2014/02/02

Urregarai-Bedartzandi, 1892ko haitzulo erreferentzia bi

Unai, irakorri testo hau eta apuntau agendan: Txepexabixen galdetu, "Leza-andi" eta "Urzulo". 
 ***


Rafael Murga Mugartegi 1840an jaio zen, Bilbon, eta Gran Canarian hil zen 1905ean. Hala ere, Xemeingo herriarekin lotura estua zuen familia aldetik (bere anaia Jose Maria “El Moro Vizcaino” famatua izan zen). Testu hau irakurri baino ez dago hortaz jabetzeko: bai darabilen euskara jatorra, bai bertan kontatzen dituen gauzak ere, Artibai ibarrean ondo sustraitutako pertsona zela adierazten dute.

Idazki honen muina Arretxinagako eliza megalitikoa gorestea bada ere, idazleak aipatzen du XIX gizaldi amaieran oraindik kristautasunak aurreko sinismena guztiz ezabatu barik zuela, Erdotza eta Amalloko iratxoak horren lekuko; zeharka aipatutako datua izan arren (baita ausarki aipatua, orduko euskal gizartean) datu etnografiko garrantzitsua nire ustez. Hori gutxi balitz, Murgak megalitoen jatorri miragarria zalantzan jartzen du, Arretxinagako abadearen beraren iritziaren aurka. Ezagun da bere kasa pentsatzeko zalea zela...


Bidarte dorrea (Xemein), Murgatarren jatorrizko etxea. Argazkia: Indalecio Ojanguren.

 Kuriositate biografiko modura, jakin dezagun Murga militarra izan zela ogibidez; Bigarren Karlistadako borroketan nabarmendu zen, liberalen aldetik. 1892 eta 1895 artean Euskal-Erria aldizkariarekin kolaboratu zuen, eta 1900 urtean, Armada Espainiarreko jeneral zelarik, Hitztegi heuskara Frantziako eta Espainako erderatarát itzulija argitaratzen hasi zuen Baionan, Jean Baptiste Darricarrere muga-kapitainarekin batera (1).

 
J. B. Darricarrere (Uztaritze, 1845-1928). Linguistika-fikzioan hasi bazen ere, gerora hizkuntzalaritza serioan arituko zen (2).

Gainera, ADES-eko espeleologoen interesa piztuko duten hainbat aipu egiten dira, hain zuzen ere Urregarai-Bedartzandiko haitzuloen katalogoa eguneratzen murgilduta gauden honetan:

  • Txepetxabixe baserrikoekin egon behar garela argi dago. Markina-Xemeingo informatzaileek behin eta berriro aipatu digute basoa inork baino hobeto ezagutzen dutela, leize eta kobak barne, eta testu hau irakurrita, ezagun da jakituria hori aspaldikoa dutela.
  • Leza-andi izenekoan, sorginak eta inguruan oso ugaria ez den zuhaitz bat ei daude. Datu hauekin erraz aurkitzeko modukoa!
  • Urzuloan, maitagarriak gaztaina eta gerezi-arbolen artean bizi omen dira. Koba usaina hemen ere!
  • Ugarte Abeletxen ere kondaira ugari aurkitu zituen Murgak. Baita guk ere, bertakoek hango haitzulo ezkutuari buruz informazioa eman zigutenean!



Beste barik, irakur ezazue bada testu eder hau.


Jatorrizko dokumentua:
·         MURGA MUGARTEGI, Rafael. 1892. Arrechinaga. Euskal-Erria Revista Bascongada XXVI:19-21. Donostia.

Dijitalizazioa:
·        Sancho el Sabio Fundazioa 2011. http://hdl.handle.net/10357/2813

Aipuak:
(1)   Murga Mugartegi, Rafael. Auñamendi Eusko Entziklopedia. http://www.euskomedia.org/aunamendi/83233
(2)   Darricarrere, Jean Baptiste. Auñamendi Eusko Entziklopedia.  http://www.euskomedia.org/aunamendi/26732


1 comentario:

AlozakoZulu (Unai) dijo...

Ostra Oier! Oso lan ona. Etnografo fenomenu za. Zer iritzi dotzazu egun baten igotzen bagara Txepetxabixera zeu, neu ta zeure grabadora? Astegun bat be izan leike, arratzaldeko 3etatik aurrera bada...