2019/4/18 Zutoia, Santi, Aitor
Gaur Laminen
kobazuloko ibilbidea egin dugu. Errekako zulotik sartu eta goiko kobatik urten
kanpora.
Hasieran errekan
gora joan gara koban. Kontuz ibili naiz eta ez ditut oinak busti. Aitak esan
dit, “hango ilunetan lamiñak ikusi ditut”. Nik ez diot sinistu, beti dabil
gezurretan eta.
Baina, beharbada,
gaur egia esaten ari zen. Horregatik une batean alde batera utzi dugu erreka,
eta gorantz igotzen hasi gara. “Benga, arin”, esan du aitak, “lamiñak konturatu
baino lehen goiko galeriara igo behar dugu”.
Zulo handia egon
da alde batean, eta laprast egin barik lau hankatan joan behar izan dut
aurrera. Arrakala bat ere egon da, eta haren gainetik salto eginda pasatu naiz
beste aldera. Leku handira heldu gara, eta amak esan du, “begira, han dago
lamiñen kaiola. Ume gaiztoak kaiola horretan sartzen dituzte lamiñek”. Nik ez
diot sinistu amari ere, beti ibiltzen da ipuinak asmatzen eta. Baina bazterrera
heldu naizenean, eta gauza hura ikusi, dudatan hasi naiz, kaiola baten antz handia
zeukan.
Buelta hartu, eta
oso baxua zen galeria batetik joan gara aurrera. Amak esan du galeriaren izena “lamiñen
dorea” zela. Nik ez dakit zer den dorea, eta amari galdetu diot, baina ez dit
erantzun. Isilik aurrera jarraitzeko esan dit, lamiñak etorri ahal direla
atzetik eta.
Gero galeria
handi batetik aurrera jarraitu dugu. Albo batean zegoen zirrikitu batetik
behera jaitsi gara, eta aita ia ataskatuta geratu da.
Aitak esan du
gora igotzeko soka bat aurkitu behar zela. Baina aita eta ama galdu egin dira
galeria hartan. Nik aurkitu dut albo baten gora igotzeko soka. Sokatik igo eta
kanpora irten gara.
Nire aita eta ama
beti galtzen dira koban, eta nik topatu behar izaten dut bidea.
2 comentarios:
JAJAJA Aitor. Zorionak. Ze kronika politxe!!!
Aupa tokaio!
Publicar un comentario