2024/09/01

Kobeta, sarrera historikoan

Unai eta Mitxel, sarrera historikoko kainoia jaisten.
 

20240831: Oier.

ADES zonan gehienak beraneatzen daudenez, nik Burumendikoengana jo dut, auzokideekin harreman onak mantentze aldera. 

Unaiek eta Mitxelek erantzun naute, eta euren espedizio txikira bildu naiz. Helburua apala zen: Kobetako sarrera historikoan marrazteko falta diren sektore batzuk amaitzea, inkognita bat edo beste kenduta.

Ohi bezala, Txalaparta tabernan 9:00etan armozatu dugu eta, eguraldi gozo batekin, prestaketak egin eta Kobeta III sarrerarako bidea hartu dugu. Jeitsieran nire buruari eginiko katramilaren bat kenduta (hile eta erdi kobazulo batean sartu gabe, igartzen da!), intzidentzi barik joan da leku honen zeharkaldia, beti espektakularra eta agian nire faboritoa. Hondartzaraino joan gara, lehendik ezagutzen nuen bidetik; bertan botikin bat, eta zabor multzo bat dago, pixkanaka atera beharko dena.

Zona horretan, sarrera historikotik (Kobeta I) datorren adarra lokalizatu dugu; Mitxelek eta biok ez genuen ezagutzen, baina Burumendi Espeleo Taldearen hastapenetan lehen esplorazioak bertatik egin zirenez, Unaiek ondo ezagutzen duena. Horretara, abisatu gaitu "lehenik arrastradero bat, eta gero meandro desfondatu bat" zetozela. Eta horrela izan da: arrastraderoan, estu ibili naiz baina batez ere estuasun bat aurkitzeko beldurrarengatik; ez da horrela izan, eta osteko meandro hori oso ederra eta ikusgarria iruditu zaigu. Azken finean, egitura bakarra dira biak: urte askoan enkajonaturik jeitsi den errekak eginiko intzisio bertikala, 20 bat metrotakoa, frakturazio geologikoaren fabore, non leku batzuetan pasatzeko leku zabalena meandroaren goiko aldean dagoen, eta bestetan barrenean, gaur egun aktibo den bidean alegia. Goiko alde horretan pasamanos bat instalatuta dago, eta behin eta berriro etorri zaigu burura nola konponduko ziren lehen esploratzaileak (Aranzadi ZE, 1965) gune honetan aurrera egiteko. Zailtasun handiz, hori seguru!

Horren ostean, segituan iritsi gara lana egin behar zen sektorera: horma liso biren arteko kanoi deigarria. Gauzak hor lagata, Unaiek bere materialak atera ditu, eta Mitxel topo puntuak aurkitzen zituen bitartean, ni berarekin joan naiz, koko bilketan aritzeko prest. Horrelaxe sartu gara putzu historikoaren barrenean: kainoia interzeptatzen duen putzu intrusiboa, 7 bat metro zabal eta 30 m altuko kanpai ikusgarria, ikusten zen azken puntutik gora ba omen ditu beste 10 bat m, kanpora atera baino lehen. Erlaitzetako batean, sega pilaketa deigarria ei dago; Burumendiko beteranoen esanetan, garai batean baserritarrek tresna hauek leizera botatzen baitzituzten, erritual bezala.

Putzu historikotik gora badago kainoiaren bidea segitzerik, aldapa, harri pilaketa eta kolada artean, harik eta pasabidea blokera kaltzifikatu batek ixten duen arte, 20 bat metro gorago. Puntu honetan, gela handi bat sortu da (20 x 10 x 5), non saguzarren gorotz pilaketa nabarmenak dauden, baita animalien hezurdura pare bat ere. Hondakinak oso zaharrak dira, eta ez dut ia animalirik aurkitu bertan. Unaiek topografia metikulosoki marrazten dihardu (emaitza finala ikusgarria izango da!) eta gune honetan pasatu dugu denbora gehiena. Otorduetarako pare bat eten eginda, konturatu garenerako arratsaldeko bostak ziren eta Unaiek ebatzi du gaurkoz nahikoa zela; beraz kanporanzko bidea hartu dugu.

Arrastraderoan, puntu batzuetan ur gehitxoago zetorrela iruditu zaigu. Kanporantz joan ahala inpresio horri errekaren kolore lokaztua gehitu zaio, kanpoan zaparradaren bat ari zela erakutsiz (18:30etatik 18:50ak arte 12 mm, Altzolako estazio meteorologikoaren arabera). Sarrerako potzuetan gainean erortzen zitzaizkigun urjauziek zalantza guztiak uxatu dizkigute; baina zorionez, kanpora iritsi garenean euriaren azken uneak izan dira, eta handik gutxira guztiz atertu du. 20:30etan kotxean geunden.

Helburua apala beraz, baina helburu apalenek ere dedikazioa behar dute Kobetako sistema erraldoian! Dagoeneko 5 bat kmtako garapena baitu. Nire muskuluek behintzat igarri dute, eta hainbeste gustatzen zaidan neke hori igartzen nuen irtendakoan, eta hau idazten ari naizen biharamunean ere.

Ahaztu barik, koko bilketaren errejistroa Carlosi emateko: 3 Ischyropsalis, 2 Lithobius juveniles?, 2 pequeñas arañas, 2 Quaestus.

No hay comentarios: