2013/03/30

Ilustratuak Ereñon

Part: Antua, Ritxar, Gotzon, Unai, Arrupe

  
Prospektatzea tokatu zaigu gaur. Gernikatik Lekeitiora doan errepidetik iparrerantza aldapan behera dagoen maldan ibili gara, Ereño inguruan. Nekazalturismo baten alboan dagoen dolina bat begiratu dugu lehenbizi, eta behekaldean zabaltzen zaion sumideroa noski. 15 metro inguru izan behar omen zituen (gehiago zituen), baina bolumen ederra erakutsi digu, itxi zaigun arren. Gero sumideroaren ur-irteera hipotetikoa izan behar zuen mendi aldera joan gara. Han baserritar bat topatu dugu, eta ASTOIko koba non dagoen esan digu. Ilustratu batzuen itxuran, hizketaldi zientifiko txiki bat izan dugu "baserritarrarekin", koben kokapenari buruz, mendiaren hidrologiari buruz, karstari buruz, eta Jupiterren franjei buruz ere!

Kotxeak bide ondoan aparkatu, eta buzoak soinean, petateak lepoan eta makilak eskuan ditugula hasi gara aldapan behera errepidetik. Nekazalturismoko andreak ez digu arazorik eman bere zelaian zabaltzen den dolinako koban sartzeko. Ez zen koba txikia. Fraktura argi batean zabaltzen den sumidero bat. Destrepe batzuk egin eta gero, gela eder batean zabaldu egin zaigu, baina lurreko blokeek ez digute beherago joaten utzi.

Gero basotik joan gara sumideroaren bestaldea izan behar zuen ingurua ikustera. Gotzon ibilia zegoen inguruan. Arbola batzuen artean koba txiki bat zabaldu zaigu. Tubo freatiko zahar bat, seguruenik sistema berdineko surgentzia zahar bat.
Aldapan behera joanda laister baserri bat agertu zaigu.
Behera segitu dugu. Baserritarrak landatutako arbola zelaiaren beste aldean karehaitza dago eta basoa. Kontaktuan gaude. Horma guztia errekistatzen hasi gara, eta lapiazean arrakala batzuk topatu ditugu, batzuk aire pixkatekin. Baina betikoa, estuegiak. Ze egingo diogu ba.

Baserrira igo gara eta baserritarra harrapatu dugu. Arrupe deitzen da, baserriko abizena omen da. Atzeko baratzan, patatak eduki ordez, Teleskopio bat dauka. Han hasi zaigu mendi hauen urzuloak zeintzuk diren esaten, non dauden iturriak, non dauden kobak, non hasten den eta non amaitzen den "karst-a", eta nola bere teleskopioak Jupiterren marrak ondo ez dituen harrapatzen... GEV-ekoa izandako baten laguna ere ba omen zan eta Kobia aldizkariko 20 ale zeuzkan liburutegian. Gizon ilustratua!
Berak esandako lekura joan eta aurkitu dugu nahi genuena. Lehenik hormatik irteten diren bi iturri natural (argazkia ateratzeko bezalakoak!), eta aurrerago koba bat zabaltzen da horma handi baten, bistan bistan. Astoiko koba.


Edo Astoiko Sistema! Beheko sarreratik ura irtetzen da, eta baita haizea ere! Bi nibel ditu, eta 100metro gutxienez topografiatu ditugu. Eta segitzen du, ze desobstrukzio txiki bat egiteko pendiente geratu da.

Gero bueltan, basoari begira, badirudi kobak edonon egon behar direla. Kotxetik hurbil, beste gizon batek beste koba bat erakutsi digu (Arrupek ere aipatu ziguna). Kobaren izena "Koba" da. Zelako zaila igartzen ezta?

Egun produktiboa! Ereño errepide kontrako tabernan, zerbeza baldekada bana ondo irabazi dugu!

No hay comentarios: