2022/08/02

18. Nazioarteko Espeleologia Kongresuan

 20724-31: Oier.

Union Internationale de Spéléologie, 19. Kongresua. Uste dut Euskal Herritik etorritako bakarra izan naizela; printzipioz neure izenean etorri banaiz ere (komunikazio bi aurkeztera), azkenean ordezkaritza pare batekin amaitu dut: batetik ADESena, Gernikako talde honen izena munduari aurkezteko; bestetik, Euskal Espeleologoen Elkargoarena, Karaitza aldizkariaren azken zenbakiaren ale batzuk bertako ordezkari nagusiei emateko.

Bakarrik etortzearen abantailak, lehenengo unetik lagun berriak egiten hasi naiz. 1200 espeleologotako maremagnum honetan, hasieran bertigoa sentitu dut: gutxitan izan naiz speleo bileretan, eta beti euskal eremuan izan da. Halere, jende adeitsu asko aurkitu dut (frantses erara; hau da, inork ez dizu kasu handirik egiten, ezta eroso egon zaitezen saiatzen; baina era berean harremanak erraz egiten dira) eta bataz beste egunero-egunero 5-6 pertsona berri ezagutu ditut, ia nahi gabe; ni bezalako pertsona batentzat asko da hori. EEBB, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Serbia, Italia, Grezia, Puerto Rico, Venezuela, Brasil, Austria, Luxenburgo, Slovakia, Suitza... Modu xelebrean, ez dut espainiar bakarra ere ezagutu (eta egon, bazeuden). Ezin konta ahalako harreman berri, beraz, eta kasu gehienetan izenik jakin gabe ere. Oso giro ona, orokorrean. Erosoa eta interesgarria, nahiz eta azkenean -hau larunbata 30ean idazten ari naiz- bildutako informazio kantitatea hain handia izan ezen, nekea gailentzen den. Eskerrak Aktei, ADESen artxiboan gordeko dugun argitalpen monumentalari: bertan, hitzaldi guztien testu osoa biltzen baita, kontsultarako material baliotsua.


 Esan bezala, hau montaje oso handia da eta antolatutako gauza pila bat dago. Nik neuk, intereseko hitzaldi asko nituenez, denbora gehiena hitzaldi aretoz areto pasatu dut; une baten erakusketa/salmenta gunera joan banintzen ere (Victor Ferrer lagunari kaso egitera), eta film laburren bat edo beste ikusi badut ere, ez naiz hemendik atera. Gutxiago, "speleo-olympics" izeneko speleokirol ekitaldietara (kontzienzia eragozpen kontuak).


 Beraz, otorduez eta kanping-gunera joan-etorriez gain, kongresuko denbora gehiena aukeratutako hitzaldietan eman dut (izan ere, ezinezkoa da denak entzutea, uneoro bospasei hitzaldi simultaneo izan baititugu, gaur goizera arte).  Esan bezala, bakoitzaren testu osoa Aktetan dugu irakurgai, baina ni ohar laburren bat eta hizlariaren argazkiak jasotzen ere saiatu naiz. Hemen doaz nire oharrak:

