2022/12/04

Zuluka eta Kobaburu

 


221203: Gotzon, Antua, Oskar E, Oier.

Zuluka eta Kobaburu (Aulesti). Illuntzarko alderdi honetan egon barik nenguan, eta azkenian Olabarri famosua ezagutu dot. Basarri garaua, bistan da oin dala 200 bat urtera arte, bertan aktibidade ekonomiko haundixa egon zala: eraikin nagusixak Erdi Aroko eredua daka (albuetan harrizko gorputz bi, erdixan egurra...) eta haren inguruan dagozen eraikiñen, hormen, bidien (benetako "autopistia"!) hondarrak azterketa sakon bat mereziko leukie; beste 200 urte, eta Amaiurko gaztelua bezain berdinduta geratuko dan arren... Bidian pixkat gorago dagon "paleo-itturrixa" be ikustekua da; marmita natural bi, bata bestian jarraixan, lurpetik datorren biltzen dittuezenak; bistan da basarrixa horren arrimuan egin zala. Gaiñera, albuan dagon Zulukako sarrera ikusgarrixa ikusitta ezin da eutsi antxiñako erritualak eta erabilpenak irudikatzeko tentaldixari. Leku majikua benetan.

Bueno, gu gurera: sartu gara zulora, bere garaian entzundako korrientian billa. Koban sartuta, bertan pillatutako uran antxiñako mailla ondo ikusten da; hortik aldapan gora goiaz, eta deigarrixa egin jata galerixia estrato biren arteko kontaktuan eginda dagola. Zalantzia sartu jaku, beheko estratua artifizialki "janda" ete dagon; guk desobstrukziñua egitten egon garan lekuan be, horren aztarnia argixa zan eta goixan zuzi baten markak zeguazela esango neuke (argazkixan hartuta); ez dira egun honetan ikusi doguzen bakarrak. Olabarriko familixia topatzia lortuko bagendu (1963an, GEVekuak (...) berba egin zeben) galdetzeko moduko gauzak izango litzakez: zer etaratzen zeben leza horretatik? Ola "barri" horretan zer egitten zan badakixe? Ola "zaharra" nun ete zeguan?

Gotzon eta Antua espatuliakin biharrian geratu dirazen bittartian, Oskar prospektatzera juan da, eta ni bio laginketan jardun dot. Hauxe izan da jasotakua: 4-5 Meta, 2 Lithobius, 1 Neobisium, 1 Troglohyphantes? Saguzar txiki bi be ikusi dittudaz, Rhinolophus hipposideros itxuraz; txintxilizk eta geldi, ez dira mobidu. Amaittu dotenian, gorago dagon Kobaburu billatzera abixau naiz.

Olabarriko ruinak ikusten pixkat entretenidu eta gero, gora egin dot GPSiak lagunduta (bestela zein aklarau?). Halan be, basoko "autopistak" ez dira OruxMapsian agertzen, eta pixkat nahastian ibilli naiz. Azkenian Oskar topau dot, eta bixok gora egin dogu, Koba basarrixan ruinetara eta handik basora, Kobaburu famosua billatzera. Harrittu egin gaittu, nik uste nebana baiño polittagua. Sarrerako gelan, horma-banaketa zaharrak, aztarna modernoren bat eta kalikatak ("ofizialak" eta furtiboren bat); hortik barrura, bloke eta kolada estalagmitiko artian, galeriak miatzen jardun dogu; gorakako tximinixa batek, eta blokien azpiko hutsuniak egin jakuz deigarrixen. Horman marka baltzak be, ugari. Bueltatzeko gogua geratu jaku. Bio aldetik: 1 masma oso txikixa; 1 Lithobius; 4 Quaestus; 1 Quaestus itxurakua, baiña luziagua; 1 kakalardo baltza; 1 Meta. Saguzarrak 4-5 ikusi doguz, kueban sakabanatuta; Rh. hipposideros seguraski, ez dabe zirkiñik be egin.

Hortik behera egin dogu. Handik gitxira beste bixak be batu jakuz; Zulukan zentimetro batzuk aurrera egittia lortu dabe, itxuria. Gizaburuko herriko tabernan merianda lasaixa egin dogu. 

(...)

2022/11/20

Behaketan

 


221120: Oier.

Bizimodu familiarrak halabeharrez etxera lotu nauenez, Armintxe ondoan bizitzeak baditu abantailak eta asteburu euritsu hau sistema hidrologikoaren portaera behatzeko baliatu dut. Oraingoan (zorionez) trop pleina ez da aktibatu, baina ohi bezala, behaketak datu interesgarriak biltzeko balio digu. Izan ere, Armintxeko anomaliaren eragile nagusia (hondakin artifiziala) kenduta, bertako uholdeetan zeresan handia dute bailaran naturalki pilatutako materialek eta haien saturazio mailak, drainatze bideen efizientzia baldintzatzen duten neurrian. Horrenbestez, prezipitazioen eta ubideen betetze/hustutze erritmoak erkatzeak, sistemaren portaeraren gaineko informazio interesgarria ematen digu, bai uholde-errejimenaren gainean, baita prebisioak egiteko aukerari buruz ere.

2022/11/13

Jungitu mendixan


 221113: Xabi, Antua, Oier.

(...) endoskopiaren ostian, ikusittakuak eta bertako haize korriente aldakorrak koladian atzian ganorazko galerixa bat egon leikela pentsauarazten deskue. Horretara, kontu haundiz, (...) gorputza dibertikuluan sartu eta burua pixkat aurreratzeko moduan. Segidu biharko da ba.

Biharra banaka baiño egin ezin danez, beste klaseko ikustaldixetan ibiltzeko astixa izan dot. Zehazki, biokorrosiñuak eragindakuak izan leikezen aldaketa geomorfologiko pare bat topau dittudaz: sapaixan kondentsaziño kupula bat (beheian lixibiauen arrasto eta guzti) eta espeleotemen higadura diferentziala, garai bateko zoruan markatik gora eta behera.

Jungitu mendixan behera, Jentilkobatik pasau eta kamiñotik hurre oin dala gitxi lokalizautako, eta oindiok katalogau barik dakagun zuluan sartu gara (...). Zulo "gaztia" da; estrato horizontaletan bildutako betegarri kuaternarixua (?) beheko drenajeren batetik hustutzen hasi dala emoten dau; hormak lokatzetan eginda dagoz, bustitze/legortze zikluen eragiñez zartauta; bloke haundi batzuen artian, esplorau bako zonan sartu gara: gelatxo bat, eta drenajian punto terminala, halako zuluetan normala izaten dan modura, sedimentuz guztiz blokeauta. Zulo majua: (...) itzultzen garanian hamen be topo egittia mereziko dau, eta biharbada bio laginketatxo bat egitteko aprobetxau: miriapodo eta masma batzuk ikusi dittudaz, baiña hárek jasotzeko poterik ez! Dana dala, kanporakuan Neobisium bat ikusi dot eta, hori bai, eskutan hartu eta kanpora etara ahal izan dot.

2022/10/29

2022ko Ondarearen Europako Jardunaldixetan

 


221029: Antua, Oier.

Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldixetan, Uhagon Kulturguneak antolatutako txangoan parte hartu dogu, Artibai Mendigoizale taldiakin batera, Gabaro aldeko sekretu batzuk ezagutarazteko. Jente talde politta bildu da, nik uste nebana baiño haundixagua behintzat: ez da arrarua halako kontuetara jente gitxi agertzia -gure errekorra nekez hautsiko dau iñok, baiña: behiñ pertsona bakarrari emon gentsan hitzaldixa!-. Plazerra izan da, beraz, jente motibauan artian ibiltzia: entzutzera mugatu ez diranak, aktiboki parte hartuz! Guk guria bota dogu-eta, baiña hango batzuk be kontu interesgarrixak zittuezen esateko. Horrenbestez, juan-etorriko barriketan, danok bueltau gara etxera lehendik genkixana baiño gehixago jakinda. Horixe da-eta kontua.

Boluko zubixan bertan hasitta, Eneko Arratek Markina-Xemeingo antxiñako ekonomian kokatu gaittu, bertako jentia mendittik eta oletatik zelan bizi zan ulertzeko gakoak. Txiri-txiri goraka juanda, geldialdi estrategikuak eginda, beheko baillarian gaiñeko ikuspegixak lagunduta hobeto hartu doguz azalpenok. Halaxen allegau gara herri basuen parajera, arboladixan eta paisajian -eta aldaparan!- alde nabarmena igarritta: hortik aurrera, garai bateko meatziak eraldatutako lurretan sartu gara, gaur egun -lehen ez bezala-, Naturiak bardinduta eta edertuta. Hor hasi da ADESekuon partia: ikerketa espeleologikuari buruzko lau azalpen orokor emon eta gero, bertako geologia, biologia eta lurpeko barrunbeen gaiñeko informaziño zihetza emon detsegu entzuliei, irudi batzuekin lagunduta. Jentiak galdera asko egin dittu, bai bertakuak, baitta kanpoko herrixetatik etorrittako hainbat lagun be; gaixak interesa piztu daben seiñale!

Esperientzia ona, eta errepikatzeko gogoz! Karstari dagokixonez, badakagu zer kontau-eta.

