2022/08/21

IS-085, azken inkurtsioa


 220821: Gotzon, Antua, Xabi, Urtzi, Oskar F, Unai, Oier.

IS-085 (...) Asier Gómez Olivencia eta Adrián Pablos Fernández paleontologuekin. Asier "jefearen" arabera, printzipioz hauxe izan da kanpaina honetan egingo dugun azken inkurtsioa; halere, ez dugu oraindik amaitutzat emango, errebisoreek edo BFAk eskariren bat ez ote duten jakin arte. (...)

Nik neuk, UIS 18. kongresuko aktetan irakurri ditudan paleoespeleologia kontuak buruan, 2. solairuko paleosarreratik paleoesploratzaile posibleek utzitako aztarnen bila aritu naiz. Ez dakit irudimena bor-bor nuelako, edo zergatik, baina espeleotemek paleoitxitako gune batzuetan, paleohausketa guneak eta haiekin bat zetozen paleozatiak identifikatu ditut, guztiz mineralizaturik eta lurrarekin bat eginda. Gizakiek, animaliek eginak? Hori ez dakit, baina oso oso zaharrak ziren. Uste dut hemendik aurrerarako beste entretenimendu bat aurkitu dudala, estuasunetatik pasatzen ez naizenerako. (...)

2022/08/18

Ur emariaren kalkulu bat Paltzuaraneko leizean

ADESeko kideren batek orain dela urteak sifoiaren gainean galdutako mosketoia

2022-08-17  Zuto, Santi

Paltzuaraneko leizera jaitsi gara, eta erreka beheranzko galeria ikustera joan gara, sifoiaren gainera heldu arte. Bueltan, lehorte dezenteko baten erdian gaudenez, ur emaria kalkulatzea bururatu zaigu, tresna sinple batzuk erabiliz: gauza eramateko erabili dugun pote txiki bat eta segunduak jakiteko erlojua.

Horrela, gutxi gorabeherako datu hau atera dugu, emaria segunduko 0,15 litrokoa dela. Horrek esan nahi du egunean ia 13.000 litro ematen dituela. Esaten da pertsona bakoitzak 130 litro ur kontsumitzen dituela batez beste egunero, beraz 100 pertsonentzako adina ur ematen dabil.

Jakina, neurketarako erabilitako sistemak datua oso erlatibo bihurtzen du.

2022/08/02

18. Nazioarteko Espeleologia Kongresuan

 20724-31: Oier.

Union Internationale de Spéléologie, 19. Kongresua. Uste dut Euskal Herritik etorritako bakarra izan naizela; printzipioz neure izenean etorri banaiz ere (komunikazio bi aurkeztera), azkenean ordezkaritza pare batekin amaitu dut: batetik ADESena, Gernikako talde honen izena munduari aurkezteko; bestetik, Euskal Espeleologoen Elkargoarena, Karaitza aldizkariaren azken zenbakiaren ale batzuk bertako ordezkari nagusiei emateko.

Bakarrik etortzearen abantailak, lehenengo unetik lagun berriak egiten hasi naiz. 1200 espeleologotako maremagnum honetan, hasieran bertigoa sentitu dut: gutxitan izan naiz speleo bileretan, eta beti euskal eremuan izan da. Halere, jende adeitsu asko aurkitu dut (frantses erara; hau da, inork ez dizu kasu handirik egiten, ezta eroso egon zaitezen saiatzen; baina era berean harremanak erraz egiten dira) eta bataz beste egunero-egunero 5-6 pertsona berri ezagutu ditut, ia nahi gabe; ni bezalako pertsona batentzat asko da hori. EEBB, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Serbia, Italia, Grezia, Puerto Rico, Venezuela, Brasil, Austria, Luxenburgo, Slovakia, Suitza... Modu xelebrean, ez dut espainiar bakarra ere ezagutu (eta egon, bazeuden). Ezin konta ahalako harreman berri, beraz, eta kasu gehienetan izenik jakin gabe ere. Oso giro ona, orokorrean. Erosoa eta interesgarria, nahiz eta azkenean -hau larunbata 30ean idazten ari naiz- bildutako informazio kantitatea hain handia izan ezen, nekea gailentzen den. Eskerrak Aktei, ADESen artxiboan gordeko dugun argitalpen monumentalari: bertan, hitzaldi guztien testu osoa biltzen baita, kontsultarako material baliotsua.


 Esan bezala, hau montaje oso handia da eta antolatutako gauza pila bat dago. Nik neuk, intereseko hitzaldi asko nituenez, denbora gehiena hitzaldi aretoz areto pasatu dut; une baten erakusketa/salmenta gunera joan banintzen ere (Victor Ferrer lagunari kaso egitera), eta film laburren bat edo beste ikusi badut ere, ez naiz hemendik atera. Gutxiago, "speleo-olympics" izeneko speleokirol ekitaldietara (kontzienzia eragozpen kontuak).


 Beraz, otorduez eta kanping-gunera joan-etorriez gain, kongresuko denbora gehiena aukeratutako hitzaldietan eman dut (izan ere, ezinezkoa da denak entzutea, uneoro bospasei hitzaldi simultaneo izan baititugu, gaur goizera arte).  Esan bezala, bakoitzaren testu osoa Aktetan dugu irakurgai, baina ni ohar laburren bat eta hizlariaren argazkiak jasotzen ere saiatu naiz. Hemen doaz nire oharrak:

  1. Jean-Luc Front. Hiriguneetako kobazulo natural zein artifizialen katalogazioa eta identifikazioa, obra publikoetara begira. Orleansen kasua azaldu du, baina Lekeitio izan zitekeen.
  2. Claude Mouret, espeleologoaren psikologia topografiak egiteko estrategian. Denoi irribarrea atera dizkigun hitzaldia, norbere taldeko kideak gogoan.
  3. Silvain Yart, lurpeko barrunbeen detekziorako teknika bat. Tomografia elektrikoa ez baita metodo bakarra!
  4. Paolo Forti, erreferente handia. Bibliofiloa, eta katalogo espeleogiko zaharrena aurkitu berri eta aurkeztu diguna! "La Sicilia in Prospettiva" (1709) liburuaren barruan.
  5. Philipp Hauselmann, topo zeinuen nazioarteko unifikazioari buruz.
  6. Issam Bou Jaoude, Libanoko historiaren zati bat gordetzen duen Jeita haitzuloaren kasua azaltzen. Esan dezaket, niretzat, Libano ezohiko eran ezagutzeko aukera bikaina izan dela gaurkoa.
  7. Izan ere, bertatik etorritalo "espiker" gehiago ere izan ditugu. Adibidez Fadi H. Nader arazo batekin aurkitu zen. Lagun batek galdetu zion: zeintzuk dira Libanoko kobazulo garrantzitsuenak? Horrela ikusi zuen, herrialdearen ikuspegi panoramikoa ematen digun aurkezpen hau egin beharra.
  8. Eta oraindik ere, Issam Bou Jaoude. Libanorekin jarraituz, El Kassarat kobazuloaren kasua. Lamiñen Sistemako tamainako zulo honetan egin diren agresioak sekulakoak dira, harrobiak, presa bat, hormigoizko eraikinak. Espeleologoak, kobazuloa babeste aldera, paradoxikoki zati bat publikoari ireki nahian dabiltza. Interes handia sortu duen hitzaldia.
  9. Barbel Vogel lagun alemaniarrak CaveApp aurkeztu digu, eta nik berori buruz nuen zalantza argitzeko baliatu dut. Zer gertatzen da datuokin? Nork du haiek babesteko ardura? Nork hartu ditzake? Erantzuna: Alemaniako espeleologia erakunde nagusiak babesten ditu bai ekimena, bai datuak. Beraz, balekoa dela deritzot.
  10.  John Gunn, Karstaren Babeserako Irizpideen nazioarteko Gidaren garapenari buruz. C'est ton metier Javi Moreno!! 😉 19. Guidelinea deigarria egin zait bereziki: "kobak ez litzateke sekula mendi lasterketa edo beste edozein kirol jarduerarako erabili beharko".
  11. Barbel Vogel berriro, speleo lanaren alderdi gogorrenari buruz. Estuasunak, lokatza, hotza? Ez. Bulegoak, korbatak, kanapeak. 😅 Gure kideek ingurumen gogor horretan aritzeko entrenamendu gehiago behar dute. Hor lortzen baitira gauza garrantzitsuenak!
  12. Jure Ticar, Sloveniako haitzuloen kutsaduraren diagnostikorako eta konponketarako gakoak. EHren tamainako herri hau speleo ikerketaren sorlekua izan zen. Kutsaduraren arazoari aurre egiteko eredua ere izan dadila!
  13. Maria Laura Tirla, Rumaniako 8310 eskualdeko haitzuloen kontserbazio ekimenak.
  14. Leda Zogbi, "Luzes na Escuridao" argazki proiektu erraldoia, 5500 kmtako bidai bat eginez, Brasilgo lurpeko ondarea erretratatzeko. Ezagutzen ez dena, ezin babestu!
  15. Patricia E. Seiser, AEBetako "Wind Cave"ren adibidetik abiatuz, lurpeko eremuen babeserako erronkak. Hemen ere, kongresuan gorbata, traje eta kanape borroka egin behar!
  16. Jöerg Dreybrodt, Myanmarren lanean dagoen nazioarteko taldearen izenean. Ia dena esploratzeko dagoen leku hauen xarma izugarria da. Prospektatzea, eta kilometrotako lurpeko sareak aurkitzea, dena bat.
  17. Mouret jaunaren bigarrena. Gizon hau nire eremutik kanpoko karst asko esploratu ditu (armiarma handiegiak), eta haietako bat (Sagada, Filipinas) aurkeztu digu. Aitzindariak, hauek ere: 70 hamarkadatik hona eginiko esplorazioen bilana egiteko ordua da; eta kontrolik gabeko garapen turistikoarengandik babestu...
  18. Gunn jauna bere bigarren aurkezpena eginez. UNESCOren biosfera erreserba, geoparke etabarren azterketa, karst ezaugarrien arabera. Ondorio interesgarriak, lehendik uste genuena erabiltzeko moduko datuekin bermatuz.
  19. Josko Bozanic, Bisevo isla txiki eta ederraren ezaugarriak eta egoera soziologiko berezia azaltzen (UNESCO Geoparke batean hau ere). Kroazian, itsaso Adriatikoan.
  20. Serge Delaby belgiarra, Femenne-Ardenne Geoparkea azaltzen. Karstologoek bultzatua (eta bertakoak diren politikari biren laguntzarekin), interbentzio urbanistiko desegoki batzuen kontura. Hemen material ona dugu, inoiz Lekeition horrelako zerbait bultzatu nahi izan ezkero!
  21. Kobetatik pasatzen diren lasterketen ordez, "karstic trail" (sentiers karstiques) bultzatzea hobe. Ezagutzen ez nuen kontzeptua! Kontserbazioa eta hezkuntza uztartzeko bide interesgarriagoa, gurera ekar dezakeguna. Vincent Biot Okzitaniako esperientzia azaltzen.
  22. Christophe Gauchon, Vercorseko gure gida prestuak, UIS-en sortzaile Bernard Gèze gogoratuz. Erdipurdiko espeleologoa, baina antolatzaile bikaina!
  23. Sandra Klos lagun austriarrak, Hugo Hassinger speleo geografoaren kasu interesgarria azalduz: erreferentziazko zientzialaria, arrazoi politikoengatik ahaztua. Zilegi al da?
  24. Alain Dolé, Tarbeko laguna: Bigorran espeleologiaren bultzatzaile izandako Bernard Abadie  ("Le Sanglier du Picharrot") apaizaren biografia aurkeztuz.
  25. Maurizio Tavagnutti, Federico de Comelli von Stuckenfelden esplorazioei buruz. Gorizia eskualdea ezagutzeko aukera eman digu: garai batean austro-hungariar inperioaren baitan izandakoa, eta gaur egunean Italia eta Eslovenia artean.
  26. Luciano E. Faria, Peter W. Lunde zientzialariak Brasilen egindako ekarpenei buruz. Baita hark duela 200 urteko katalogatotako zuloak berraurkitzeko lanari buruz ere!
  27. Fadi Nader, Libanoko Sami Karkabi maisu eta aintzindariari omenaldia eginez.
  28. Maria Alejandra Perez venezuelarra, espeleologia erradikalaren alde. Espeleologiaren inguruan sortutako kultura, ikuspegi antropologikoa alegia. Gure potentziala ezagutzea, eta biderkatzea. Hitzaldi bikaina, agian Kongresu osoan ikusi dudan onena. Eta gaia, nire interes handikoa, eta bibliografian askotan aipatzeko modukoa. Perezen beste argitalpenek ere, errebisio bat merezi dute.
  29. Philippe Fleury, Diau kobazuloaren ikuspegi historikoa. Koba bakoitzak bai baitu bere historia txikia! Eta UIS Kongresuan, denak ez du goi mailako zientzia izan behar.
  30. Lionel Barriquand, Cailleverdiere haitzuloa azaltzen (Saone et Loire), Benoit Dumolinek XVIII mendean hasitako esplorazioetatik abiatuz.
  31. Jean-Yves Bigot, higanoten eta kobazuloen harremana aztertuz Faux Monnayeurs eta Protestants harpeen kasuetan (Aveyron eta Gard).
  32. Christophe Gauchon berriro ere; kongresua Savoian denez, bertako historiaren ikuspegi orokorra ematea oso egokia da.
  33. Johannes Mattes, historialari vienarra. Karstaren zientzietan bezala, Austria-Hungaria aintzindaria izan zen emakumeen parte hartzean.
  34. Stephan Kempe, Hainholtz karstean azken 50 urteetan eginiko azterketa hidrogeokimikoaen historiari buruz. Harz Hegoaldean, Alemanian.
  35. Pierre-Olaf Schut balentziarra, gai konplexua landuz: espeleologiak Frantzian duen lekua, kirola eta karstologia ikuspegietatik. Olioa eta ura emultsionatzea bezala!
  36. Jean-Pierre Buch radon gasaren auzia, ebidentziaren arabera, eguneratuz. Ondorioetako bat: haitzuloetan aritzen diren profesionalen kasuan (astero 40 ordu), gehiago ikertu behar da; baina espeleologoen aktibitate mailarekin, urtero pilatutako irradiazioen arrisku maila hutsaren hurrengoa da. Erortzearena, edo tabakoarena baino askoz ere txikiagoa.
  37. Ulrich Meyer, Riesending azaltzen (Berchtesgaden, Alemania). Gehienok istripu batengatik ezagutu genuen sare erraldoi honen zehaztapenak, eta esplorazioen egoera.
  38. Trevor Faulkner, Norvegiako eskualde batean (Hegoaldeko Nordland) ingelesek eginiko espedizioak, 1974-2011 artean. Karst txiki bat, bataz besteko espeleometriari begira, baina lan sistematikoari esker balioa hartu duena (Lomsdal-Visten parke nazionalaren sorreran adibidez).
  39. Gina Moseley, "Greenland Caves" proiektua, Groenlandian. 60 hamarkadan eginiko lehen esplorazioen jarraipena. Permafrostaren azpian egotearengatik Pleistozenotik hona ia espeleotemarik garatu ez duen karst gaztea.
  40.  Yannick Manche, Méjean causse-an espeleologo amateurren eta hidrogeologo profesionalen arteko kolaborazioa azaltzen. Neure interes bereziko gaia izanik, gero galdetu egin dut: zein izan da espeleologoen papera proiektuaren gestioan? Erantzuna: parkeko teknikariek bultzatutako ekimena izan da. Espeleologoak haien aginduetara aritu dira. Edonola ere, itxuraz ondo ateratako esperientzia izan da; baina niretako ez da eredurik onena.