  1. Jean-Luc Front. Hiriguneetako kobazulo natural zein artifizialen katalogazioa eta identifikazioa, obra publikoetara begira. Orleansen kasua azaldu du, baina Lekeitio izan zitekeen.
  2. Claude Mouret, espeleologoaren psikologia topografiak egiteko estrategian. Denoi irribarrea atera dizkigun hitzaldia, norbere taldeko kideak gogoan.
  3. Silvain Yart, lurpeko barrunbeen detekziorako teknika bat. Tomografia elektrikoa ez baita metodo bakarra!
  4. Paolo Forti, erreferente handia. Bibliofiloa, eta katalogo espeleogiko zaharrena aurkitu berri eta aurkeztu diguna! "La Sicilia in Prospettiva" (1709) liburuaren barruan.
  5. Philipp Hauselmann, topo zeinuen nazioarteko unifikazioari buruz.
  6. Issam Bou Jaoude, Libanoko historiaren zati bat gordetzen duen Jeita haitzuloaren kasua azaltzen. Esan dezaket, niretzat, Libano ezohiko eran ezagutzeko aukera bikaina izan dela gaurkoa.
  7. Izan ere, bertatik etorritalo "espiker" gehiago ere izan ditugu. Adibidez Fadi H. Nader arazo batekin aurkitu zen. Lagun batek galdetu zion: zeintzuk dira Libanoko kobazulo garrantzitsuenak? Horrela ikusi zuen, herrialdearen ikuspegi panoramikoa ematen digun aurkezpen hau egin beharra.
  8. Eta oraindik ere, Issam Bou Jaoude. Libanorekin jarraituz, El Kassarat kobazuloaren kasua. Lamiñen Sistemako tamainako zulo honetan egin diren agresioak sekulakoak dira, harrobiak, presa bat, hormigoizko eraikinak. Espeleologoak, kobazuloa babeste aldera, paradoxikoki zati bat publikoari ireki nahian dabiltza. Interes handia sortu duen hitzaldia.
  9. Barbel Vogel lagun alemaniarrak CaveApp aurkeztu digu, eta nik berori buruz nuen zalantza argitzeko baliatu dut. Zer gertatzen da datuokin? Nork du haiek babesteko ardura? Nork hartu ditzake? Erantzuna: Alemaniako espeleologia erakunde nagusiak babesten ditu bai ekimena, bai datuak. Beraz, balekoa dela deritzot.
  10.  John Gunn, Karstaren Babeserako Irizpideen nazioarteko Gidaren garapenari buruz. C'est ton metier Javi Moreno!! 😉 19. Guidelinea deigarria egin zait bereziki: "kobak ez litzateke sekula mendi lasterketa edo beste edozein kirol jarduerarako erabili beharko".
  11. Barbel Vogel berriro, speleo lanaren alderdi gogorrenari buruz. Estuasunak, lokatza, hotza? Ez. Bulegoak, korbatak, kanapeak. 😅 Gure kideek ingurumen gogor horretan aritzeko entrenamendu gehiago behar dute. Hor lortzen baitira gauza garrantzitsuenak!
  12. Jure Ticar, Sloveniako haitzuloen kutsaduraren diagnostikorako eta konponketarako gakoak. EHren tamainako herri hau speleo ikerketaren sorlekua izan zen. Kutsaduraren arazoari aurre egiteko eredua ere izan dadila!
  13. Maria Laura Tirla, Rumaniako 8310 eskualdeko haitzuloen kontserbazio ekimenak.
  14. Leda Zogbi, "Luzes na Escuridao" argazki proiektu erraldoia, 5500 kmtako bidai bat eginez, Brasilgo lurpeko ondarea erretratatzeko. Ezagutzen ez dena, ezin babestu!
  15. Patricia E. Seiser, AEBetako "Wind Cave"ren adibidetik abiatuz, lurpeko eremuen babeserako erronkak. Hemen ere, kongresuan gorbata, traje eta kanape borroka egin behar!
  16. Jöerg Dreybrodt, Myanmarren lanean dagoen nazioarteko taldearen izenean. Ia dena esploratzeko dagoen leku hauen xarma izugarria da. Prospektatzea, eta kilometrotako lurpeko sareak aurkitzea, dena bat.
  17. Mouret jaunaren bigarrena. Gizon hau nire eremutik kanpoko karst asko esploratu ditu (armiarma handiegiak), eta haietako bat (Sagada, Filipinas) aurkeztu digu. Aitzindariak, hauek ere: 70 hamarkadatik hona eginiko esplorazioen bilana egiteko ordua da; eta kontrolik gabeko garapen turistikoarengandik babestu...
  18. Gunn jauna bere bigarren aurkezpena eginez. UNESCOren biosfera erreserba, geoparke etabarren azterketa, karst ezaugarrien arabera. Ondorio interesgarriak, lehendik uste genuena erabiltzeko moduko datuekin bermatuz.
  19. Josko Bozanic, Bisevo isla txiki eta ederraren ezaugarriak eta egoera soziologiko berezia azaltzen (UNESCO Geoparke batean hau ere). Kroazian, itsaso Adriatikoan.
  20. Serge Delaby belgiarra, Femenne-Ardenne Geoparkea azaltzen. Karstologoek bultzatua (eta bertakoak diren politikari biren laguntzarekin), interbentzio urbanistiko desegoki batzuen kontura. Hemen material ona dugu, inoiz Lekeition horrelako zerbait bultzatu nahi izan ezkero!
  21. Kobetatik pasatzen diren lasterketen ordez, "karstic trail" (sentiers karstiques) bultzatzea hobe. Ezagutzen ez nuen kontzeptua! Kontserbazioa eta hezkuntza uztartzeko bide interesgarriagoa, gurera ekar dezakeguna. Vincent Biot Okzitaniako esperientzia azaltzen.
  22. Christophe Gauchon, Vercorseko gure gida prestuak, UIS-en sortzaile Bernard Gèze gogoratuz. Erdipurdiko espeleologoa, baina antolatzaile bikaina!
  23. Sandra Klos lagun austriarrak, Hugo Hassinger speleo geografoaren kasu interesgarria azalduz: erreferentziazko zientzialaria, arrazoi politikoengatik ahaztua. Zilegi al da?
  24. Alain Dolé, Tarbeko laguna: Bigorran espeleologiaren bultzatzaile izandako Bernard Abadie  ("Le Sanglier du Picharrot") apaizaren biografia aurkeztuz.
  25. Maurizio Tavagnutti, Federico de Comelli von Stuckenfelden esplorazioei buruz. Gorizia eskualdea ezagutzeko aukera eman digu: garai batean austro-hungariar inperioaren baitan izandakoa, eta gaur egunean Italia eta Eslovenia artean.
  26. Luciano E. Faria, Peter W. Lunde zientzialariak Brasilen egindako ekarpenei buruz. Baita hark duela 200 urteko katalogatotako zuloak berraurkitzeko lanari buruz ere!
  27. Fadi Nader, Libanoko Sami Karkabi maisu eta aintzindariari omenaldia eginez.
  28. Maria Alejandra Perez venezuelarra, espeleologia erradikalaren alde. Espeleologiaren inguruan sortutako kultura, ikuspegi antropologikoa alegia. Gure potentziala ezagutzea, eta biderkatzea. Hitzaldi bikaina, agian Kongresu osoan ikusi dudan onena. Eta gaia, nire interes handikoa, eta bibliografian askotan aipatzeko modukoa. Perezen beste argitalpenek ere, errebisio bat merezi dute.
  29. Philippe Fleury, Diau kobazuloaren ikuspegi historikoa. Koba bakoitzak bai baitu bere historia txikia! Eta UIS Kongresuan, denak ez du goi mailako zientzia izan behar.
  30. Lionel Barriquand, Cailleverdiere haitzuloa azaltzen (Saone et Loire), Benoit Dumolinek XVIII mendean hasitako esplorazioetatik abiatuz.
  31. Jean-Yves Bigot, higanoten eta kobazuloen harremana aztertuz Faux Monnayeurs eta Protestants harpeen kasuetan (Aveyron eta Gard).
  32. Christophe Gauchon berriro ere; kongresua Savoian denez, bertako historiaren ikuspegi orokorra ematea oso egokia da.
  33. Johannes Mattes, historialari vienarra. Karstaren zientzietan bezala, Austria-Hungaria aintzindaria izan zen emakumeen parte hartzean.
  34. Stephan Kempe, Hainholtz karstean azken 50 urteetan eginiko azterketa hidrogeokimikoaen historiari buruz. Harz Hegoaldean, Alemanian.
  35. Pierre-Olaf Schut balentziarra, gai konplexua landuz: espeleologiak Frantzian duen lekua, kirola eta karstologia ikuspegietatik. Olioa eta ura emultsionatzea bezala!
  36. Jean-Pierre Buch radon gasaren auzia, ebidentziaren arabera, eguneratuz. Ondorioetako bat: haitzuloetan aritzen diren profesionalen kasuan (astero 40 ordu), gehiago ikertu behar da; baina espeleologoen aktibitate mailarekin, urtero pilatutako irradiazioen arrisku maila hutsaren hurrengoa da. Erortzearena, edo tabakoarena baino askoz ere txikiagoa.
  37. Ulrich Meyer, Riesending azaltzen (Berchtesgaden, Alemania). Gehienok istripu batengatik ezagutu genuen sare erraldoi honen zehaztapenak, eta esplorazioen egoera.
  38. Trevor Faulkner, Norvegiako eskualde batean (Hegoaldeko Nordland) ingelesek eginiko espedizioak, 1974-2011 artean. Karst txiki bat, bataz besteko espeleometriari begira, baina lan sistematikoari esker balioa hartu duena (Lomsdal-Visten parke nazionalaren sorreran adibidez).
  39. Gina Moseley, "Greenland Caves" proiektua, Groenlandian. 60 hamarkadan eginiko lehen esplorazioen jarraipena. Permafrostaren azpian egotearengatik Pleistozenotik hona ia espeleotemarik garatu ez duen karst gaztea.
  40.  Yannick Manche, Méjean causse-an espeleologo amateurren eta hidrogeologo profesionalen arteko kolaborazioa azaltzen. Neure interes bereziko gaia izanik, gero galdetu egin dut: zein izan da espeleologoen papera proiektuaren gestioan? Erantzuna: parkeko teknikariek bultzatutako ekimena izan da. Espeleologoak haien aginduetara aritu dira. Edonola ere, itxuraz ondo ateratako esperientzia izan da; baina niretako ez da eredurik onena.
  41. Jacques Chauvin, Ipar Euskal Herriko hainbat haitzulotan (batez ere Lapurdi eta Behenafarroa) jasotako lagin bioespeleologikoen bilana eginez. Bertan Iberozospeum espezie bat dago, baina oraindik ez dute argi zein den.
  42. Philippe Fosse, Capra pyrenaicari buruzko datuen bilana. Pirinio osoko aztarnategi arkeologikoen azterketa, Euskal Herrikoak barne. Espeleologoek jasotako datuekin.
  43. Lluis Domingo Mila, Garraf karsteko (Bartzelona), aire kutsaduraren monitorizazioaren datuak aurkezten.
  44. Camille Ek, Belgikako haitzuloetan hartutako datuak aldaketa klimatikoarekin, co2 eta landarediaren bilakaerarekin alderatuz. Emaitza paradoxikoak: zenbat eta landaredi handiagoa, orduan eta co2 gehiago!
  45. Elsa Berthome. Saint Marcel koban (Ardeche) zarradura egokitzea, saguzarrendako klima baldintza egokiak ziurtatze aldera.
  46. Annika K Gomell. Haize korrientearen misterioak, 😁 Hego Dakotako pare bat zuloren presio barometrikoaren neurketetan oinarrituta (Wind eta Jewel haitzuloak).
  47. Gaur, larunbata, azken eguna. Azken urteetan arkeologiari hartu diodan "tirria" gainditzen hasteko (gizakien mizkintasun txikiak baztertu behar dira, karstaren alde lan eginez!), arkeo simposiumera etorri naiz. Lehenik Natalie Vanara eta Hubert Camus entzun ditut, Otsozelhaiako zaldien panelaren egoerari buruz. Larribau galeriaren morfogenesia eta buztinaren gainean marraztutako panelaren ezaugarri materialak aztertuz. Eta, txarto ulertu ez badut, uholdeek eta kiropteroek eginiko eragina (higadura) ere aipatu dituzte. Aktetan hobeto irakurtzekoa.
  48. Angel A. Acosta-Colón, Puerto Ricoko labar artearen datazioari buruz. Karibean arte motan honen kontzentrazio handiena duen lurraldea izanik ere, orain arte ez omen da behar bezalako dataziorik egin. Zatirik interesgarriena zimarroien grafiti historikoarena egin zait.
  49. Jean Claude Staigre normandoa, Sena ibarreko craye zuloetako arteari buruz. Gouy eta Orivaleko arte paleolitikotik, Erdi Arotik pasatuz, duela gutxira arte eginiko artelan oso berezietaraino. Espeleologoek detektatutako eta arkeologoek baztertutako zeinuak barne. Zure itifalikoetan pentsatu dut, Xabi! Hemen egon beharko zinateke, zure teoriak aurkezten. Hurrengoan ADES ordezkaritza bat etorri beharko gara! 😜
  50. Jean Jacques Millet, NW Alpeetako ehorzgi moten bilakaera, Paleolitotik Brontze Arora. Bereziki, zulo txiki eta modesto baten kasuan zentratuz. Gizon hau Againdi II-ra ekarri beharko genuke!
  51. Alain Argant, Aze kobazuloko (Burgundia) hartz aztarnategiaren ikerketak azalduz (Aurtenetxekoa baino askoz ere apalagoa) eta "espeleologoak zerbaitetarako balio dugula" aldarrikatuz. Interesgarria, bertako hartz aztarnak espeleotemen datazioarekin egiten duen erlazioa. 4 espezie daude: etruscus, deningeri, spelaeus, speleaus deningerieoide eta beste spelaeus bat (azpiespeziea ez dut gogoratzen).
  52. Jean Yves Bigot, hartzen erpeen aztarnen kontserbazioan saguzarrek eragindako biokorrosioak duen paperari buruz. Hiru zuloren aztarketa konparatiboa (Mas d'Azil, Sirach eta Lare). Hasteko, harritu nau aztarna mota hau espezifikoki ikertzen duten espeleopaleontologoak egotea. Gero, korrosio hori karaitzaren gainean gertatzen dela (espeleotemak "janez") eta beraz erpekadak hortixek desagertzen direla, buztin multzoetan bakarrik iraunez. Hipotesia da noski (publikoarekin eztabaida egon da) baina hemendik aurrera kontuan hartu beharko duguna.
  53. Jean Philip Brugal, Mas des Caves (Herault) aztarnategi arkeo-paleontologikoa azalduz, hastapenetatik azken esplorazioetaraino.
  54. Nicolas Lateur, Chauvet kobazuloko hartz-erpekadak ikertzen ari den morroia. Benetan ere, badirudi arlo honek etorkizuna duela. Orain arte informazio ia guztia espeleologoengandik etorri da, baina ez da ikertu. Eta datu interesgarriak atera daitezke: etologia eta gizakiekiko harremanari buruz, besteak beste. Hizlari honek, erpekadak beste aztarna paleontologikoen maila berberean ezarri ditu, garrantziari dagokionez.
  55. Aurkezle berak, Aldène (Herault) koban agertutako hiena aztarnetatik abiatuta, animali honen etologiari hurbilketa. Kontzeptu berria ikasi dut: bioglifoak (erpekadak, akabatutako hormak, oheak...). Hartzarenak ezagunak badira ere, hienek ere badituzte bioglifo propioak (eta koprolitoak, barra-barra!). Ikertzen ari den gaia da, edonola ere. Jarraitzeko modukoa. 