P.D: aipu berezi bat jardunaldi honetan ezagutu edo/eta desbirtualizau doguzen speleo lagun birendako. Jabi Aranguena, Pepetxori buruzko gure informatzaille prestua, eta Fernando Urizar osagillia, Bizkaiko Espeleologia Taldeko kide ohia eta espeleourpekarixa.

2022/09/25

Alienor 2022 Jardunaldiak

 220925: Oier.

Eretan, Alienor 2022 Jardunaldietan. Bertan pilatu den speleo jende-saldoa baliatuz, argitaratu berri dugun liburuaren aleak banatzera joan gara: kortesiazko 7 ale Zuberoa-Biarnorako, 26 ale ARSIP liburudendarako, 13 ale FUE eta Agiro taldeetako lagunendako. Bide batez, goiza lagunak ikusteko eta bertako ekitalditxo batzuetan egoteko probestu dugu. Herriko ikuskizun aretoan posterrak eta Crochet, Guiraud, Dole, Fage, Trouve eta Maestracciren hitzaldi/audiobisualak ikustera joan naiz eta, hara nolako sorpresa hartu dudan, areto horretan euskal speleo historiaren pieza garrantzitsu batzuen erakusketa iraunkorra dagoela deskubritu dudanean: Cosynsen 1950ko gindaxa (Lepineux leizearen lehen exploraziokoa), Queffelecen 1953koa (La Verna deskubritu zen espediziokoa) eta Marcel Loubensen gorpua ateratzeko erabilitako zerraldoa. To!




 

Herriko festen aretoan, liburu eta material saltokiak zeuden. Ez naiz horrelakoetara joateko zalea (dena erosi nahi izaten dut, eta ezin!) baina liburuaren hartzaile gehienak bertan nituen, besteak beste Alain Dole GSHPko laguna. Haren postuko gauza eta paperen artean Norbert Casteret handiaren gauzak zeuden, enkantean lortutako materialak. Hari galdetuta jakin dut material horren jatorria: Castereten heriotzaren ostean, alabei bere artxiboaren etorkizuna erabaki beharra egokitu zitzaion. Aitak DENA gordetzen baitzuen: hasi esplorazio egunkarietatik, eta segi argazki, hitzaldien erreferentzia, argitalpen eta bestelako materialetatik. Frantziako eskualde pila bat, eta atzerrikoak ere bai: tartean Euskal Herria, Espainia eta Afrika. Dozenaka milaka paper. Zer egin? Lehena, inbentario bat egitea izan zen: materialak sailkatu, eta loteak egin. Jarraian, lote horiek interesa izan zezaketen espeleologoei eskaini; horrela, adibidez ARSIPek Larrari buruzko materialak erosi zituen, GSHPkoek Midi aldekoak... Gero, material duplikatuak-eta, handik eta hemendik saltzen dabiltza; eta horrela, zatika eta pixkanaka, Castereten artxiboek bere lekua aurkituz doaz, gehien estimatzen duten pertsonen eskuetan: tokian tokiko espeleologoenak, alegia. Eta hara non gaur, Alainen eskutik, nik ere nire aletxoa jaso dudan: Norbertek ateratako argazkia, erakusketa baterako muntatua, atzean bere eskuz idatziriko oharra duela. Arraioa, zirrara eman dit! Espeleologoa ez den norbaiti azaltzekotan, esango nuke hau, zinema mundura ekarrita, Charles Chaplin, Alfred Hitchcock edo Anthony Hopkinsen autografo bat eskuratzea bezalakoa dela. Baditut handik eta hemendik jasotako opari berezi gehiago; eta pentsatu dut, badela garaia modu polit batean tolestu eta antolatzeko. 



Eta beno! Ea gaurko jardunaldi honekin "speleo de salon" denboraldia amaitutzat ematen dudan, lurpeko zuloetan ibiltzea zer den ahaztuko dut bestela!


 



2022/09/22

Zubiburuan, saguzarretan

 220920: Oier.

Zubiburua, udazkeneko trantsizio garaiko laginketa.

Illunabarra 20:10. Eguraldi freskoa, oskarbi.

Grabaketa 15'tako zatietan egin dut, geroko kodifikazioa errazteko (45'tako artxiboak astunegiak dira > haiek irekitzen denbora asko, eta blokeoak). Gainera, tripodearen aukerak baliatuz, mikroa haitzuloaren 3 sarreretarantz 45º inguruko inklinazioarekin jarri dut, barruko saguzarrak hobeto hartzeko; honek agian kanpotik ibiltzen diren Miniopterus gutxiago detektatu izanaren eragina izan dezake.