  41. Jacques Chauvin, Ipar Euskal Herriko hainbat haitzulotan (batez ere Lapurdi eta Behenafarroa) jasotako lagin bioespeleologikoen bilana eginez. Bertan Iberozospeum espezie bat dago, baina oraindik ez dute argi zein den.
  42. Philippe Fosse, Capra pyrenaicari buruzko datuen bilana. Pirinio osoko aztarnategi arkeologikoen azterketa, Euskal Herrikoak barne. Espeleologoek jasotako datuekin.
  43. Lluis Domingo Mila, Garraf karsteko (Bartzelona), aire kutsaduraren monitorizazioaren datuak aurkezten.
  44. Camille Ek, Belgikako haitzuloetan hartutako datuak aldaketa klimatikoarekin, co2 eta landarediaren bilakaerarekin alderatuz. Emaitza paradoxikoak: zenbat eta landaredi handiagoa, orduan eta co2 gehiago!
  45. Elsa Berthome. Saint Marcel koban (Ardeche) zarradura egokitzea, saguzarrendako klima baldintza egokiak ziurtatze aldera.
  46. Annika K Gomell. Haize korrientearen misterioak, 😁 Hego Dakotako pare bat zuloren presio barometrikoaren neurketetan oinarrituta (Wind eta Jewel haitzuloak).
  47. Gaur, larunbata, azken eguna. Azken urteetan arkeologiari hartu diodan "tirria" gainditzen hasteko (gizakien mizkintasun txikiak baztertu behar dira, karstaren alde lan eginez!), arkeo simposiumera etorri naiz. Lehenik Natalie Vanara eta Hubert Camus entzun ditut, Otsozelhaiako zaldien panelaren egoerari buruz. Larribau galeriaren morfogenesia eta buztinaren gainean marraztutako panelaren ezaugarri materialak aztertuz. Eta, txarto ulertu ez badut, uholdeek eta kiropteroek eginiko eragina (higadura) ere aipatu dituzte. Aktetan hobeto irakurtzekoa.
  48. Angel A. Acosta-Colón, Puerto Ricoko labar artearen datazioari buruz. Karibean arte motan honen kontzentrazio handiena duen lurraldea izanik ere, orain arte ez omen da behar bezalako dataziorik egin. Zatirik interesgarriena zimarroien grafiti historikoarena egin zait.
  49. Jean Claude Staigre normandoa, Sena ibarreko craye zuloetako arteari buruz. Gouy eta Orivaleko arte paleolitikotik, Erdi Arotik pasatuz, duela gutxira arte eginiko artelan oso berezietaraino. Espeleologoek detektatutako eta arkeologoek baztertutako zeinuak barne. Zure itifalikoetan pentsatu dut, Xabi! Hemen egon beharko zinateke, zure teoriak aurkezten. Hurrengoan ADES ordezkaritza bat etorri beharko gara! 😜
  50. Jean Jacques Millet, NW Alpeetako ehorzgi moten bilakaera, Paleolitotik Brontze Arora. Bereziki, zulo txiki eta modesto baten kasuan zentratuz. Gizon hau Againdi II-ra ekarri beharko genuke!
  51. Alain Argant, Aze kobazuloko (Burgundia) hartz aztarnategiaren ikerketak azalduz (Aurtenetxekoa baino askoz ere apalagoa) eta "espeleologoak zerbaitetarako balio dugula" aldarrikatuz. Interesgarria, bertako hartz aztarnak espeleotemen datazioarekin egiten duen erlazioa. 4 espezie daude: etruscus, deningeri, spelaeus, speleaus deningerieoide eta beste spelaeus bat (azpiespeziea ez dut gogoratzen).
  52. Jean Yves Bigot, hartzen erpeen aztarnen kontserbazioan saguzarrek eragindako biokorrosioak duen paperari buruz. Hiru zuloren aztarketa konparatiboa (Mas d'Azil, Sirach eta Lare). Hasteko, harritu nau aztarna mota hau espezifikoki ikertzen duten espeleopaleontologoak egotea. Gero, korrosio hori karaitzaren gainean gertatzen dela (espeleotemak "janez") eta beraz erpekadak hortixek desagertzen direla, buztin multzoetan bakarrik iraunez. Hipotesia da noski (publikoarekin eztabaida egon da) baina hemendik aurrera kontuan hartu beharko duguna.
  53. Jean Philip Brugal, Mas des Caves (Herault) aztarnategi arkeo-paleontologikoa azalduz, hastapenetatik azken esplorazioetaraino.
  54. Nicolas Lateur, Chauvet kobazuloko hartz-erpekadak ikertzen ari den morroia. Benetan ere, badirudi arlo honek etorkizuna duela. Orain arte informazio ia guztia espeleologoengandik etorri da, baina ez da ikertu. Eta datu interesgarriak atera daitezke: etologia eta gizakiekiko harremanari buruz, besteak beste. Hizlari honek, erpekadak beste aztarna paleontologikoen maila berberean ezarri ditu, garrantziari dagokionez.
  55. Aurkezle berak, Aldène (Herault) koban agertutako hiena aztarnetatik abiatuta, animali honen etologiari hurbilketa. Kontzeptu berria ikasi dut: bioglifoak (erpekadak, akabatutako hormak, oheak...). Hartzarenak ezagunak badira ere, hienek ere badituzte bioglifo propioak (eta koprolitoak, barra-barra!). Ikertzen ari den gaia da, edonola ere. Jarraitzeko modukoa. 