 Neure hitzaldiei buruz (bat eta bi) esan dezaket ondo atera direla. Baina -novatada- hona ekarri dudan material guztia gazteleraz izan da. Izan ere, baseak irakurri nituenean, argi eta garbi adierazia zegoen kongresuaren hizkuntza ofizialak lau zirela (ingelesa, frantsesa, gaztelera eta alemana). Baina praktikan... hemen gehiena, alde handiarekin, ingelesez aurkezten da; gutxiengo bat frantsesez ere bai; gazteleraz, lau komunikazio bakarrik zeuden; eta alemanez, bat ere ez. Lehenengoa (gestioarena) prestatua nuen bezala eman dut; baina panorama ikusita, bigarrenerako (Arkauterena) diapositibetan ingelesezko azpitituluak sartu ditut, azalpenak nire "broken englishez" eginez. Eta horrela hobeto. Hurrengorako (iraileko Eurospeleoforuma barne) kontuan hartzekoa.

Halako kongresuetako "B aldea" be ezagutzeko aukera izan dut, bertan bolondres lanean ari diren lagunen bidez. Baita hemen ere txakurrak ortozik dabiltzala: badira "listo" batzuk, ondo identifikaturik, "argitalpen injeniaritzan" aritzen direnak: aktetan argitaratzeko argitalpenak bidali, baina gero aurkeztera etorri ez; edo artikulu sinatzaile multipleak (zure artikuluan autore bezala sartzen banauzu, nik zu nirean sartuko zaitut kurrikulumean argitalpenak biderkatzeko). Eskerrak "chairmen"ak tontoak ez direla...


