2021-4-2 Aitor, Zutoia, Santi
Mailuaren osin gaineko koladatik gora igota haitz artetik
doan arrakalan zehar Mozkorti gelaren goiko aldera heldu naiz, “zaldizkoaren
pasoa” igaro ondoren. Horrela deitzen da arrakala ixten trabes dagoen haitza:
haren gainera igo behar da, zaldi gainera bezala, aurrera jarraitzeko. Atzerago
zetozen Aitor eta Zutoia. Gelaren burura heltzean sentsazio deserosoa izan dut,
Mozkorti gelaren azpian, beste aldean, norbait egon balitz bezala.
“Nor dago hor?” Galdetu dut
Ez dut izan susto makala erantzuna jaso dudanean: “Nor jagok
hor?”
Intrusoaren etxekotasun ezohikoak asaldatu nau, hika hitz
egiten baitzidan: “Neuk galdetu dut lehenago. Nor zara?”
Eta hark erantzun: “Lehenengo neuk galdetu deuat. Nor haiz?
Susmo txarra hartu dut: “Zer egiten duzu zuk koba honetan?”
Eta hark: “Zer egiten dok heuk koba honetan?”
Solaskidearen tonuak berotu nau: “Kokoloa ez bazara
erantzun behingoz!”
Eta hark: “Memelo hutsa ez bahaiz erantzun berehala!”
Haserretu egin naiz eta ukabila altxatu diot: “Horra banoa
muturra berotuko dizut”
Eta hark: “Horra banojoak muturra eta belarriak berotuko
deuataz nik”
Orduan bai sutu naizela benetan: “Oraintxe aterako dizut
mihia ipurditik, potrozorria halakoa”
Baina hura kikiltzen ez: “Eta nik aterako deuat mihia
ipurzulotik, eta potroak ahotik, putakumea!”
Azkenean heldu dira Aitor eta Zutoia ni nengoen lekura.
Aitorrek galdetu dit: “Aita, zertan zabiltza?” Azaldu diot intrusoa zegoela Gelaren beste aldean, eta hara
jaitsita epelak eman behar nizkiola.
Aitorrek orduan: “Baina aita, hori guztia oihartzuna baino
ez da”
“Bai zera, zagoz isilik” esan diot.
Eta une hartan, gelaren bestaldetik: “Hago isilik heu!”
Bat batean buruak jira bat egin dit: Aitor zuzen egon ote zitekeen? Kontuz eta
mutututa jaitsi naiz Mozkorti gelara. Inork ez zuen ezer esaten. Eta, izan ere, han
ez zegoen inor.
Aitorrek eta Zutoiak errukiz begiratu didate. Lotsatuta
jarraitu dut handik aurrera. Jentilen gelara heldu garenean, hango Jentil
nagusiari irribarre maltzur zabala nabaritu diot aurpegian.
2 comentarios:
¿Errantera topa zu ?
"Noraezean dabilen galdue" norberaren buruan dago.
Publicar un comentario