundixa egon da) eragiña izan dabela, hain fauna urrixa egoteko; aittatzeko modukua, beinke!

Lekeittiora bueltauta, Armintxeko muinoan (...). Herri honetan dagozen aurrekarixekin (Garabilla, Armintxe II, saihesbidia...) argj dago, obra baten zeozer agertu ezkeriok, ezin garala fixau legezko prozedimenduakin... Zorionez, ez dirudi momentuz kuebarik agertu danik. (:..)

2023/03/13

Mutrikun

 

2023-II-28: Oier.

Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko lagunak gonbidatuta, eta Felix Ruiz de Arkauteren figurak sortzen diharduan interesa ikusitta, hitzalditxo bat prestau genduan euren Mendi Zikloan aurkezteko. Gaurkuan, publiko orokorrari begira interesekuak izan leikiazen Arkauteren pare bat alde azaldu doguz: lurpeko mundua deskubritzeko pasiñua, eta espeleologuongan lagatako arrasto sakona...

2023/02/19

Armiñetan

 

230218: Unai, Antua, Javi, Oier.

Lekubason. Carlos Prieto eta Jon Fernandez bioespeleologoei laguntzen. Bertan jasotako laginen artean (azpi)espezie berria izan daitekeena agertu denez, ale gehiago behar ziren DNA sekuentzia aztertzeko. Horixe izan da bada, helburu nagusia; eta bide batez, bertan geratzen diren inkognitak argitzeko baliatu nahi izan dugu. Ez dugu egin, zeren eta... inkognita horren atzean, putzu berri bat agertu da! Beste egunen baten itzuli behar izango gara, hori esploratzera. Ehiza ona izan da, bestalde; besteak beste, laginen artean gaurko kakalardo-protagonista dozenatxo bat ale jaso ditugu, zehaztapena egiteko nahikoa izango omen den kopurua. Gainera, kobazulo honen bio baldintza xelebre batzuen lekukotasuna bertatik bertara ikusi ditugu: ezohiko moduan, espezie karniboroak ez dira kolenboloz eta horrelakoez elikatzen (oso gutxi daude!) bai ordea zizareez; Ischyropsalis pare bat aurkitu dugu "longaniza" bana jaten, eta haietako bat argazkitan immortalizatu ahal izan dugu.

Egunean zehar, ohi bezala hau ere, zeru-lurrak konpontzen jardun dugu eta niretzat pozgarria izan da, herri jator, goxo eta punta huntan lurpeko munduak jasaten dituen etengabeko tratu txarren aurrean, lagunen erreakzionatzeko gogoa ikustea. Egunen batean, "retard biscayne" honi buelta emateko gai izango al gara!

2023/01/21

Atxabiribil eta Armintxe


 230121: Santi, Antua, Gotzon, Oier.

Foru-Muruetako Atxabiribil mendixan, erreferentzia batzuk errebisatzen. Ni neu galdu xamar ibilli naiz, aitzindarixen pausua jarraitziakin nahikua nekan, ezin dot detalle haundirik emon. Helburu nagusixa zan zulotxo bat desobstruitzera sartu dira bestiak, nik sarrerako tamañua hartu eta kanpuan gelditzia erabagi dot (hotza!). Barruko biharrak ez dabe askorako emon eta, gehixenetan gertatzen dan modura, estuasunan ostian ez da jarraipen haundirik egon; baiña inkognita bat gitxiago! Edozelan be, mendikada politta oso paraje eder eta ezezagunian, Goikoetxe gogoangarrixan kabezeretan.

Esango dogu, baitta be, juan dan egunetako denporale eta eurixetan Armintxen (Lekeitio) egin dogun jarraipena amaittutzat emon dogula gaur. Gauza pare bat nabarmentzeko modukuak diraz:
    • Trop pleina 24 ordu baiño gehixagoz aktibo egon da; 2016ttik ufalak monitorizatzen gabizenetik, grabauak ez dira sekulan hainbeste denporaz egon ur lokaztuan azpixan.
    • Hamen iragarri legez, 2019an plantautako "monolituak", uran urtenbidia erreztu barik, oztopatu egin dau. Seiñalerik argixena, urak monolituan eskuma aldian urtenbide barri bat zabaltzen diharduala da: lehelengo zulua 2020ko urrixan zabaldu zan (eta "lumbreraren" batek tapau egin zeban); oingo episodixuan, barriz, urak zulo hori bakarrik ez; gaiñera 6 m2 inguruko trintxera barrixa zabaldu dau.