Mikroa 20:00etan ireki dut. (...) Aldaketa klimatikoa dela eta, beste garaietan egiten ari garenarekin parekatuz, laginketa hau ere aurreratu dugu (iaz arte urrian egiten genuen). Iazkoarekin konparaturik, aktibitate profilak (...).

2022/09/14

14. EuroSpeleo Forum / XI Espainiar Kongresuan

 

Argazkia: Espeleofoto

220909-11: Oier.

14. EuroSpeleo Forum / XI Espainiar Kongresuan. Astean zehar Kantabrian izandako ekitaldien ostean, azken 3 egunak, akademikoagoak, Burgosen izan dira. Arkauteri buruzko komunikazioa ostiralean aurkeztu nuen, eta bezperan heldutako liburuen aurkezpenarekin osatu ahal izan genuen; kanpoan mahaitxo bat ipini nuen, CEC, Galiziako Federazioaren eta Victor Ferrerren stand bikainen artean, eta ale batzuk saldu genituen (asko ez: 9, zehazki). Gainera, aldez aurretik salduak ziren beste 6 ale banatzeko aprobetxatu nuen; hemendik aurrera, beste erosleei eta EEE-ko kideei aleak helarazteko lan atsegina dator.

Kongresuari berari buruz, betiko legez atsegin eta estres nahaste berezi horrekin bizi izan dut: espeleologo askorekin egon -batzuk lehendik ezagunak, eta askoz ere gehiago berriak-, txartelak eta kontaktuak barra-barra trukatu, bereziki norbere interes bereko gaiak lantzen dituenekin. (...) Bestalde, justu liburuekin nengoelako saguzarrei buruzko hitzaldia galdu nuen, eta quiropteros.org eta SECEMU elkarteen webguneak miatu behar ditut, ADESen egiten ari garenakin bateragarria ote den ikusteko.

Hitzaldiak bisitekin osatu dira, eta niri Fuentemolinos eta Atapuerca egokitu zaizkit. Denak espeleologoak ginenez, bisita turistikoez gaineko hainbat "extra" izan ditugu, bai azalpenen aldetik, baita normalean bisitatzen ez diren lekuetara joanez. Fuentemolinosekoa Natalia Niphargus taldeko kidearen eta Sergio Blanco "Beloaventura" enpresako gerentearen gidaritzapean egin genuen, eta lurpeko ondarearen kudeaketa eredu oso interesgarria begitandu zitzaidan, espeleologoek bultzatua eta kudeatua, Administrazioaren parte hartze eta babesarekin. Noiz ailegatu ahal izango ote gara gu horra?? Alegia: politikoak konbentzitzea zientzia eta turismo jasangarria bateragarriak direla, eta herriarendako etekin ekonomikoak ekarri ditzaketela.

Bigarren bisita, Atapuercakoa, Edelweiss taldeko Ana Isabel Ortegak -agian, jardunaldi hauetan gehien inpresionatu nauen pertsona- eta Miguel "Choperas"ek egin digute,  bertako gidarietako batekin. Silo, Peluda, Trinchera, Fantasma, Dolina, Galeria... Zer esan? Txunditua, bai gunearekin dimentsio eta historiarekin, bai bertatik ateratzen ari diren informazio kopuruarekin, eta baita kudeaketa ereduarekin. Esan beharrik ez dago, espeleologoek tinglatu guzti honetan pisu handia dutela, eta gestio taldearen parte direla hasiera-hasieratik, ardura handiak hartuz. Badugu nora begiratu bai, Bizkaiko egoera hobetzeko!

Oro har, esan dezaket informazio interesgarriarekin gainezka etorri garela (...), baina garrantzitsuena, adiskidetasun berriak egitea eta lehengo harremanak estutzea izan dela. Arkauteren liburuaren hasierako aipua jarraituz!

"Izan ere, garrantzitsua deritzot espeleologia taldeen arteko loturak estutzeari. Baina elkartasun hori adiskidetasun pertsonaletan oinarritu behar da, ez federazio ofizial batean. Egia esan behar badizut, gauza ofizial guztiei usain txarra hartzen diet". (Arkauteren gutuna Edelweisseko Jose Luis Uribarriri, 1956ko uztailaren 4a).

PD: asteburu ederra izan da, beraz. Baina xelebreena, nire ostatuaren eta Forum Evolucion aretoaren artean zegoen Sandro taberna ezagutzea izan da. Kongresuko lau lagun sartu ginen bertan, une ezberdinetan, eta laurok ahozabalik itzuli ginen. Gero jakin dugu ez garela bakarrak izan, eta hain zuzen ere bezeroari ematen zaion tratu finarengatik dela famatua taberna hori. Gomendagarria oso, ahaztu ezin den esperientzia epikureoa!