 Neure hitzaldiei buruz (bat eta bi) esan dezaket ondo atera direla. Baina -novatada- hona ekarri dudan material guztia gazteleraz izan da. Izan ere, baseak irakurri nituenean, argi eta garbi adierazia zegoen kongresuaren hizkuntza ofizialak lau zirela (ingelesa, frantsesa, gaztelera eta alemana). Baina praktikan... hemen gehiena, alde handiarekin, ingelesez aurkezten da; gutxiengo bat frantsesez ere bai; gazteleraz, lau komunikazio bakarrik zeuden; eta alemanez, bat ere ez. Lehenengoa (gestioarena) prestatua nuen bezala eman dut; baina panorama ikusita, bigarrenerako (Arkauterena) diapositibetan ingelesezko azpitituluak sartu ditut, azalpenak nire "broken englishez" eginez. Eta horrela hobeto. Hurrengorako (iraileko Eurospeleoforuma barne) kontuan hartzekoa.

Halako kongresuetako "B aldea" be ezagutzeko aukera izan dut, bertan bolondres lanean ari diren lagunen bidez. Baita hemen ere txakurrak ortozik dabiltzala: badira "listo" batzuk, ondo identifikaturik, "argitalpen injeniaritzan" aritzen direnak: aktetan argitaratzeko argitalpenak bidali, baina gero aurkeztera etorri ez; edo artikulu sinatzaile multipleak (zure artikuluan autore bezala sartzen banauzu, nik zu nirean sartuko zaitut kurrikulumean argitalpenak biderkatzeko). Eskerrak "chairmen"ak tontoak ez direla...