Betiko moduan, ikustaldixan detalle zehatzak (urt 13tik 21ra arte, 17 neurketa) gure errejistruan gorde doguz, eta iñor iñoiz Armintxeko grabauen higaduria eta suntsipena behingoz gelditzeko biharrian hasten bada, berakin gustura partekatuko doguz.




2023/01/07

Errekatxu, Zuluka, Karobigaine eta Zubiburua


 230107: Martin U, Gotzon, Oier.

Eguna Errekatxuri buruz berbetan hasi da. (...) neure kotxian batzar berezixa eginda, ikusi dogu ez dagozela baldintzak ADES saltsa horretan sartzeko (...) ados jartzen badira, orduantxe deittu gaitzatela.

Gaurko plan nagusixa, Zuluka; sektore barrixan dagozen potzu beherakarixetan behera segitzia. Nik silfideak desobstrukziño gunera lagundu dittudaz, justu kuku bat egin eta hortik pasatzeko gogorik ez dakatela baieztatzeko (ohar mentala: gogoratu ADESen ondo pasatzeko nagola!).

Beraz, lagunei agur esan eta ni neurera: katalogo biharra, mendixan gora dagozen zuluetan falta dirazen datuak biltzera. Kasu honetan, objektibuak I-090 Karobigaine eta I-091 Harrizulo izan dira. Lehelengua errez topau dot, baitta izena emon detsan karabixia be (Orue-Etxeberriaren talderako be datuak jasota). Zulua bera ez da gauza haundixa (ez neban besterik espero) baiña esplorau eta topografiau biharra badaka, ni pasatzen atrebidu ez naizen leihatillatik aurrera. Krokis eta deskribapen probisionala, eta sarrerako argazkixa jasota.

I-091akin, ostera, ez dot suerte bera euki. Jotako baso sail baten dago, ez bereziki zikiña, baiña GPSak lagunduta bertaraiñok punturaiñok allegau banaiz be, 20 m inguruan emondako buelta eta bueltetan, ez dot galerixa aztarnarik topau. Makiñak tapauta? Enbor moltzoren baten azpixan? Ideiarik bez.

Azkenik, eta bestiak ondiok barruan zeguazela ikusitta, Lekeittiora bidian Zubiburuko neguko saguzar ikustaldixa egitteko aprobetxau dot. Kontaketa erreza (...).

Oharra: Zulukako bikotiak, gero pasau daben ohiko informiaz gain ("grandes descubrimientos"), badirudi beste pixkat jaistia lortu dabela, Lezatera bidian.

2022/12/31

Lezate

Argazkia: Vicente.

 221231: urteroko azken espedizinuan parte hartze zoriontsu masibo eta familiarra.

Lezate asko gustatzen jaku, eta hau atxeki bikaina da urtian behin zulo kutun hau bisittatzeko, eta sifoian bainutxo bat emoteko (etorkizuneko esploraziñuekin amesetan). Urte batzuk ziran ez nintzana beheko bidetik etortzen (hondartzatik Menhirran Gelaraiñok) eta behin barruan nenguala ulertu neban Gotzonek egindako irribarre txikixa: lehen estuasunetatik errezago kabitzen nintzan, oin baiño! Kaos blokien artetik, hiru izan dira pauso konprometiduenak, eta azkenian nere lagun zaharrakin (panikuakin) egin dot topo; baiña "Lagundu!" esan eta Zutoiak "Banoia!" erantzun destanian, lasaittu naiz; horixe izan da pasatzeko bihar nebana. Ondo!

Antuanek gaillu barrixakin galerixian tenperaturak hartzen jardun dau; interesgarrixa izango da aho bakarreko koba honetan haizian portarera laminarra estudiatzeko. Gaillu erabilgarrixa oso, halako altura haundiko galerixetan, eta partikularki saguzarren etologian. Gaur ale gehixago ikusi doguz beste urtetan baiño: sarrerako geletan 15-20 inguru (batzuk esna) eta Mozkorti inguruan beste bakarti pare bat. Izaten gabizen Gabon bero eta ezohiko honek zerikusixa izango dau seguraski.

Aittatu nahiko neuke, baitta be, pozgarrixa dala kuebia egoera onian mantentzen dala ikustia. Sarrerako sasitza barruan egindako bidiak ondo erakusten dau bisitta kopurua altua dala; halan be, barruan ez da hondakinik, apurketarik edo grafitirik ikusten. Eskertzekua benetan, bisittarixen jarreria. Hain zuzen be eurekin pentsauta, bizpahiru soka fijo aldatu doguz, tartian Maitek oin dala 30 urte ipiñittako paleo-instalaziñua!