 Kasualitate barregarriak ere izan dira:
    • Eguastenean egindako mendi-irteeran (Vercors, Sornin, Berger, Sassenage) hiru lagunen artean 33 zenbakiaren balio kabalistikoa ikusi genuen: bi 33 urterekin hasi ginen speleo egiten, eta besteak 33 urte zeramatzan.
    • Alemaniar eta luxenburgar ezagutu berriekin nengoela, hara non agertzen den haien lagun bat. Ea nongoa naizen, eta euskalduna, eta berak EHn dagoen bat ezagutzen duela eta nor izango, eta... Johannes Mattes zen, Simoneren laguna! Bertan ikusi beharra nuen pertsona bakanetako bat.
    • Une tonto batean, belartzan eserita, ume txiki-txiki bat etortzen zaigu, eta harekin jolasten hasten naiz, bere aitaren (mutil gazte baten) begiradapean. Une sinpatiko bat, besterik gabe. Eta biharamunean, harekin berbetan nagoela eta non konturatzen naizen... aita gazte hori Robbie Shone argazkilari ultrafamatua dela!

Hortik aurrera dozenaka lagun, hizketaldi eta une gogoangarri: kanpalekuan, bidean, tabernan, kontzertuetan, belartzan.... 27 kg euskal speleo argitalpen banatu ditut. Denboraren kapsulan  euskarazko mezua ere sartu dut. Alde akademikoa amaitu da. Gaur, zapatu iluntzean, afari erraldoia eta parranda; eta bihar goizean, UISeko lagunek asanbladan dabiltzala, lagun berrietako batekin Aude aldera egingo dut, eta gero han zerbait bilatuko dut EH-ra poliki-poliki itzultzeko.

No hay comentarios: