Jon Fonda, Mikel Landa, Peio Landa, Jose
Navarro, César, Rober, Santi
Azkenean, Rober Garayk Mundakako Gaztezar
mendizale taldeko eta ganerako beste kide batzuen laguntzaz, Betrokoloko leze
mitikoa aurkitu dau. Izan be, antzinako GEV taldearen katalogoetan agertzen zan
berau, Betrokolo edo Ondartzako lezia izenaz. GEAC izeneko talde batek
esploratu ei eban lezearen lehen jauzia 1961ean, beste salto bat jaitsi barik
itxita. Horixe zan genduan informazio bakarra. Baina inork ezin izan dau leze
honen ahoa topau ondorengo 52 urteetan.
Harik eta Rober Garayk Gabon Zar egunean haren
bila joateko urteera atondu arte: Mundakako lagun koadrilla bat hartuta, danak
urretxa palu luzeez horniturik, txarakako lekurik zarratuenean eta sasitzarik
handienean sartzeko prest abiatu ziran. Han ziran besteak beste, Jon Fonda,
Mikel eta Peio Landa anaiak, eta Jose Navarro. Peiok esaten eban txikia zanean
ikusita eukala zulo haren sartuera, izan be basoa euren familiarena da-eta.
Gainera, amamak errieta handia egin ei eutsien hara ingurua gehiago ez joateko,
zulo handi haren bildurrez.
Ez zan hau Rober Garayk lezearen bila egiten
eban lehen ahalegina. Hainbat aldiz abiatu izan da kide batzuk zein besteekin
Betrokoloko aldapak, erripak, artadiak eta txarakak arakatzera, baina beti esku
hutsik bueltan. Azkena orain dala urtebete, Iñaki Urrutiaren indikaziñoak
haintzat hartuta txaraka berean aritu ziran, baina ez ebien lezearen susmorik
be barruntau.
Hau zala ta, ADES taldeko kide bat baino
gehiagok alperreko ahalegintzat jo izan dauz Rober-en saioak: “Leze hori
zarratuta dago” edo “leze horren kontua guzurra da” eta antzekoak entzun behar
izan dauz askotan. Baina, azkenean, mendekua hartzeko moduan da.
Izan be, gaur bertan jaitsi dogu lezea Rober
eta biok. Putzu bi dekoz, lehena 25 metro ingurukoa eta bigarrena 22 metro
ingurukoa. Argi dago hauxe dala katalogo zarretan agertuten dan zuloa. Nahiz
eta haizerik ez dan igarten, lezea bentilatuta dago, eta ederra da, hatxa oso
ona anklajeak sartzeko, eta gauza miresgarria gure inguruan: espeleologoa oso
gitxi zikintzen da, lohi eta basa gitxi daukalako. Oso egokia lezeetan ibilteko
praktikak egiteko.
Horixe bada: Betrokoloko lezia ez da asmakizun
bat, benetan existitzen da!!!
1 comentario:
Enhorabuena¡¡Buen redescubrimiento.
Publicar un comentario