 Kasualitate barregarriak ere izan dira:
    • Eguastenean egindako mendi-irteeran (Vercors, Sornin, Berger, Sassenage) hiru lagunen artean 33 zenbakiaren balio kabalistikoa ikusi genuen: bi 33 urterekin hasi ginen speleo egiten, eta besteak 33 urte zeramatzan.
    • Alemaniar eta luxenburgar ezagutu berriekin nengoela, hara non agertzen den haien lagun bat. Ea nongoa naizen, eta euskalduna, eta berak EHn dagoen bat ezagutzen duela eta nor izango, eta... Johannes Mattes zen, Simoneren laguna! Bertan ikusi beharra nuen pertsona bakanetako bat.
    • Une tonto batean, belartzan eserita, ume txiki-txiki bat etortzen zaigu, eta harekin jolasten hasten naiz, bere aitaren (mutil gazte baten) begiradapean. Une sinpatiko bat, besterik gabe. Eta biharamunean, harekin berbetan nagoela eta non konturatzen naizen... aita gazte hori Robbie Shone argazkilari ultrafamatua dela!

Hortik aurrera dozenaka lagun, hizketaldi eta une gogoangarri: kanpalekuan, bidean, tabernan, kontzertuetan, belartzan.... 27 kg euskal speleo argitalpen banatu ditut. Denboraren kapsulan  euskarazko mezua ere sartu dut. Alde akademikoa amaitu da. Gaur, zapatu iluntzean, afari erraldoia eta parranda; eta bihar goizean, UISeko lagunek asanbladan dabiltzala, lagun berrietako batekin Aude aldera egingo dut, eta gero han zerbait bilatuko dut EH-ra poliki-poliki itzultzeko.

2022/07/18

Bolunzulon kontuz ibili behar


 

220716: Antua, Bruce, Gotzon, Martin I, Oskar F, Oier.

Bolunzulo. "LL de Victoria" sektoreko galeria bat topografiatzera joan gara; bere garaian Lotik eta Laurentek egindako poligonal sinplea baino ez dugu eta, Martinek egiten diharduen topo makroerrebisiorako hobeto hartzea merezi zuen. 

Ez nengoen seguru pausu berritik pasatuko ote nintzen (aurrerakoan, blokeei beldur, atzera egin nuen) baina gaur lasaiago, eta atzetik eta aurretik lagunak nituela, arazo barik igaro dut. Hortik aurrera, aspaldi ibili gabeko galeria ederrak; eta behin "LL de Victoria" sektorean, niretzat guztiz berriak ziren leku ikusgarrietan barneratu gara. Bruce eta biok, atzetik zetorren topografia taldeari bidea markatuz, altuera handiko eta irristagarritasun handiagoko pasabideetan aurreratu gara. Puntu batean, erraz-jaisteko-baina-atzera-igotzeko-zaila zirudien putzu baten ertzean gelditu gara, ur-jauzi polit-polit baten ondoan. Badakigu jakin, leku hau aurkitu zuten urpekariek ezer instalatu gabe pasatu zirela hortik, baina orduak aurrera zihoaztela eta, berriz itzuli beharko garela argi izanik, ez zaigu egokia iruditu arriskatzea, eta atzera lagunengana bildu gara, egindako lanaz pozik. Haiek galeria bikoizten den leku bateraino topografiatu dute, gaurkoz nahikoa izan dela esanez. Kuriositate bezala, puntu honetan lehen kobako beste sektore batean zegoen tanke industrial handi bat aurkitu dugu, urak sifoiz sifoi igaroarazitakoa, eta suntsitua noski; beldurra ematen du, hori egiteko gai den uraren presioa irudikatzeak! Kanporako bidean, borobila izan behar zen egun hau okertu zaigu Bolunzulon biltzen den zabor ugari honen eraginez: urjauzietako bat gainditzean, (...) hortzak gora zituen sarde bat zapaldu du, eskuineko oina alderik alde zeharkatuz 1. eta 2. metatarsianoen artetik; segituan, hortza atera eta -oraindik oinez egiteko gai zenez- lagunduta bere kabuz atera ahal izan da, kalera falta ziren azken 20 metroak. Beraz, ohiko garagardoa hartu ordez, bizkor-bizkor aldatu eta (...) Galdakaoko Ospitaleko Urjentzietara egin du. 

Bio aldetik, lagin hauek jaso ditut: 2 Lithobius, 2 Pseudosinella.

PD: jarraian, Brucek bere taldekoei (Grampian Speleological Group) idatzitako intzidentearen kronika. Ingelesez askoz ere hobeto geratzen baita!
Bolunzulo cave in Oma Valley, surveying with Ades Espeleo today. Oier Gorosabel Larranaga Gotzon Aranzabal  Antua (Antonio Gomera Garcia), Martin Ibarrola and Oskar Fernandez Ojeda. Good company 😊
Coming back out of Bolunzulo cave yesterday, an Ades Espeleo member, (...), slipped on a waterfall and came down onto a old garden fork, rusted, dirty and sharp. It went through the sole of his boot and through his foot protruding on the other side. He shouted for us, but being a joker we thought at first he was joking. When he shouted again we rushed back. He was sitting with the skewered foot elevated as he couldn't put it down. Rather than have a fuss he asked me to hold the elevated leg and another of the club (...), pulled it back out.
He walked back out under his own steam. Back at his car I said that we should have taken a photo for Facebook before we removed it. I suggested we could put it back in, but he declined. He did however pose with the skewer before going to hospital. Note the makeshift dressing on the right foot. As I took the photo I said "smile", and he did. Made of tough stuff these Basque speleologists.
Stop press: the boot can be repaired.

Zubiburua, kumaldi garaian

Irudia: Jim Henson.

 

220712: Oier.

Zubiburua, udako kumaldi garaiko laginketa.

Illunabarra 21:50. Eguraldi oso beroa eta lehorra.

Zubiburuko saguzar koloniatxoaren karakterizazioarekin jarraituz; jadanik datu-serie apal baina luzea jasoa dugu. Azkenaldian kobak duen bisita-presio handia kontuan hartuta (sarrera aurreko espaloiaren lokatz-aztarnak begiratzea baino ez dago), interesgarria izango da kiropteroetan duen eragina neurtzeko. Gaurkoan, tripodea baliatuz estazio eroso eta praktikoa osatu dut, prozedura finduz.

Grabazioa aztertu aurreko oharretan (harkatzez orrian hartuta) esan dezaket aktibitate nagusia, diferentziaz, kanpoko saguzarretan detektatu ditudala (Miniopterus schreibersii); hortaz gain, Rh ferrumequinum batzuk detektatu ditut, eta Rh hipposideros gehiago.

Grabaketan deigarriak egin zaizkit:
    • 00:14:42 Rh ferrumequinum "kantu" ozena, 120 kHz eta 40 kHztan erresonantzia bezalakoekin (ez dirudite hipposideros eta schreibersii, ferrumequinumaren kantuaren iraupen eta forma bera baitute)
    • Min schreibersiiren seinale batzuk, anplitude oso handikoak (50 kHztatik 100ra): 00:19:08 , 00:29:12, 00:31:24
    • 00:23:47 Rh ferrumequinum, 50 kHztan erresonatzen (forma bera)

Oharrak:
    • Etorkizuneko ikerlariei oharra: azken ordu laurdenean azazkalak mozten egon naiz, eta grabaketan agertzen diren artefaktuak giltzen hotsak dira; ez dute irakurketa eragozten, halere.
    • Grabaketaren transkripzioa, eta paperean harkatzez hartutakoa bat datoz, gutxi gora behera.

(...)

2022/07/04

Zapola-Atxerre


 220703: Antua, Oier.

Zapola-Urregarai (Markina-Xemein). Antua eta bere laguntzaile guztiak alde batetik, eta ni 4 bat metrotako distantzian mantenduta, prospekzio egun ederra eman dugu UB zonaldeko urreizti eta pagadi zoragarrietan zehar. Lapiaz ikusgarri eta ia birjina batean -gutar gutxi ibili izan dira hemendik-, katalogatutako bizpahiru erreferentzia lokalizatzen eta dokumentatzen eman dugu goiza. 

Lehenengoa, gure katalogoko UB-105 erreferentzia izan da, Zapolan. Vaciado artificial, guerra civil?,de un estrato arcilloso con una potencia de 1,4 m. longitud 3 m., profundidad 5 m. e inclinación 40 grados Coordenadas son validas las que aparecen en el drive, hemos sacado fotos.

Bigarrena berria da, leize txiki bat, Zapolan hau ere. (...) m. Boca de 2 X 1. Pozo vertical natural de 6 m.cuya base esta colmatada de clastos calizos y tierra, acaba en una pequeña salita de 3 X 3. Muchos huesos y lo damos por finiquitada. Hay fotos.

Hirugarrena, Atxerreko parajean, Jaurlaritzako dokumentaziotik ateratako erreferentzia bat. Kostata aurkitu dugu, baina azkenean agertu da: hiru meatze galeria, kanporako hiru irteerarekin, ikusgarria benetan; ur pixka batekin, mundutik aparte gustura bizi izateko lekua! (...) m. Pequeña explotación minera. Galeria de unos 30 m. con dos bocas que dan a un pozo vertical de unos 7 m. que requiere hierros. En el exterior ruinas de una pequeña construcción casi seguro relacionada con la mina. Alguna foto pero habrá que volver para completar la ficha y revisar bien la zona.

2022/06/20

Kastillozarko arroilan

 


220619: Gotzon, Antua, Oier.

Mandoia, Kastillozar (Usansolo). Gaurkoan, helburua mendi honetako Kas-002 zuloan desobstrukzioa egitea izan da. Kainoi ikusgarri batean gora, zuloa ikusi dugu eta Antua eta Gotzon bertan gozogintzan geratu diren bitartean, ni Kas-001ra joan naiz (...) laginketa biologikora. Ondo pasatu dut: esplorazio bakartiaren xarma, lagunak laster etorriko diren segurtasunarekin. Zuloa ezagutzen ez nuenez, zoko guztiak miatzen aritu naiz, pasabide garrantzitsu zein dibertikulo txiki-galdu, eta bihurritze mugimenduotan, aste honetan falta eta behar nuen kirol saiotxoa ere egin dut. Hortan nenbilela, hara non entzuten ditudan kolpe batzuk; belarriak gidatuta, hara eta hona, berbaroa ere bai; eta azkenik, haize epela datorren katazulo batean, besteen ahotsak: "Kaixo!". Arazo barik berba egiten genuen, baita elkarren argia ikusi ere: beraz, desobstrukzioa bertan behera laga dugu, poz-pozik. Kanpokoak barrura etorri dira, eta lekua ikusi eta gero, arrakala formako gela haren gainetik behera datorren haize hotzaren iturria miatzera sartu dira. Beste katazulo baten atarian geratu naiz ni, eta besteek esango dute zer egin duten. Leku horretan zenbait argazki ere hartu ditu Gotzonek. Behin kanpoan, zulo bien sarreren arteko poligonala itxi egin dugu, topoa zehazte aldera; katalogoan erreferentzia biek bat egin beharko ote duten zalantzarekin geratu gara, baina erabaki hori Javi "Mandoia Master"rari lagako diogu.

Jasotako laginak: barraskilo txikia 1, Oxychillus 2, Elona 1, Lithobius 1, Gyas 1, Meta 2?, Ischyropsalis 4.